Hileko artxiboak: azaroa 2019

Txarrenari onena

<<Txarrenari onena atera diozu>>, idatzi zuen Jon Maiak Aurrera Altsasu! kantuan. Horretan saiatu naiz ni ere azken egunotan, Berri Txarrak taldearen eten mugagabearen atarian. Badakigu ostiral eta larunbateko Iruñeko bi zuzeneko emanaldiak azkenak izan daitezkeela, eta zaleok dolu prozesuan murgilduta gaude geldialdiarena jakinarazi zutenetik. Iruñeko kontzertuetarako sarrerarik gabe geratu garenok, gainera, aho zapore mikatzagoa dugu.

Zaila da geure bizitzako parte izan den taldeari agur esatea baina beraiek egin dutena egitea dagokigu orain: txarrenari onena atera. Izan ere, hasierako laukoteak izen hori aukeratu bazuen ere, euskal musikan eta kulturgintzan izan dugun albisterik onenetakoen artean izan da 25 urtez. Zintzoa izatekotan, beste izen ugari ere aipatu beharko genituzke, noski, beraiekin batera, baina 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera jaio ginenok, batzuk bederen, pubertaro, nerabezaro eta gaztaroan euren eskutik helduta egin dugu bidea. Euren kontzertuetako oroitzapenez gain, euren abestiekin loturiko bizipenak ditugu, abesti jakin horiek entzun orduko berritzen zaizkigunak.

Musika buruaskia da guztiz baina, niretzat behintzat, ez da ahalmen handiko doinuak letra esanguratsuekin uztartzearen pareko sinbiosirik, eta horretan trebezia handia erakutsi du Gorka Urbizuk, azken diskoetan batez ere. Letrak idazteko euskara hautatu izana edo euskarak eurak aukeratu eta bestelako biderik hartu ez izana, naturalena den arren, eskertzekoa ere bada, sarri bestelako hautuak egitea samurragoa izan daitekeela jakinda. Sed Lex abestian dioten bezala, hizkuntza garrantzitsua baita, batez ere esateko zerbait dagoenean.

Euren musikarentzat zorionez, baina gizartearentzat tamalez, testu gehienek ez dute gaurkotasunik galdu. Kritika soziala egin dute behin eta berriz, eta hainbat kontu mahai gainean jarri: zapalkuntzak, injustiziak, homofobia, arrazakeria, komunikabideen manipulazioa, matxismoa, kapitalismoa eta abar. Bizitzaren eta gizartearen korapilo asko askatzen edo ikusarazten saiatu dira euren abestietan. Geure amorrua, inpotentzia, frustrazioa edota haserrea oihuka abestuz, saltoka, askatzeko bidea eman digute; hausnartzeko ateak zabaldu dizkigute; emozioekin konektatzen lagundu digute; komunitate baten kide garela sentiarazi…

Jarraitu irakurtzen