Txarrenari onena

<<Txarrenari onena atera diozu>>, idatzi zuen Jon Maiak Aurrera Altsasu! kantuan. Horretan saiatu naiz ni ere azken egunotan, Berri Txarrak taldearen eten mugagabearen atarian. Badakigu ostiral eta larunbateko Iruñeko bi zuzeneko emanaldiak azkenak izan daitezkeela, eta zaleok dolu prozesuan murgilduta gaude geldialdiarena jakinarazi zutenetik. Iruñeko kontzertuetarako sarrerarik gabe geratu garenok, gainera, aho zapore mikatzagoa dugu.

Zaila da geure bizitzako parte izan den taldeari agur esatea baina beraiek egin dutena egitea dagokigu orain: txarrenari onena atera. Izan ere, hasierako laukoteak izen hori aukeratu bazuen ere, euskal musikan eta kulturgintzan izan dugun albisterik onenetakoen artean izan da 25 urtez. Zintzoa izatekotan, beste izen ugari ere aipatu beharko genituzke, noski, beraiekin batera, baina 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera jaio ginenok, batzuk bederen, pubertaro, nerabezaro eta gaztaroan euren eskutik helduta egin dugu bidea. Euren kontzertuetako oroitzapenez gain, euren abestiekin loturiko bizipenak ditugu, abesti jakin horiek entzun orduko berritzen zaizkigunak.

Musika buruaskia da guztiz baina, niretzat behintzat, ez da ahalmen handiko doinuak letra esanguratsuekin uztartzearen pareko sinbiosirik, eta horretan trebezia handia erakutsi du Gorka Urbizuk, azken diskoetan batez ere. Letrak idazteko euskara hautatu izana edo euskarak eurak aukeratu eta bestelako biderik hartu ez izana, naturalena den arren, eskertzekoa ere bada, sarri bestelako hautuak egitea samurragoa izan daitekeela jakinda. Sed Lex abestian dioten bezala, hizkuntza garrantzitsua baita, batez ere esateko zerbait dagoenean.

Euren musikarentzat zorionez, baina gizartearentzat tamalez, testu gehienek ez dute gaurkotasunik galdu. Kritika soziala egin dute behin eta berriz, eta hainbat kontu mahai gainean jarri: zapalkuntzak, injustiziak, homofobia, arrazakeria, komunikabideen manipulazioa, matxismoa, kapitalismoa eta abar. Bizitzaren eta gizartearen korapilo asko askatzen edo ikusarazten saiatu dira euren abestietan. Geure amorrua, inpotentzia, frustrazioa edota haserrea oihuka abestuz, saltoka, askatzeko bidea eman digute; hausnartzeko ateak zabaldu dizkigute; emozioekin konektatzen lagundu digute; komunitate baten kide garela sentiarazi…

Abesti guztiak hartu eta berriz erreparatu diet hitzei; esaldi borobil asko topatu ditut, indartsuak direnak. Esaldi hauek politak izan daitezke tatuajeetarako, kalean graffitiak egiteko, koadernoan idazteko, ilustrazioetarako edo batek daki zertarako. Zaila izan da aukeraketa, orriak bete baititut esaldiz, baina hona hemen horietako batzuk:

Zalantza haziak ereiten ari naiz, zalantzondoak biltzeko. (Hezkuntza ustela). Joseba Sarrionaindiaren Sasoi makalak poematik hartua.

Ala ihes egitearena, bizitzen irauteko aitzakia hutsa izan zen. (Aspaldian utzitako zelda). Joseba Sarrionaindiaren Aspaldian utzitako zelda poematik hartua.

Injustiziara ohitzea baino gaitz kutsakorragorik ez dago. (Pangea

Jakiteko behingoz ni sufritzen ari nintzen bitartean, zu zertan ari zinen, zertan ari ote zinen.  (Biziraun)

Gaur ez dago minutuko isilunerik, mendeak daramazkigu isilik. (Emazten fabore II)

Mundua obratan dago baina guk ez dugu ezer apurtu. ( Libre)

Bizi bat daramagu beste bizi baten bila. (Kezkak).

Ta mila hitz asmatu ditut damuaren antzekoak,ta mila begirada triste zurearen antzekoak. (Isiltzen banaiz).

Eskasa da, eskasa gure belaunaldiaren lorpenen zerrenda zuria, paperezkoa da gure loria. (Paperezkoa)

Koherente naiz nire kontraesanekin, horregatik gaur zure falta sumatzen dut. (Hasi eta bukatu)

Koldarrik ausartenak duen determinazioaz, banoa (Sugea suge)

Ezizen bat nahi nuke ezizan honen truke”. (Haria)

Ez da biderik, norberak ireki behar dituelako. (Aditu bihurtuak)

Pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori. (Poligrafo bakarra) 

Noiztik da zure bizia atzera‐kontu bat bihurtu zela? (Zerbait asmatuko dugu)

Mugak argi dituen orok probatu duen liberdade suerte hori. (Zaldi zauritua) 

Ikasitakoa desikasten ikasi, ahaztutakoa ahaztu eta aurrera egin (Katedral bat)
Eta min eman arte zure falta izan, ez da musa hoberik (Katedral bat)

Nola esan sakon hunkitzen nauela aldatu nahi duen jendeak, euren ahalegin zintzoak. (Zorionaren lobbya)

Abestietan barna bidaia azkarra egin ondoren, ezin ukatu altxor oparoa utzi digula Berri Txarrak taldeak. Hasi eta bukatu abestian idatzitakoaren parekoa esan daiteke eurei buruz: dozenaka kanta patriketan daramatzat beti zain; dena askoz tristeagoa izan zitekeen.

Mila esker, bihotzez, Aitor Goikoetxea, Mikel Lopez Rubio, Aitor Oreja, David Gonzalez eta Galder Izagirre, emandako guztiagatik. Eta, bereziki, MILA ESKER ZURI, GORKA URBIZU, taldearen arima eta sortzaile nekaezina izateagatik. Baita taldeak aurrera egiteko ezinbesteko izan diren beste guztiei ere.

Taldearen etenaldi honetan, behin-behineko edo behin betiko izan, abestiak entzuten,abesten eta dantzatzen jarraituko dugu, hunkitzen, letrak astintzen… Gure izanaren parte bihurtu dena ez baita sekula galduko. Zuek ondo merezitako atsedena hartu, baina itzuli musikara, nahi duzuen moduan eta forman, zuek nahi duzuen izan, izen eta ezinekin. Aurrerantzean ere beharko zaituztegu, txarrenari onena ateratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude