Marmolezko santutegiak

Etxe barruan entzerratuta egotearen efektua da. Espazioa murriztu zaigu eta etxeko guneak denbora gehiagoz maizten ditugu. Egongelan, sukaldean eta gelan gaude behin eta berriz ohiko mugimendu berdinak egiten. Berriz ere bertan gaudela ohartzen gara ingurura (paretetara) begiratzen dugun bakoitzean. Komunean batez ere.

Gertatu zait. Komunera sartu eta, “jope, berriz hemen” pentsatzea. “Zenbat aldiz etorri naiz gaur komunera?” Eta ez da komunei fobia dietelako, baizik eta ohituta ez nagoelako komun berbera behin eta berriz bi hilabete osoz bisitatzeaz.

Txikia nintzenean ohitura bitxi bat nuen. Oporretan bisitatzen nituen etxe, ostatu edota aterpe berrietako komunak kuxkuxeatzea gogoko nuen. Munduko pertsona gehienak bezala komun desberdin ugari ezagutu izan ditut nire bizitzan zehar: txikiak, handiak, monumentalak, nazkagarriak, deserosoak… Aukera sorta zabala aurki daiteke komunen munduan sartu ezkero, eta mila sailkapen egin daitezke edozein parametro hartuta (kolorea, zabalera, itxura, dekorazioa…)

Twitterren, komunen aniztasun hau argazkiekin erakusten duen kontu interesgarri bat aurkitu nuen behin. Bertan ikusi daitezkeen argazkiak inoiz ezagutu ez ditudan komunik kuriosoenak erakusten dituzte (kontutan hartu fake profil bat dela). Irudi batzuek erabateko repultsibitatea sortzen duten bitartean, beste batzuek ezjakintasun infinitoa eragiten dute.

Argi dago komunak mundu bat direla. Denbora eta espazio desberdinetan agertzen zaizkigun toki sakratuak. Giza gorputzak izugarri eskertzen dituen gune erabakigarriak. Gizarteak mendeetan eman duen asmakizunik gorenetarikoa. Zorionekoak gu etxean marmolezko espazio horiek baditugu.

Osasungintzan, hezkuntzan, komunikabideetan… Publikoa eta pribatua denaren arteko banaketa hori ikusteaz ohitu gara. Komunekin gauza bera gertatzen da. Ez da gauza bera WC publikoak erabiltzea edo komun pribatu batera sartzeko pribilegioa izatea. Hala ere, bietan gertakizun magikoak sortu daitezke. Nik esaterako, etxeko komuneko dutxan konposatu izan ditut abesti dexente. Beste batzuek seguraski, komun publikoak erabili izan dituzte noizbait txortan egiteko. Sorkuntza eta esperimentaziorako gune idealak bilakatu daitezke bainugelak.

Dutxan, tazan eserita, ispilu parean orrazten… Geldiune eta hausnarketa sakonak egin ditugu noizbait. Komunetan giltzaperatuak egon edo egongo bagara inoiz, panikoa saihestu eta aprobetxatu egoerari abantaila ateratzeko. Ez ditzagun gutxietxi. Orain inoiz baino gehiago zaindu bertako distira, usain ona eta baldosa zurien isla. Marmolezko santutegiak dira.

@estomba_m

Eguneko tema –> King Gizzard & The Lizard Wizard – Muddy Water

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude