ENTZUTEKO MODUKOAK

Gaztezuloko blogera bueltan, musikaren inguruan idaztera ausartu naiz. Azken aldian entzule aktibo moodean nago. Diskak, podcastak, irratia, .mp3 artxiboak, etab. gogo handiz jasotzen ari naiz. Belarriak gorri-gorri ditut, baina soinu eta frekuentzia desberdinak entzuteari esker niretzat deskubrimendu pertsonalak izan diren hainbat album eta talde ekarri dizkizuet.

Hona hemen beraz, uda honetan zehar aurkitu ditudan zenbait diska eta benetan aipatzekoak diren musika talde batzuk:

Tolesdurak (Audience) 

Urteak daramate mota guztietako soinu eta estiloak nahasiz, baina aurten atera berri duten azken diskarekin deskubritu dut Gernikan sortutako talde hau. Tolesdurak da aurkeztu duten azken albumaren izena. Errepertorioa erritmo azkarrekin hasiko da eta trantze lasai fase batetik igaro ondoren, zintzelada country eta rockeroekin amaituko da.

Perfektua eta batzuetan desperfektua entzuteko gai izango zarete ordu oso batean zehar. Audiencen bederatzigarren lana da Tolesdurak albuma, eta bi diskatan dago banatuta haien abesti zaparrada askoz hobe zatikatzeko. Planteatu diguten jolas honetan parte hartzeak merezi du.

Uhin Galduak (Diabolo Kiwi)

Zitokinen Ortzantza singlearekin aurkeztu zuten Donibane Garazikoek Uhin Galduak albuma, eta aluzinatzen utzi gintuzten. Aldaketa nabarmena erakutsi dute azken lan honekin. Soinu desberdinak probatzeari ekin dio laukoteak, eta emaitza ikaragarria lortu dute.

Diskaren portadan eta singlearen bideoklipan erakusten duten bezala, atmosfera futurista edo espazial moduko batean murgiltzen dute entzulea. Leire Iribarneren ahotsak agintzen jarraitzen du funk, rock eta melodia zintzoetan mozketa dantzagarriak sortzen dituztela. Dena kutsu elektroniko batean sartuta, espazioan zehar bidai interesgarri bati ekingo diozue.

Butterfly 3000 (King Gizzard & The Lizard Wizard)

Hemezortzigarren diska aurkeztu du talde australiarrak, eta ohi egiten duten bezala, gauza berriak esperimentatzera joan dira bere profesionaltasunari uko egin gabe. Oraingoan, haien zigilua duten soinu psikodelikoei doinu melodiko bikainak atxikitu dizkiote. Pentsamenduen mundura bete-betean sartzen gara album honetan, gure barne izaerara jotzen dugu Butterfly 3000 diskarekin.

Hilo Negro (Derby Motoreta’s Burrito Kachimba)

Flamenkoa eta rock gogortsua inoiz baino hobeto batzea lortu du Andaluziako talde honek. Hilo Negro haien bigarren albuma da, eta sua dario entzuten den tema bakoitzari. Jesús Garciak ezin hobe azaltzen du Mondo Sonoron diska honen deskripzioa: “Imagina una evolución musculada de Triana, cuyos integrantes fuesen (figuradamente) hasta las cejas, añádele mucha guasa y varios kilos de distorsión, algo de stoner, de rock alternativo, una pizca de electrónica y aderézala con montañas de psicodelia.”

Cure for Pain (Morphine)

Nire inguruko komunitate musikalak talde esanguratsu hau deskubriarazi dit aurten, eta harrituta geratu naiz Morphine, XX. mende amaierako talde estatubatuarrak, ateratzen duen soinu apartarekin. Baxua, bateria eta saxoa besterik ez zuen behar izan hirukote honek jazza, bluesa eta rocka modu paregabean bideratzeko. 1993ko Cure for pain albumarekin konbentzitu naute ni. Morphine taldea ezagutzeko CD ezinhobea.

Welfare Jazz (Viagra Boys)

Welfare Jazz diska talde honi diodan miresgarritasuna dela eta ekarri dizuet. Viagra Boys talde suediarrak aurtengo neguan atera zuen azken album kaotikoa da hau. Estridentziak, saturazioak eta ahots rasgatuak haien nortasun propioa erakusten dute. Garrantzizkoak diren saxoa eta baxuaren lineak ere bai Viagra Boys taldearen dekadentzia bilatuaren sinbolo dira.

Euskadi, Jende Gutxi (Les Mecaniciens)

Bai, album honekin 20 urte egin ditut atzera, baina uda honetan entzun dut lehen aldiz eta aparta iruditu zait. Euskadi, jende gutxi talde honen hirugarren eta azken diska izan zen, 1993an kaleratutakoa.

Les Mecaniciensek badu bere ibilbide berezia, jende eta artista ezagun eta kalitate onekoek parte hartu zuten. Eman ez zaion garrantzi moduko bat euskal musikaren historian agian? Hori bai, ondoren etorriko ziren euskal talde askoren erreferentzia da. Euskarazko jazza eta pop lasaia, Irunen sortutakoa Jabier Muguruzaren gidaritzapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude