MULTIZEREGINETAN ITOTA

Piztu dut telebista, sofan bota naiz eta katua laztandu nahiko banu bezala, mobila gerri ondoan utzi dut. Pantaila txikian betiko arratsaldeko saio pisutsuak ari dira botatzen eta kasu zipitzik egingo ez dudanez mugikorra hartu dut. Whatsap mezu bat, twitterra eta instagrameko bi argazki txekeatu. Begirada berriz telebistara bota, iragarki petral bat. Mobilera beste behin.

Orain, ordenagailuarekin lan egiten hasi naiz telebista parean. Telebistaz aspertzen naizenean, musika jarriko dut. Portatila izter gainean jarrita dudanean, sare sozialei, korreoari eta notifikazioei ere men egiten diet aldi berean. Gehiegikeria.

Bai, garunera estimulu anitz iristen dira gailu elektronikoz inguruatuta gauden bakoitzean. Neke hori denok nabaritu izan dugu noizbait. Begietan lehortasuna, kasu egiteko ezgaitasuna, burua joaten zaigunaren sentsazioa… Oso multitasker gaude azken aldian. Bueltatu gaitezen lurrera. Ez gara kapazak zortzimila gauza aldi berean egiteko, gu ez gara robotak.

Denok jarri dugu praktikan noizbait. Zeregin konkretu bat egin (telebista ikusi, liburu bat irakurri edota eleberri bat idatzi), eta bigarren planoko beste estimulu batekin jolasean hasi (mugikorrarekin seguraski). Sare sozialen eta korreoaren notifikazioetara joateak ikusmina eragiten digu. Garunak tilin egiten digu mezu bat jasotzen dugun bakoitzean, eta konturatu baino lehen mobila desblokeatu dugu. Momentuan, pentsatu dezakegu pelikula erraz jarraitu dezakegula mezuak erantzuten ditugun bitartean, baina ez da horrela.

Mendekotasuna da. Biziatu batzuk gara, eta horregatik zeregin garrantzitsuen eta bestelako aisialdi lanen artean bereizten hasi beharko ginateke berriz ere. Atseden atsedentsu gehiago hartu behar ditugu, mobilik gabe kalera irten edo gailu elektronikoak denbora batez itzali filmari arreta guztia eskaintzeko.

Garunak eskertuko digu.

@estomba_m

Eguneko tema –> The Jon Spencer Blues Explosion – Bellbottoms

ZAINDU

Kurtso berri bat begibistan. Ezjakintasunaren lanbroa noiz altxatuko den zain, laino artean tiraka jarraitu beharko dugula dirudi. Bitartean, egunkarietako berriek, interneteko sare ez-fisikoek eta new ciber digital mediako tendentziek, berdintsu jarraitzen dute Covid-19aren izenenondoa bizkarrean itsatsita dutela.

Ireki beharko dira eskolak, unibertsitateak eta lantegiak, baina nola? Horra hor galdera nagusia.

Datozen egunetan erantzunak ematen arituko dira. Erantzun abstraktuak, zehatzak ez diren horiek. Kontraesanek goranzko tendentzian jarraituko dute: “Erretzea bai/Erretzea ez. Distantzia metro bat/Distantzia metro hiru. Maskarilla Z5/Maskarilla L4…”

Oso ezegonkorra da dena. Egun on. Bizi garen gizarte honetan agintzen duenak ez daki non dagoen ere. Agintzen ez duenaren seinale. Ba orduan kezkatu gaitezken gu, gureaz. Zer egingo dugu hemendik aurrera, non, norekin eta zer kondiziotan. Hortik abiatuta, ikusiko dugu nola transformatzen den ingurua. Ez ditzagun gure lehentasunak ahaztu, zaindu ditzagun gertukoak eta ingurumena.

@estomba_m

Loaurrekoak

Lo sakona hartu aurretik, pentsamendu nahasi ugari izaten ditut beti buruan. Ez naiz segituan lokartzera ohituta dagoen den horietako bat. Ohera sartu eta begiak itxi ostean, minutu asko pasatzen ditut bueltak ematen, bi zentzutan: postura erosoa bilatzen eta burmuineko ideia zoroak baretu nahian. Buelta ta buelta, atzo ipuin bat bururatu zitzaidan.

Herensuge handi bat imaginatu nuen. Hegan zebilen zeruan, hodei artean. Nire protagonistak arazo bat zuen baina. Denok dakigun bezala, herensugeek petrolioa edaten dute ondoren ahotik sua bota ahal izateko. Baina, gure herensuge honek ez zuen petrolioa gustoko eta ura nahiago zuen. Beste dragoiek barre egiten zuten, gure laguna sua ateratzeko ez zelako gai eta bere egarria urarekin asetzen zuelako. Hala ere, hainbeste ur edateak bazuen bere saria. Sugarra eragin ordez, izotza bota zezakeen. Izotzgarra deitu genioke fenomeno honi. Beste herensuge gaizkile baten aurka borrokatzen imaginatu nuen gure dragoia. Sugarra, izotzagarraren kontra. Etsaiaren sua izozten zuen. Bataila epiko bat izan zen buruak ilustratu zidana.

Hortxe amaitu zen ipuina. Sakonki pentsatu dut gaur pasadizo motz horren inguruan. Agian ipuina ordez, alegia bat izan zitekeen. Baina ez diot irakaspen edo moralejarik aurkitu. Ikuspegi ekologista batetik irakur daiteke. Erregai fosilen aurkakoa, energia berriztagarrien alde egiten duena. Ahula edo desberdina denari normalean izaten zaion mesfidantza ere agerian geratzen da alegian. Nola azkenean bere ahulezia zena, indargune bilakatzen duen, haiengan barre egiten zuten horiek izoztuz.

Bat-bateko eta nahigabeko ametsetako narrazio labur horrek mezu eta esanahiak bazituen. Nire ipuina gustatu zait. Alegia sortzaile bezala gustatu naiz. Lo hartu aurretik ditugun trantze une horiek uste baino gehiago balio dute. Ez da mindfullness delakoa, beste praktika atsegin bat da. Loaurreko harrikadak. Gomendagarria oso. Hor egon daitezke ideia onenak. Apuntatu itzazue. Atera zukua zuen amets, burutazio eta ideia zoro guztiei.

@estomba_m

Eguneko tema –> Dobranotch – Du Hast (Rammstein cover)

Neonormalak

Euskal Herria. 2020ko maiatza. Udaberria. Iberiar penintsula. Europako kontinentea. Ipar hemisferioa. Lur planeta.

Mutazio bat pairatu dugu eguzki sistemako hirugarren planeta gobernantzen dugun espeziekoek. Ikusezina den izaki batek eraso egin digu. Kolpeak ez du bat-bateko inpakturik izan, baina erasoa oso eraginkorra izan da populazioaren zati handi batentzat, eta epe luzera ondorio larriak ekarri ditu.

Espezie sasi-ezezagun honek hankazgora jarri du gure biziraute globalaren kontrola. Giza espeziearen soberanoak saturatutak daude, eta haienpean dauden beste gizaki guztiak beraien gordelekuetan metatzera behartu dituzte.

Mendeetan zehar konkistatu diren lurrak arriskuan daude orain. Pertsonek lurrazalean egiten zituzten ohiko mugimendu eta fluxua bertan behera geratu dira. Kontrol-sistemak zorroztu eta indartu dira jasaten ari garen mehatxu honen aurrean.

Badirudi, nahasmen honen aurrean, egoera lausotzea dela helburu nagusia. Pixkanaka, beti egin izan den bezala, etsaia inteligentziaz ezabatzea. Horretarako, bere erasoetara moldatu behar gara, defentsiban jokatuko dugu prestatzen ari den arma berria prest egon arte. Orduan jokatuko dugu erasoan. Baina bitartean, dena normal mantentzen ari denaren isla egingo dugu.

Kaletik indibidualki, disimuluz, lasai ibili behar gara ordutegi batzuen barruan. Agurrak buruarekin eta urrunetik egin behar dira, inor besarkatu gabe. Eskailerak erabili igogailua hartu ordez (botoia sakatzea ekiditeko). Taldeko kirola modu birtualean egin, ez fisikoki. Poliziak geratu egiten bazaitu liburu bat edo sagar bat erostera zoazela esan. Horrelako gauzak egin.

Batere erasokorra ez zen millennial horietako bat banintzen atzo, orain neonormala izanik ez dut jakingo matxinatze kontzeptuaren esanahia zein den ere. Etsaia ikusezina dela diote. Ze txantxa mota da hori?

@estomba_m

Eguneko tema –> Coogans Bluff – Where No Man Has Gone Before

Marmolezko santutegiak

Etxe barruan entzerratuta egotearen efektua da. Espazioa murriztu zaigu eta etxeko guneak denbora gehiagoz maizten ditugu. Egongelan, sukaldean eta gelan gaude behin eta berriz ohiko mugimendu berdinak egiten. Berriz ere bertan gaudela ohartzen gara ingurura (paretetara) begiratzen dugun bakoitzean. Komunean batez ere.

Gertatu zait. Komunera sartu eta, “jope, berriz hemen” pentsatzea. “Zenbat aldiz etorri naiz gaur komunera?” Eta ez da komunei fobia dietelako, baizik eta ohituta ez nagoelako komun berbera behin eta berriz bi hilabete osoz bisitatzeaz.

Txikia nintzenean ohitura bitxi bat nuen. Oporretan bisitatzen nituen etxe, ostatu edota aterpe berrietako komunak kuxkuxeatzea gogoko nuen. Munduko pertsona gehienak bezala komun desberdin ugari ezagutu izan ditut nire bizitzan zehar: txikiak, handiak, monumentalak, nazkagarriak, deserosoak… Aukera sorta zabala aurki daiteke komunen munduan sartu ezkero, eta mila sailkapen egin daitezke edozein parametro hartuta (kolorea, zabalera, itxura, dekorazioa…)

Twitterren, komunen aniztasun hau argazkiekin erakusten duen kontu interesgarri bat aurkitu nuen behin. Bertan ikusi daitezkeen argazkiak inoiz ezagutu ez ditudan komunik kuriosoenak erakusten dituzte (kontutan hartu fake profil bat dela). Irudi batzuek erabateko repultsibitatea sortzen duten bitartean, beste batzuek ezjakintasun infinitoa eragiten dute.

Argi dago komunak mundu bat direla. Denbora eta espazio desberdinetan agertzen zaizkigun toki sakratuak. Giza gorputzak izugarri eskertzen dituen gune erabakigarriak. Gizarteak mendeetan eman duen asmakizunik gorenetarikoa. Zorionekoak gu etxean marmolezko espazio horiek baditugu.

Osasungintzan, hezkuntzan, komunikabideetan… Publikoa eta pribatua denaren arteko banaketa hori ikusteaz ohitu gara. Komunekin gauza bera gertatzen da. Ez da gauza bera WC publikoak erabiltzea edo komun pribatu batera sartzeko pribilegioa izatea. Hala ere, bietan gertakizun magikoak sortu daitezke. Nik esaterako, etxeko komuneko dutxan konposatu izan ditut abesti dexente. Beste batzuek seguraski, komun publikoak erabili izan dituzte noizbait txortan egiteko. Sorkuntza eta esperimentaziorako gune idealak bilakatu daitezke bainugelak.

Dutxan, tazan eserita, ispilu parean orrazten… Geldiune eta hausnarketa sakonak egin ditugu noizbait. Komunetan giltzaperatuak egon edo egongo bagara inoiz, panikoa saihestu eta aprobetxatu egoerari abantaila ateratzeko. Ez ditzagun gutxietxi. Orain inoiz baino gehiago zaindu bertako distira, usain ona eta baldosa zurien isla. Marmolezko santutegiak dira.

@estomba_m

Eguneko tema –> King Gizzard & The Lizard Wizard – Muddy Water

Indoor errutinaren nahasmena

Blokeo mentala bidailagun min izan dugu askok aste hauetan zehar

Liburu bat hartu berri, eta berrogei orrietara laga. Hautsez betetako aldizkari bat berrirakurtzen saiatu, eta titularretik ezin pasa. Metraje erdian utzitako film bat berreskuratu, eta klimaxera ailegatu baino lehen lo geratu.

Ongi etorri konfinamenduaren seigarren astera (seigarren, zifra altu bat idaztearren, zehazki ez dakidalako zenbatgarrenean gauden). Bi hilabete gazteagoa nintzeko prokrastinatzeko gaitasuna erabat galdu dut, okerrerako. Ez dut honekin esan nahi egoera latza bizitzen ari naizenik. Ezta gutxiagorik ere. Egia esan, inoiz baino lasaiago bizi naiz egun hauetan. Ez dut lan egin beharrik eta etxeko eginkizunetaz gain zeregin zehatzik ez dut.

Burua, burbuina edo neuronak erabat desesperatu zaizkit ordea. Errutina guztiz lautu da. Laua bilakatu da egunerokotasuna. Denboraren linealtasuna inoiz baino bisualagoa da orain, eta horrek ez dit onik egiten. Orduak agertu eta desagertu egiten dira, minutuak istante bilakatu daitezke eta hamabostaldiak besterik gabe luzatu eta iragazten ari dira.

Aholku asko entzun ditut alarma egoera ezarri zutenetik: egutegi txukun bat osatu, ordutegia ondo sailkatu, kirola egin, pantailetatik noizean behin aldendu… Aholkuen porrusalda bat osatu eta etxe barruko bizimodua nire erara antolatzeari ekin nion lehenenego astean. Baina puntu batera ailegatu naiz non nahasmena egonkortzen hasi den. Ez dut ozenki inoiz esaten, baina fondoan, badakit atzerakontu batean ari den erloju elektroniko memorial bat daukadala, ea noiz askatuko. Atzerakontu faltsua.

Badakigu gero etorriko dena ez dela bizimodu normala izango eta traba eta muga askorekin aurkituko garela kalean.  Etorkizuneko begirada desegonkor honek nahasmen eta ezinegon handia sortzen du nire buruan. Ez dakit biharko egunean norantza ahalko ditudan pausuak eman. Ziurgabetasun honekin indoor errutina jarraitzea geroz eta irrealagoa egiten ari zait. Ea kirola edo mendira joateko aukera izaten dugun datozen egunetan, gure gorputzek eta buruek ziur eskertuko dutela biharko errutina berria administratzeko.

@estomba_m

Eguneko tema –> Fleetwood Mac, The Chain