241 hileko emakumetu gabe

Oroitzapenek huts egiten ez badidate, hilabete honetan 20 urte bete dira lehen hilekoa izan nuenetik. Biderketa egin, eta igaro berri den odol-aldiarekin 241 aldiz gelditu dira obuluak ernaldu gabe eta, ondorioz, umetokian biltzen den odolezko mukosa kanporatu dut. Hainbeste obulu geratu dira bikotekiderik gabe, ezen honezkero ospe txarra izango duen nire obulutegiak. Laster erromesaldian joango dira obuluak Urkiolako santutegira, harriari buelta batzuk ematera.

Urtemuga honekin batera izan dut irakurgai Sonia Gonzalezen Erreka haizea liburua. Hilekoari buruzko testu hau idatzi du Gonzalezek eta, ezinbestean, gai honi buruz pentsatzeko tartea hartu dut. Gogoan dut goizean jaiki, komunera joan eta lehen odol-jario harekin sentitu nuen izua. Gertaera hark poz bakarra eman zidan: nire hazkuntza goiztiarra kontrolatzen ari zen endrokinologoarenera berriz joan beharrik ez nuela izango jabetzea.

Ez dut gogoan ezohiko gertaera hura lagunen artean partekatu genuenik, ez nire txanda izan zenean, ez besteena;  isilpean mantendu beharrekoa irudituko zitzaigun, antza. Zaila izaten da nerabezaroan gorputzak izaten dituen aldaketez eta erreakzioez hitz egitea. Badirudi zertxobait aldatzen ari dela belaunaldi berrien artean, eta ea irekidura horrek jarraitzen duen.

Geroztik, nik neuk bezala, hilerokoak ere aldaketak izan ditu, modu ezberdinean aurkeztu baita: irregularra edo erloju suitzarren puntualtasunekoa, jario handiagokoa edo urriagokoa, iraupen luze edo motzagokoa, botaka egin arte uxatu ez den mina sorrarazten duena, min-zirririk gabe igarotakoa, brastakoan jariatu duena edo bare-bare, buruko mina sorrarazi duena, nahi nuen unean iritsi dena edo momenturik okerrenean, prest harrapatu nauena edo ustekabean…Era guztietakoak izan dira eta orotariko aldarteetan harrapatu nautenak, eta baita gorputzaldia eta umorea aldarazi didatenak ere.

Baina sekula ez dit hutsik egin. Hori aitortu beharra daukat. Nirekiko leiala izan da oso. Eta horrek poztu eta goibeldu egin nau, biak batera. Poztu egin nau osasun arazoren baten seinale izan zitekeelako huts egitea, eta baita planifikatu gabeko haurdunaldirik ekarri ez didalako ere. Hala ere, zenbatetan bizi izan dudan karga modura; aitortu beharra daukat, erosoago eta askeago sentitzen naizela odolaz arduratu beharrik ez dudanean. Garrantzitsua iruditzen zait norbere gorputzarekin eta hilekoarekin harreman osasuntsua izatea eta ahalik eta modu baikorrenean kudeatzea hileroko bisita baina, era berean, hainbeste iragarki inuzente eta mezu positibo ikusten ditudanean, harramazka egiteko gogoa pizten zait.

Argi dago gaiaz hitz egin behar dugula, normalizatu, eta ez genukeela hilerokoarekin gauden bakoitzean tanpoia, konpresa, kopa edo dena delakoa kontrabandoko materiala balitz bezala ezkutatu beharko. (Bide batez, ez galdu Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen ‘Bakean dagoena, bakean utzi‘ bakarrizketa, gai honi buruzko kontuak, eta bestelakoak, umorez kontatuak). Ez genuke zikin sentitu beharko, deseroso edota ezgauza. Era berean, eragin egiten digu, ordea, eta eskubide osoa dugu minarengatik egitekoan kontzentratu ezin dugula esateko, aztoratzeko edota kokoteraino gaudela sentitzeko. Indartsuago gaudenean indartsu eta ahulago gaudenean ahul; bizitzako beste edozein egunetan bezala: oso alai, alai, ez hain alai, triste, oso triste edo guztiak batera 24 orduren barruan.

Sare sozialetan proposamen umoretsu bat irakurri nuen behin;  hilekoaren ordez, mugikorrera mezu bat iritsi beharko litzaigukeela zioen: “zorionak, ez zaude haurdun. Hilabete ona izan!”. Esan beharrik ez da, umea izateko saiakeran, eta batez ere ezinean, ari direnentzat ezin krudelagoa litzatekeela baina familia-esperoan egon nahi ez dugun askok proposamen honen alde bozkatuko genuke, ziur asko. Jakina, badu bere funtzioa eta ez diot nik meriturik kenduko hilekoari baina utziguzue pixka bat kexatzen behintzat. Hori besterik ez zaigu geratzen. Menopausia iristen zaigunean, beste aje batzuk izango ditugu eta kexatuko gara berriz.

20 urte igaro dira, bai, 12 urteko neskatoa bat-batean emakume bilakatu zenetik. Hori esan ohi da, ezta? Ez dakit nik emakumetzeak zer zerikusi duen odol-jarioarekin…Odolarekin baino, ernaltzeko izan dezakeen gaitasunarekin lotzen da beharbada. Hori baita emakumearen funtzioa, antza, umeak izatea. Hortaz, ni ez nintzateke berez emakume oso-osoa, hogei urte pasatu eta gero ere. Ala bai? Ume batek ‘señora’ deitu zidan orain dela urte batzuk eta uste izan nuen une horretan bilakatu nintzela emakume. Ziur asko, hain gazte ez naizen seinale argia besterik ez zen izan.

Eta noiz utziko diot neska izateari emakume bihurtzeko? Kontzeptu lausoak iruditzen zaizkit neska edo emakume izendapenak, ez baitakit zer dagoen horien atzean. Beraz, hobe izango dugu hilekoarekin emakumetzearen teoria hori bazterrean uztea. Eta are eta zentzugabeagoa iruditzen zait gaur egun, behingoz jabetzen hasi garenean hilekoa duten mutilak eta sekula hilekorik izango ez duten neskak daudela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude