ENTZUTEKO MODUKOAK

Gaztezuloko blogera bueltan, musikaren inguruan idaztera ausartu naiz. Azken aldian entzule aktibo moodean nago. Diskak, podcastak, irratia, .mp3 artxiboak, etab. gogo handiz jasotzen ari naiz. Belarriak gorri-gorri ditut, baina soinu eta frekuentzia desberdinak entzuteari esker niretzat deskubrimendu pertsonalak izan diren hainbat album eta talde ekarri dizkizuet.

Hona hemen beraz, uda honetan zehar aurkitu ditudan zenbait diska eta benetan aipatzekoak diren musika talde batzuk:

Tolesdurak (Audience) 

Urteak daramate mota guztietako soinu eta estiloak nahasiz, baina aurten atera berri duten azken diskarekin deskubritu dut Gernikan sortutako talde hau. Tolesdurak da aurkeztu duten azken albumaren izena. Errepertorioa erritmo azkarrekin hasiko da eta trantze lasai fase batetik igaro ondoren, zintzelada country eta rockeroekin amaituko da.

Perfektua eta batzuetan desperfektua entzuteko gai izango zarete ordu oso batean zehar. Audiencen bederatzigarren lana da Tolesdurak albuma, eta bi diskatan dago banatuta haien abesti zaparrada askoz hobe zatikatzeko. Planteatu diguten jolas honetan parte hartzeak merezi du.

Uhin Galduak (Diabolo Kiwi)

Zitokinen Ortzantza singlearekin aurkeztu zuten Donibane Garazikoek Uhin Galduak albuma, eta aluzinatzen utzi gintuzten. Aldaketa nabarmena erakutsi dute azken lan honekin. Soinu desberdinak probatzeari ekin dio laukoteak, eta emaitza ikaragarria lortu dute.

Diskaren portadan eta singlearen bideoklipan erakusten duten bezala, atmosfera futurista edo espazial moduko batean murgiltzen dute entzulea. Leire Iribarneren ahotsak agintzen jarraitzen du funk, rock eta melodia zintzoetan mozketa dantzagarriak sortzen dituztela. Dena kutsu elektroniko batean sartuta, espazioan zehar bidai interesgarri bati ekingo diozue.

Butterfly 3000 (King Gizzard & The Lizard Wizard)

Hemezortzigarren diska aurkeztu du talde australiarrak, eta ohi egiten duten bezala, gauza berriak esperimentatzera joan dira bere profesionaltasunari uko egin gabe. Oraingoan, haien zigilua duten soinu psikodelikoei doinu melodiko bikainak atxikitu dizkiote. Pentsamenduen mundura bete-betean sartzen gara album honetan, gure barne izaerara jotzen dugu Butterfly 3000 diskarekin.

Hilo Negro (Derby Motoreta’s Burrito Kachimba)

Flamenkoa eta rock gogortsua inoiz baino hobeto batzea lortu du Andaluziako talde honek. Hilo Negro haien bigarren albuma da, eta sua dario entzuten den tema bakoitzari. Jesús Garciak ezin hobe azaltzen du Mondo Sonoron diska honen deskripzioa: “Imagina una evolución musculada de Triana, cuyos integrantes fuesen (figuradamente) hasta las cejas, añádele mucha guasa y varios kilos de distorsión, algo de stoner, de rock alternativo, una pizca de electrónica y aderézala con montañas de psicodelia.”

Cure for Pain (Morphine)

Nire inguruko komunitate musikalak talde esanguratsu hau deskubriarazi dit aurten, eta harrituta geratu naiz Morphine, XX. mende amaierako talde estatubatuarrak, ateratzen duen soinu apartarekin. Baxua, bateria eta saxoa besterik ez zuen behar izan hirukote honek jazza, bluesa eta rocka modu paregabean bideratzeko. 1993ko Cure for pain albumarekin konbentzitu naute ni. Morphine taldea ezagutzeko CD ezinhobea.

Welfare Jazz (Viagra Boys)

Welfare Jazz diska talde honi diodan miresgarritasuna dela eta ekarri dizuet. Viagra Boys talde suediarrak aurtengo neguan atera zuen azken album kaotikoa da hau. Estridentziak, saturazioak eta ahots rasgatuak haien nortasun propioa erakusten dute. Garrantzizkoak diren saxoa eta baxuaren lineak ere bai Viagra Boys taldearen dekadentzia bilatuaren sinbolo dira.

Euskadi, Jende Gutxi (Les Mecaniciens)

Bai, album honekin 20 urte egin ditut atzera, baina uda honetan entzun dut lehen aldiz eta aparta iruditu zait. Euskadi, jende gutxi talde honen hirugarren eta azken diska izan zen, 1993an kaleratutakoa.

Les Mecaniciensek badu bere ibilbide berezia, jende eta artista ezagun eta kalitate onekoek parte hartu zuten. Eman ez zaion garrantzi moduko bat euskal musikaren historian agian? Hori bai, ondoren etorriko ziren euskal talde askoren erreferentzia da. Euskarazko jazza eta pop lasaia, Irunen sortutakoa Jabier Muguruzaren gidaritzapean.

KAKA ZAHARRA, OSTIA, JODER!

Munduan 7000 hizkuntza baino gehiago aurki ditzakegu. Txinan 200tik gora, Brasilen 180 inguru, Mexikon 60 bat… Linguista profesionalenek ere ez dakite zehatz mehatz zenbat diren gizartean garatutako mintzairak. Askok antzekotasunak dituzten arren, hizkuntza batzuk besteengandik zeharo desberdinak dira, baina helburu orokor eta berbera dute azken finean: komunikatzea.

Izakiok naturalki ditugun sentimendu, behar edota desio esperoenak ikusarazteko erreminta sozial garrantzitsuena bilakatu da lengoaia. Keinu eta soinuak gure animali senari lotuta dauden bezala, hizkuntzaren garapena eboluzioari lotu dakioken ikasketa funtsezkoa dela esan genezake. Bizirautea eta ugalketa izakion natura izaerari atxikitzen dizkiogun bezala, komunikazioa ere gehitu beharra dago zerrenda horretara.

Hizkuntzaren mundu honetan, non hitzek eta perpausek etorkizuna bideratzeko gaitasuna duten, emozioen erabilera ezinbestekoa da. Zertarako sortu genuen ahozko eta keinuzko komunikazioa bestela? Emozioa adierazteko, emozioa eragiteko. Harluxet entziklopediak honela definitzen digu emozioa: “Une batez eta bat-batean, gizabanakoaren egitura psikofisikoaren oreka aldatzen duen egoera afektiboa.” Oreka aldatzen dugunean, hau da, mendi buelta batean arantza bat oinean sartzen dugunean. Hori da, ziztadaren momentu hori, “hag!”, “kaka”, “ostia” edo “mierda” bezalako hitz bat askatzen dugun une hori.

Bat-bateko emozioak dira birao askatze horiek. Zergatik baina? Zergatik jotzen dugu biraoengana madarikazio une horietan? Biraoak gure barruak husteko eta iraintzeko erabiltzen ditugu. Ohituraz ere bai, euskal kultura-nortasunean batez ere. Minaren aurkako erreakzio gisa erabiltzen dira, emozio adierazpen gorenetan. Min fisikoa izan daiteke, bihotzmina ere bai. Askatu behar dugun momentu hori, zerbait ozen esan, garrasi egin… Hitz gordinena.

Itsusiak dira. Hori txiki-txikitatik dakigu. “Biraorik ez esan redio” zioen ikastolako irakasle majoak. “Palabrotak ez, Mikel” esaten zigun amak etxean. Eta noizean behin, zigortuta aterako ginela jakinda ere, ahotik nahi gabe ateratzen zitzaizkigun. “Kaka!”. Eta zaplazteko on bat. Zartada pasajero bat. Eta zer egingo diogu ba? Une estuetan palabrotak hatz tartetik eskapatzen ziren. Lagun batek makil batekin begian jo edo amorruz negar egin eta “joderka” hastean ginenean.

Debekatutako hitzak zirela esan ziguten, eta urteen poderioz, konturatu gara haien erabilerak garrantzi handia duela, aditzera emateko fundamentalak direla. Gure emozioak bat-batean aireratzen dira, oso modu efizientean komunikatzen dute. Haurrak haien erabileragatik zigortzen ditugu, eta zer nolako hitz indartsuak diren konturatzen dira.

Madarikazioak. Edozein hizkuntzan aurki daitezkeen berba debekatu eta gaiztoak. Mina lausotzeko (eta sortzeko) balio dute eta gainera, behatza mahairen kontra kolpatzen dugunean milisegundu gutxiko efektu plazebo txiki bat eragiteko gai dira, huste momentu hori.

“Kaka zaharra!” esan eta gero gogoratuko naiz hizkuntzaren onuraren garrantziaz. Madarikatu izanak kolpea arindu dit behintzat.

@estomba_m

Eguneko tema –> Best kept secrets Spidergawd


MULTIZEREGINETAN ITOTA

Piztu dut telebista, sofan bota naiz eta katua laztandu nahiko banu bezala, mobila gerri ondoan utzi dut. Pantaila txikian betiko arratsaldeko saio pisutsuak ari dira botatzen eta kasu zipitzik egingo ez dudanez mugikorra hartu dut. Whatsap mezu bat, twitterra eta instagrameko bi argazki txekeatu. Begirada berriz telebistara bota, iragarki petral bat. Mobilera beste behin.

Orain, ordenagailuarekin lan egiten hasi naiz telebista parean. Telebistaz aspertzen naizenean, musika jarriko dut. Portatila izter gainean jarrita dudanean, sare sozialei, korreoari eta notifikazioei ere men egiten diet aldi berean. Gehiegikeria.

Bai, garunera estimulu anitz iristen dira gailu elektronikoz inguruatuta gauden bakoitzean. Neke hori denok nabaritu izan dugu noizbait. Begietan lehortasuna, kasu egiteko ezgaitasuna, burua joaten zaigunaren sentsazioa… Oso multitasker gaude azken aldian. Bueltatu gaitezen lurrera. Ez gara kapazak zortzimila gauza aldi berean egiteko, gu ez gara robotak.

Denok jarri dugu praktikan noizbait. Zeregin konkretu bat egin (telebista ikusi, liburu bat irakurri edota eleberri bat idatzi), eta bigarren planoko beste estimulu batekin jolasean hasi (mugikorrarekin seguraski). Sare sozialen eta korreoaren notifikazioetara joateak ikusmina eragiten digu. Garunak tilin egiten digu mezu bat jasotzen dugun bakoitzean, eta konturatu baino lehen mobila desblokeatu dugu. Momentuan, pentsatu dezakegu pelikula erraz jarraitu dezakegula mezuak erantzuten ditugun bitartean, baina ez da horrela.

Mendekotasuna da. Biziatu batzuk gara, eta horregatik zeregin garrantzitsuen eta bestelako aisialdi lanen artean bereizten hasi beharko ginateke berriz ere. Atseden atsedentsu gehiago hartu behar ditugu, mobilik gabe kalera irten edo gailu elektronikoak denbora batez itzali filmari arreta guztia eskaintzeko.

Garunak eskertuko digu.

@estomba_m

Eguneko tema –> The Jon Spencer Blues Explosion – Bellbottoms

ZAINDU

Kurtso berri bat begibistan. Ezjakintasunaren lanbroa noiz altxatuko den zain, laino artean tiraka jarraitu beharko dugula dirudi. Bitartean, egunkarietako berriek, interneteko sare ez-fisikoek eta new ciber digital mediako tendentziek, berdintsu jarraitzen dute Covid-19aren izenenondoa bizkarrean itsatsita dutela.

Ireki beharko dira eskolak, unibertsitateak eta lantegiak, baina nola? Horra hor galdera nagusia.

Datozen egunetan erantzunak ematen arituko dira. Erantzun abstraktuak, zehatzak ez diren horiek. Kontraesanek goranzko tendentzian jarraituko dute: “Erretzea bai/Erretzea ez. Distantzia metro bat/Distantzia metro hiru. Maskarilla Z5/Maskarilla L4…”

Oso ezegonkorra da dena. Egun on. Bizi garen gizarte honetan agintzen duenak ez daki non dagoen ere. Agintzen ez duenaren seinale. Ba orduan kezkatu gaitezken gu, gureaz. Zer egingo dugu hemendik aurrera, non, norekin eta zer kondiziotan. Hortik abiatuta, ikusiko dugu nola transformatzen den ingurua. Ez ditzagun gure lehentasunak ahaztu, zaindu ditzagun gertukoak eta ingurumena.

@estomba_m

Loaurrekoak

Lo sakona hartu aurretik, pentsamendu nahasi ugari izaten ditut beti buruan. Ez naiz segituan lokartzera ohituta dagoen den horietako bat. Ohera sartu eta begiak itxi ostean, minutu asko pasatzen ditut bueltak ematen, bi zentzutan: postura erosoa bilatzen eta burmuineko ideia zoroak baretu nahian. Buelta ta buelta, atzo ipuin bat bururatu zitzaidan.

Herensuge handi bat imaginatu nuen. Hegan zebilen zeruan, hodei artean. Nire protagonistak arazo bat zuen baina. Denok dakigun bezala, herensugeek petrolioa edaten dute ondoren ahotik sua bota ahal izateko. Baina, gure herensuge honek ez zuen petrolioa gustoko eta ura nahiago zuen. Beste dragoiek barre egiten zuten, gure laguna sua ateratzeko ez zelako gai eta bere egarria urarekin asetzen zuelako. Hala ere, hainbeste ur edateak bazuen bere saria. Sugarra eragin ordez, izotza bota zezakeen. Izotzgarra deitu genioke fenomeno honi. Beste herensuge gaizkile baten aurka borrokatzen imaginatu nuen gure dragoia. Sugarra, izotzagarraren kontra. Etsaiaren sua izozten zuen. Bataila epiko bat izan zen buruak ilustratu zidana.

Hortxe amaitu zen ipuina. Sakonki pentsatu dut gaur pasadizo motz horren inguruan. Agian ipuina ordez, alegia bat izan zitekeen. Baina ez diot irakaspen edo moralejarik aurkitu. Ikuspegi ekologista batetik irakur daiteke. Erregai fosilen aurkakoa, energia berriztagarrien alde egiten duena. Ahula edo desberdina denari normalean izaten zaion mesfidantza ere agerian geratzen da alegian. Nola azkenean bere ahulezia zena, indargune bilakatzen duen, haiengan barre egiten zuten horiek izoztuz.

Bat-bateko eta nahigabeko ametsetako narrazio labur horrek mezu eta esanahiak bazituen. Nire ipuina gustatu zait. Alegia sortzaile bezala gustatu naiz. Lo hartu aurretik ditugun trantze une horiek uste baino gehiago balio dute. Ez da mindfullness delakoa, beste praktika atsegin bat da. Loaurreko harrikadak. Gomendagarria oso. Hor egon daitezke ideia onenak. Apuntatu itzazue. Atera zukua zuen amets, burutazio eta ideia zoro guztiei.

@estomba_m

Eguneko tema –> Dobranotch – Du Hast (Rammstein cover)

Neonormalak

Euskal Herria. 2020ko maiatza. Udaberria. Iberiar penintsula. Europako kontinentea. Ipar hemisferioa. Lur planeta.

Mutazio bat pairatu dugu eguzki sistemako hirugarren planeta gobernantzen dugun espeziekoek. Ikusezina den izaki batek eraso egin digu. Kolpeak ez du bat-bateko inpakturik izan, baina erasoa oso eraginkorra izan da populazioaren zati handi batentzat, eta epe luzera ondorio larriak ekarri ditu.

Espezie sasi-ezezagun honek hankazgora jarri du gure biziraute globalaren kontrola. Giza espeziearen soberanoak saturatutak daude, eta haienpean dauden beste gizaki guztiak beraien gordelekuetan metatzera behartu dituzte.

Mendeetan zehar konkistatu diren lurrak arriskuan daude orain. Pertsonek lurrazalean egiten zituzten ohiko mugimendu eta fluxua bertan behera geratu dira. Kontrol-sistemak zorroztu eta indartu dira jasaten ari garen mehatxu honen aurrean.

Badirudi, nahasmen honen aurrean, egoera lausotzea dela helburu nagusia. Pixkanaka, beti egin izan den bezala, etsaia inteligentziaz ezabatzea. Horretarako, bere erasoetara moldatu behar gara, defentsiban jokatuko dugu prestatzen ari den arma berria prest egon arte. Orduan jokatuko dugu erasoan. Baina bitartean, dena normal mantentzen ari denaren isla egingo dugu.

Kaletik indibidualki, disimuluz, lasai ibili behar gara ordutegi batzuen barruan. Agurrak buruarekin eta urrunetik egin behar dira, inor besarkatu gabe. Eskailerak erabili igogailua hartu ordez (botoia sakatzea ekiditeko). Taldeko kirola modu birtualean egin, ez fisikoki. Poliziak geratu egiten bazaitu liburu bat edo sagar bat erostera zoazela esan. Horrelako gauzak egin.

Batere erasokorra ez zen millennial horietako bat banintzen atzo, orain neonormala izanik ez dut jakingo matxinatze kontzeptuaren esanahia zein den ere. Etsaia ikusezina dela diote. Ze txantxa mota da hori?

@estomba_m

Eguneko tema –> Coogans Bluff – Where No Man Has Gone Before

Marmolezko santutegiak

Etxe barruan entzerratuta egotearen efektua da. Espazioa murriztu zaigu eta etxeko guneak denbora gehiagoz maizten ditugu. Egongelan, sukaldean eta gelan gaude behin eta berriz ohiko mugimendu berdinak egiten. Berriz ere bertan gaudela ohartzen gara ingurura (paretetara) begiratzen dugun bakoitzean. Komunean batez ere.

Gertatu zait. Komunera sartu eta, “jope, berriz hemen” pentsatzea. “Zenbat aldiz etorri naiz gaur komunera?” Eta ez da komunei fobia dietelako, baizik eta ohituta ez nagoelako komun berbera behin eta berriz bi hilabete osoz bisitatzeaz.

Txikia nintzenean ohitura bitxi bat nuen. Oporretan bisitatzen nituen etxe, ostatu edota aterpe berrietako komunak kuxkuxeatzea gogoko nuen. Munduko pertsona gehienak bezala komun desberdin ugari ezagutu izan ditut nire bizitzan zehar: txikiak, handiak, monumentalak, nazkagarriak, deserosoak… Aukera sorta zabala aurki daiteke komunen munduan sartu ezkero, eta mila sailkapen egin daitezke edozein parametro hartuta (kolorea, zabalera, itxura, dekorazioa…)

Twitterren, komunen aniztasun hau argazkiekin erakusten duen kontu interesgarri bat aurkitu nuen behin. Bertan ikusi daitezkeen argazkiak inoiz ezagutu ez ditudan komunik kuriosoenak erakusten dituzte (kontutan hartu fake profil bat dela). Irudi batzuek erabateko repultsibitatea sortzen duten bitartean, beste batzuek ezjakintasun infinitoa eragiten dute.

Argi dago komunak mundu bat direla. Denbora eta espazio desberdinetan agertzen zaizkigun toki sakratuak. Giza gorputzak izugarri eskertzen dituen gune erabakigarriak. Gizarteak mendeetan eman duen asmakizunik gorenetarikoa. Zorionekoak gu etxean marmolezko espazio horiek baditugu.

Osasungintzan, hezkuntzan, komunikabideetan… Publikoa eta pribatua denaren arteko banaketa hori ikusteaz ohitu gara. Komunekin gauza bera gertatzen da. Ez da gauza bera WC publikoak erabiltzea edo komun pribatu batera sartzeko pribilegioa izatea. Hala ere, bietan gertakizun magikoak sortu daitezke. Nik esaterako, etxeko komuneko dutxan konposatu izan ditut abesti dexente. Beste batzuek seguraski, komun publikoak erabili izan dituzte noizbait txortan egiteko. Sorkuntza eta esperimentaziorako gune idealak bilakatu daitezke bainugelak.

Dutxan, tazan eserita, ispilu parean orrazten… Geldiune eta hausnarketa sakonak egin ditugu noizbait. Komunetan giltzaperatuak egon edo egongo bagara inoiz, panikoa saihestu eta aprobetxatu egoerari abantaila ateratzeko. Ez ditzagun gutxietxi. Orain inoiz baino gehiago zaindu bertako distira, usain ona eta baldosa zurien isla. Marmolezko santutegiak dira.

@estomba_m

Eguneko tema –> King Gizzard & The Lizard Wizard – Muddy Water

Indoor errutinaren nahasmena

Blokeo mentala bidailagun min izan dugu askok aste hauetan zehar

Liburu bat hartu berri, eta berrogei orrietara laga. Hautsez betetako aldizkari bat berrirakurtzen saiatu, eta titularretik ezin pasa. Metraje erdian utzitako film bat berreskuratu, eta klimaxera ailegatu baino lehen lo geratu.

Ongi etorri konfinamenduaren seigarren astera (seigarren, zifra altu bat idaztearren, zehazki ez dakidalako zenbatgarrenean gauden). Bi hilabete gazteagoa nintzeko prokrastinatzeko gaitasuna erabat galdu dut, okerrerako. Ez dut honekin esan nahi egoera latza bizitzen ari naizenik. Ezta gutxiagorik ere. Egia esan, inoiz baino lasaiago bizi naiz egun hauetan. Ez dut lan egin beharrik eta etxeko eginkizunetaz gain zeregin zehatzik ez dut.

Burua, burbuina edo neuronak erabat desesperatu zaizkit ordea. Errutina guztiz lautu da. Laua bilakatu da egunerokotasuna. Denboraren linealtasuna inoiz baino bisualagoa da orain, eta horrek ez dit onik egiten. Orduak agertu eta desagertu egiten dira, minutuak istante bilakatu daitezke eta hamabostaldiak besterik gabe luzatu eta iragazten ari dira.

Aholku asko entzun ditut alarma egoera ezarri zutenetik: egutegi txukun bat osatu, ordutegia ondo sailkatu, kirola egin, pantailetatik noizean behin aldendu… Aholkuen porrusalda bat osatu eta etxe barruko bizimodua nire erara antolatzeari ekin nion lehenenego astean. Baina puntu batera ailegatu naiz non nahasmena egonkortzen hasi den. Ez dut ozenki inoiz esaten, baina fondoan, badakit atzerakontu batean ari den erloju elektroniko memorial bat daukadala, ea noiz askatuko. Atzerakontu faltsua.

Badakigu gero etorriko dena ez dela bizimodu normala izango eta traba eta muga askorekin aurkituko garela kalean.  Etorkizuneko begirada desegonkor honek nahasmen eta ezinegon handia sortzen du nire buruan. Ez dakit biharko egunean norantza ahalko ditudan pausuak eman. Ziurgabetasun honekin indoor errutina jarraitzea geroz eta irrealagoa egiten ari zait. Ea kirola edo mendira joateko aukera izaten dugun datozen egunetan, gure gorputzek eta buruek ziur eskertuko dutela biharko errutina berria administratzeko.

@estomba_m

Eguneko tema –> Fleetwood Mac, The Chain