Uztaileko gau batean telebistako kateak dantzan nituela, The first great train robbery (Lehenbiziko tren lapurreta handia) filmarekin egin nuen topo. Zer pelikula zen jabetu orduko, urrutiko agintearen botoietatik aldendu nuen hatza. Filma hasia zen ordurako, baina puntu interesgarrienetakoan harrapatu nuen, zorionez. Aurrez ikusi gabea nintzen baina istorioaz banekien zertxobait, gaztetxotan behin baino gehiagotan irakurri bainuen Michael Crichtonen eleberria. Liburuaren egileak berak idatzi zuen filmaren gidoia eta baita zuzendu ere.Arreta handiz eta gogotsu ikusi nuen amaierara arte, nire memoria lausoak ikusten ari nintzenarekin bat egiten ote zuen jakiteko batetik eta, bestetik, liburutik filmera zenbateko aldea ote zegoen jakin-minez. Nahiko fidela iruditu zitzaidan, gogoan nuenarekin alderatuta, eta irribarrea atera zitzaidan hainbat xehetasun oroitzapenetan berpizten ari ziren heinean. Gozatzen nuen liburua irakurtzen eta pelikulaz ere bai, egia esan; tamalez, labur samarra iruditu zitzaidan, osorik ikusi ez nuelako eta ikus-entzunezkoetan liburuan adina kontu jasotzerik izaten ez delako ere bai, ziur asko.
Liburua berriz irakurtzeko gogoa piztu zait; gaizkileak miretsi, ezusteko trabak eta tentsioa gainditu, eta bidaide dituzun pertsonaiak garaile eta zigorgabe ateratzeko esperantzari eutsi. Ziur nago oraingoan ezberdina izango litzatekeela irakurketa, hitz guztiak berak eta ordena berean izanik ere. Ni neu dezente zaharragoa izaki, ziur naiz lehen erreparatu gabeko xehetasunen batzuez jabetuko nintzatekeela, agian zuloak edo korapiloak topatuko nizkiokeela edota beste zerbait jasoko nukeela. Hori bai, seguru nago ikusitakoak nire irudimenean eragingo lukeela. Ez dakit zer irudikatuko nuen bere garaian hitz horiek irakurtzerakoan, baina orain aurpegi definitua eta jakina izango luke Edward Piercen pertsonaiak, Sean Conneryrena hain zuzen ere. Gauza bera gertatuko litzateke gainerako pertsonaiekin, nagusiekin behintzat, eta paisaiak eta gainerakoak ere baldintzatuko lituzke.