Ikasturte amaieraren gazi-gozoa

Euskaltegian ikasturtea amaitu berri dugu eta udazken edo neguan euskara eskolekin hasi ziren ikasleak agurtu ditugu. Batzuk datorren ikasturtean itzuliko dira eta besteak, berriz, aurrerago edo inoiz ez.

Gazi-gozoa izaten da ikasturte amaiera; alde batetik, opor usainaren gertutasunak bizipoza ematen dit baina, beste aldetik, tristura ere sortzen zait barren-barrenean. Izan ere, astero bospasei ordu edo gehiago igaro ditut ikasleekin, horrek dakarrena kontuan hartuta: ikasketa prozesua elkarrekin bizi izan dugu, bidea erakusten saiatu naiz ahal dudan hobekien, hainbat gauza irakatsi dizkidate, esperientziak eta iritziak partekatu ditugu, barre-saio ederrak egin ditugu elkarrekin …Esan beharrik ez da, neure bizitzako jende askorekin baino denbora gehiago pasatu dut eurekin azken bederatzi hilabeteetan.

Eta bat-batean eten egiten da errutina hori. Uste baino lehenago heltzen da, gainera. Kosta egin ohi zait garaia iritsi dela sinestea, amaiera ate-joka dela barneratzea. Baina hala da, eta azken eskola eguna bereziago egiten saiatzen gara: bazkalondoreneko kafetxoa hartu, pastatxoekin, taberna bateko terrazan; pintxo-potean jan-edanean eta berriketan aritu; herriko kafetegirik ospetsuenean gosaldu edo hamaiketako ederra egin auzorik kutunenean.

Ekintza xumeak dira bere horretan baina arrastoa uzten dizute, une goxoak izateaz gain, bertan bildutakoak elkarrekin egingo ditugun azkenak baitira. Badakigu elkar agurtzeko unea dela baina ez dugu beti asmatzen zeregin horretan; musuak batzuekin, presakako hitzak besteekin, hitz umoretsuak eta adarjotzeak, uda dibertigarria eta desio onak opatzea, esker hitzen bat edo beste, begiradak, eta esan nahi genukeena esan gabe uztea ia beti. Momentuaren pisuak eztarria ixten digula dirudi eta hitzak trabatuta geratzen direla, gutako askoren kasuan behintzat.

Gogoan dut azken astean ikasle batek esandakoak bereziki goibeldu ninduela. Ikaskide zituen bi gaztetxo berriz ikusteko esperantzarik gabe zegoen, leku ezberdinetan ibiltzen zirela eta. Egia da gaur egun bizi garen moduan, sarritan bizilagunak ere ez ditugula askorik ikusten eta bere pentsamendua ez da, beraz, ulertezina baina eskualde berean bizirik ezinezkoa ere ez da. Harremanak hoztu egiten dira, noski, tarteka-marteka egon ezean, nahiz eta denok dauzkagun aspaldian ikusi ez eta topo egiten dugunean sarritan egongo bagina bezalako jarrera izaten duten lagunak.

Egoera nostalgiko honek atzera begira jarri nau. Irlandan hiru aste pasatu eta hainbat herrialdetako jendea ezagutu nuen garaira bidaiatu dut. Orduan ere argi neukan aste haietan ikaskide zein bidaide izan nituen haiek ez nituela berriz ikusiko. Gaur arte hala izan da, ez dakit planetak lerrokatu eta ustea ustelduko ote didaten. Ez litzateke txarra.

Irlandakotik urtebetera izan nuen despedidarako beste une bat, unibertsitate garaiko lagunekin. Ordura arte, behin-behineko agur batzuk izan ziren, ikasturte osorako edo lauhileko baterako Erasmus bekarekin atzerrira joan zirenekin. Azken azterketa egunean bazkaria egin eta adiskideak etxeratu ahala agurtu genituen, musuz batzuk eta ‘hurrengora arte’ esanez denak, elkar berriz noiz ikusiko ote genuen jakin gabe. Batzuekin elkartu naiz edo topo egin dut harrezkero baina badira hamaika urtean aurrez aurre izan ez ditudanak ere. Sare sozialek edo komunikabideek balio izan dute, azaletik bada ere, zer moduz dabiltzan edo zertan ari diren jakiteko.

Hain zuzen ere, Huntza taldearen ‘Ilusioz bete’ abestia ezin aproposagoa iruditzen zait zikloen amaieretarako. Kantu honen letrari erreparatuta, esango nuke nerabe izatetik heldu gazte bihurtzen zareneko tarte horretan garrantzitsu izan diren horiei eskainia dela, unibertsitate garaiko lagun kutunei.

Abesti hau sarri samar entzun dut azken aldian, oroiminean erortzeko joera izaten dut-eta batzuetan. Ikasi beharrekoa da, ordea, bizitzaren oinarrian dagoela aldaketa eta alferrikakoa dela bizkarra ematen saiatzea, gauzak, egoerak zein pertsonak egonkortzen eta iraunkor bihurtzen tematzea uneoro. Behin behineko izatera kondenatua den hori behin betikotu nahiak eta ezinak sufrimendua sortzen du. Hori esaten dit nire alderdi arrazionalak. Baina gero ohartzen naiz euskaltegiko irakasle izatearekin kontraesanean dagoela beharbada, etengabe mehatxupean, erasopean eta galzorian egon den eta dagoen hizkuntza eta kultura bat transmititzeko lanean bainabil, berau iraunarazi eta hauspotu nahian, non eta milaka hizkuntza desagertu diren mundu honetan, zeinetan izaki bizidunak eta egoerak sortu eta hiltzen diren.

Agian egoerei kontra egiten egoskortzean baino, egokitzean datza kontua. Biziraupenaren teorian nabarmendua, praktikan jartzen zailagoa dena. Arrazoiaren eta emozioen artean talkan ibili ordez, adimen emozionalez atzean zer utzi eta zeri eutsi jakitea. Bizitzaren korronteak urrunarazten bagaitu, elkarrekin bizitakoak barruan gorde eta jaregin bere bidea egin dezan, eta korronteak gerturatutakoan elkarrekin gozatu berriro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude