2018an bizitza salbatu dizkidaten 5 abestiak

Pop musika agorrezina da. Mundua bukatu daiteke, baina ziur nago amaituko ez den gauza bakarra abestiak izango direla. Kobazuloetan animaliak marraztu aurretik, gizakiak erritmo eta doinuak sortzeko gaitasuna izan zuen, beraz, Big Bang #2 agurtzera etortzen bada, galaxia paralelo batean martetarrak egongo dira Strawberry Fields Forever abesten.

Pop musika ez da desagertuko. Ez, ez eta ez. Goenkale da.

Egunero, nonahi, 3, 4 edo 5 minututan kondentsatzen diren doinu eta akordeak ari dira sortzen. Gure arima behin eta berriro haizeberrituz. Iturriko ur gardenez betetzen. Zelai berdearen berdetasunaren artean bitxilore eta tulipen ñabardura koloretsuak bailiran. Pop musika kultura baxuaren zakuan sartzen den bakoitzean haserretu egiten naiz. Baxua? Bigarren mailakoa? Nola izan daiteke baxua milioika pertsonen bihotzak astintzeko gai den edozer? Baxua da zoriontasuna bermatzen duen abestia? Bakardadean konpainia egiteko tresnarik ERANGIKORRENA den hura?

Musika, oro har, eta pop musika bereziki, maitatzeko eta negar egiteko eta bizirik gaudela adierazteko sortu da. E! Entzun itzazu David Bowie, Marvin Gay, The Jam edo Mystic Braves taldeak eta mundua beste begiekin ikusiko duzu. James Rhodes-ek arrazoia zuen: abestiek bizitza salbatzeko gaitasuna dute. Behin eta berriro. Amildegiaren ertzean kokatu eta zast! Abesti bakar batek eskua luzatu eta atzeraka erakartzen zaitu. Honen froga ukaezina 2018an argitaratu diren bost abesti hauek dira:

NATHANIEL RATELIFF & THE NIGHT SWEATS
Oraingoan bai: Estatubatuarren lan berria Etrusco baloia baino borobilagoa da. Hitz garratzak eta ederrak. Benetakoak. Soul musikaren zintzotasuna. Abesti guztien artean Hey Mamma-rekin bihotza zurbildu egiten zait.


KING TUFF

“No reason to be alive at all / as far as I can tell” abesten du Kyle Thomasek. Depresio luze eta sakona gainditu ondoren, glam-rock musika albo batean utzi eta sintetizadorez, pianoz eta makina bat instrumentuz apaindu du disko berria. Berpizkunde musikal eta pertsonala.



THE LIMIÑANAS

Aurten gehien gustatu zaidan kontzertua The Limiñanas bikote frantsesarena izan zen Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean. 200 bat lagun bildu ginen bertan, baina hedapen eta aitormen handiagoa merezi dute. Klasea barra-barra, savoir faire eta giro hipnotikoa. Iluntasunean argitzen duen abestia da Shadow People.

LEVITATION ROOM
The Allah-Las kaliforniarren eskolakoak, ezin da hiru minutu baino gutxiagoetan 60ko hamarkadako pop psikodelikoa hobe laburbildu. Aitzinako ekoizpena, bale, baina burmuinean itsatsita BETI geratuko dena. Tomorrow Never Knows-en semea.



LOS HERMANOS CUBERO

%100 disko terapeutikoa da. 2016an minbizi madarikatuak Quique Cubero-ren emaztea, Olga, eraman zuen. Omenaldi eder eta handia. Benetako maitasuna zer den erakusten duena. Boleroak, Ipar Amerikako folka, bluegrass-a, musika aitorleku gisa… Edozein abesti aukeratu nezake eta nire bizitza salbatuko luke.

Quique dibuja la tristeza by Los Hermanos Cubero

Patxangarik ez, eskerrik asko

 

Izeba Rositak 70 urte ditu eta Bartzelonan bizi da. Euskaldun eta euskaltzale aktibista, neskalagun berria aurkezten diozunean euskara badakien galdetzen duen horietakoa da. Ziur nago ea bihotz oneko neskatxa den jakin nahi duela, baina ateratzen zaion lehenengo edo bigarren galdera hori izaten da. Ez du intentzio maltzurrik. Barrutik ateratzen zaiona da; uler dezazun, bere eskema mentalean tresna baten erresorte automatikoa aktibatzen zaio.

Eskema mental honek arriskuak izan ditzake. Rositak Despacito abestiaren euskarazko bertsioa lehenengo aldiz entzun zuenean -Larruren Pixkanaka– pozez zoratzen zegoen. Telefonoz deitu zidan bere aurkikuntza kontatzeko. “Oso polita da! Pila bat gustatzen zait”. Mutu geratu nintzen. Pentsakor. Izebarentzat Luis Fonsi espazioko gerlaria balitz, Goku izango litzateke eta Larru, aldiz, giharrak estu eta ilea hori dituen Vegeta.

Niri auzo-lotsa eragiten dit.

Nire osasun musikala zaintzen saiatzen naiz. Eguberrian entzun nuen lehen aldiz Huntzaren Aldapan gora kanta. Kasu honetan nire amak ohartarazi ninduen bazter guztietan euskal musika astindu duen doinuaz. Bere eskolan -irakaslea da- maiz entzuten dutela esan zidan. Nire familia, euskal patxangaren abangoardia.

Patxanga eta Los 40 Principalesen jarri ohi duten musika low-costa (norberak ipini diezaion nahi duen etiketa) Hego Amerikan eta Espainian lantzen den estilo parranderoarekin erlazionatzeko joera dugu. Kontuz, ez dugu hain urruti joan behar. Triki-pop, sasi-ska eta elektro-txarangaren herrian hamaika adibide ditugu: Alaitz eta Maider, Gatibu, Hemendik At, Maixa eta Ixiar, ZeEsatek!, Betagarri, Skakeitan, En tol Sarmiento… Egia da euren letrek ez dutela matxismo kiratsik; askotan balore ezkertiar eta unibertsalak bultzatzen dituzte, baina imajinario kolektiboan jasota geratzen diren metaforak kezkagarriak dira. Esaterako, txozna batean Alaitz eta Maiderren “otsoaren suizidioa eta txanogorritxuren dibortzioa”ren zatia iristen den bakoitzeko Jainkoak katutxo bat akabatu egiten du.

Gaur egun harrigarria iruditzen bazaigu ere, 90eko hamarkadan Oiartzungo festetako autotxokeetan musika euskalduna pintxatzera behartzen zuen HBko udaletxeak. Suposatzen da euskara bultzatzeko estrategiaren bat izango zela. Estrategia traketsa, hain zuzen ere. Ez dugu gaztelania, ingelesa eta gainontzeko hizkuntz kolonialistarik nahi gure festetako barraketan. Hobe Andoaingo Kilometroak 90eko sintonia buklean entzuten badugu euskara bermatzeko. Termometroa musika bera izan beharrean, hizkuntza da. Epaile batek Kilometroak izan dituen sintonia gehienak aztertuko balitu, gustu ezaren delitua leporatzeko eskubidea emango nioke.

Ez dut oraindik Ion Andoni del Amo-ren Party & Borroka liburua irakurri. Egiteke dauden gauzen karpetan jaso dut, baina kriston itxura du. Euskal Herriko historiako azken 60 urteetan mugimendu sozialek eta musikak izan zituzten loturak eta eraginak aztertzen ditu liburu horretan. Doktore tesian landu zuen hasiera batean eta, ondoren, Txalaparta editorialaren eskutik plazaratu du bertsio laburrago bat. Elkarrizketa honetan dio hobe dela Esne Beltzaren patxanga erreibindikatiboa entzutea Pitbullen musika matxiruloa baino. Argudioa hori bada, ados. Baina honek ez du esan nahi Esne Beltza bezalako proposamenak derrigorrez bultzatu behar direnik, soilik, euskaraz direlako. Hizkuntza batek ez du kalitate labelik banatzen. Gutxienekoa da. Beraz, hobe Esne Beltza Pitbull baino, bai, baina askoz hobe low-cost gabeko mundu batean biziko bagina.

Kontzertuak ez dira ghetto linguistikoak

Amorante, Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Mursego, Wilco, Rosalía, Bombino… Musika ederra lantzeaz gain, zer dute amankomunean? Zein da beraien lotura ikustezina? Zergatik sartu ditut zaku berberean?

Musikaren lengoai unibertsalaren zaindariak direlako. Haien hizkuntza bestelakoa da, bakarra, MUSIKA da. Kitto.

Donostian- eta esango nuke, Euskal Herri osoan- publikoaren aurreiritzi linguistikoak suntsitu dituzten artista handiak dira. Beraien kontzerturen batean egon bazara ohartuko zinen jende erdalduna, euskalduna eta Iparraldeko jendearekin topo egiteko aukera izan duzula. Hau ez da beti pasatzen. Oraindik -gero eta gutxiago, zorionez- kontzertuak ghetto linguistikoak izan daitezke. Talde euskaldunak ikusle euskaldunekin, talde erdaldunak ikusle erdaldunekin, eta horrela. Entzulearen aurreiritzi, filia eta fobiek indarra izaten jarraitzen dute.

Musikan, hizkuntza bigarren plano batean jartzea ez da lan makala. Norberak bere lehentasunak, ohiturak eta gustuak ditu. Musikazalea bazara, baliteke gaztaroan dastatu zenuen musikak markatuko izana; nire kasuan 15 urterekin (1996) Britpop-a irensten nuen Tragabolas jolasa bailitzan. Estatu Batuetako indie-rocka (Dinosaur Jr., Eels, Pavement, Sebadoh) ere gustokoa nuen eta Los Planetasen “Pop” diskarekin maitemindu nintzen. Garai hartan ez nuen apenas musika euskaldunik entzuten. Orohar, Euskadi Gazteko talde euskaldunek pixkat “meh” iruditzen zitzaizkidan. Esaldi batean esplikatuko dut: Oasis-en “Champagne Supernova”-k sortzen zidan zirrarak ez nuen beste inon topatzen.

Oker nenbilen? Seguraski. 21 urte igaro dira. Nire bihotz musikala ingelesez hornitua dago, zeurea euskaraz, erderaz edo frantsesez egon daitekeen bezala. Bost axola. Ala ez. Hizkuntza ezkutuko gotorlekua uste baduzu, Berrio, Irazoki eta konpainiari giltzak eskatu.

Fermin Muguruza bizirik dago

 

 

Batzuk kalamar bokadiloak deskubritzen dituzte Madrilen; nik aldiz, insomnioa. Loa ez dela gauza perfektu bat ezagutu nuen. Tentsio handiarekin bizi nintzen. Langabezia, amodioaren B aldea, krisia, norabide eza. Gauero nire buruan erantzunik ez zuten galderak pizten ziren. Ez zidaten bakean uzten. Alde batera eta bestera ohean bueltaka ibiltzen nintzen, erremedio zahar eta sinple bati heldu nion arte: liburu bat ireki eta irakurtzen hasi.

Geroztik ez dut loezina pairatzen. Eta nire bizitzan gauza ASKO aldatu dira.

Lehenengo konklusio zuzena: Irakurle erregularra naiz orain. Erosi dudan azken liburua “Cómo ser Bill Murray” da. Garoan (snif) aurkitu nuen eta lo seko geratzen naizen arte irakurtzen dut. Gaur gauean, aldiz, Jotdown aldizkariaren azken alearen elkarrizketa bat aukeratu dut. Salakeria Fermin Muguruzari egotzi behar diot. Otsailaren 4ean topatu nuen Tabakalerako Kluba aretoan Stay taldearen kontzertua hasi baino lehen. Bere neskalagunarekin batera hizketan egon ginen. Esan zidan Eduardo Madinak berari egindako elkarrizketa mamitsu bat aterako zela El País egunkariaren hilabetekarian. Emozionatua zegoen. Irakurtzeko irrikitan. Solasaldi honi buruz, Mikel Iturriaren blogean labur eta zehatz aipatzen dira zenbait idei baliotsu; guzti horien artean, zubigile kontzeptua.

Zubigile. Hitz ederra. Hitz puska.

Orain ohean nago, alde batetik bestera bueltaka ari naiz 1,80 metroko kroketa baten moduan. Aspaldiko partez, irakurtzen bukatu ondoren ezin naiz lokartu. Nire background musikala errepasatzen ari naiz. Ez naiz Muguruza musikaren jarraitzailea, Springsteenen jarraitzailea ez naizen moduan. Bale, errespetatzen dut. Mitikoa da. Hor dago, saltseatzen, hamaika proiektuetan burua sartzen. Kortaturen abestiak ezagutzen ditut. Txikitan Negu Gorriaren “Bertso.Hop” kanta nire Hondarribiko lagunekin entzuten genuen behin eta berriz “kaltzontziloaren” zatiarekin barrez lehertzeko. Dut taldearekin batera 1997. urtean kaleratu zuen “Ireki ateak” lana oso potentea dela esango nuke. Zuzenean ikusi nituen. Geroztik, ezer gutxi. “Black is Beltza” komikia etxean daukat. Eta, noski, Toots and The Maytals, Beasty Boys, The Jam, Sex Pistols, The Clash, Jimmy Cliif, Marley eta beste hainbat talde nik ere maite ditut.

Fermin Irungoa da eta ni Hondarribikoa. Bizilagunak.

Ohean bueltaka jarraitzen dut. Elkarrizketaren kausa-efektu erlazioa izango da. ETA, GAL, eskuin muturra eta heroinaren hatzaparra erraldoiak ikusten ditut. Belaunaldi askoren bizitzak ilundu dituztela pentsatzen ari naiz. Ferminena, esate baterako. Bizirik badago MIRARI bat da. Eduardo Madina bezala. Biak dira biktimak, biak musikazale amorratuak. Lagunak. Harresiak tristeak dira, zubigileak beharrezkoak.

Ea azkar lokartzen naizen.