Altxorraren bila

Umetan oso gustuko nuen Altxorraren bila jolasa. Gozatu egiten nuen bai besteentzako pistak prestatzen eta baita ezkutatutakoaren bila ere emandako arrastoak jarraituz. Urteak dira jolas horretan aritu ez naizela eta horretarako aukera sortu zait berriz, beste modu batera bada ere.

Azken bi urteetan Euskal liburuak kalera ekimena izan da Beasainen eta aurtengoan ere jarraipena izango du. Oraingoan, ordea, irakurketa, musika eta dantzaz jantzitako kalez kaleko kalejira eta Dolarea parkean amaierako ekitaldia egin ordez, beste proposamen bat egin du Beasaingo Irakurle taldeak eta Herri Ekimenak: etxeko apalategietan ditugun euskarazko liburuak askatuko ditugu beste irakurle bat topa dezaten.

Helburua irakurzaletasuna bultzatzea, euskal literatura balioan jartzea eta etxean ditugun liburuei irakurle berriak oparitzea da. Horretaz gain, herriko txokoak ezagutzeko ere balio dezake. Liburuak apirilaren 7an askatuko ditugu baina aurrez izena eman behar da. Hartara, apirilaren lehen astean liburuen zerrenda eta kokapena zabalduko dugu herritarrek liburuak begiz jo eta zer hartu erabaki dezaten.

Laburbilduz, hona parte hartzeko eman beharreko pausuak:

  • Izena eman: martxoaren 31a baino lehen e-maila bidali beasainhe@gmail.com helbidera. Zehaztu zure izen-abizenak, askatuko duzun liburuaren izenburua eta egilea, eta herriko zer puntutan askatuko duzun. Liburuak denda batean, tabernan, parkeko eserleku batean, mendi tontor batean…utz daitezke. Kanpoaldean ipiniko direnak, estalirik edo bildurik uztea komeni da, honda ez daitezen.
  • Liburuen kokapena zabaldu. Apirilaren lehen astean liburu guztien zerrenda eta zer tokitan egongo diren jakinaraziko da. Liburu bakoitza herriko mapan kokatzea da asmoa.
  • Liburua askatu. Apirilaren 7an parte-hartzaile bakoitzak nahi duen orduan eta hautatutako lekuan utziko du aukeratutako liburua.
  • Liburua hartu. Apirilaren 7tik aurrera, herritarrek liburu bakoitza non dagoen jakingo dutenez, begiz jota dutena har dezakete. Gerta daiteke beste norbait aurreratzea baina, hori ez bada, beste aukera batzuk ere izango dira. Bizkor ibili, badaezpada!
  • Argazkia. Liburua utzi zein hartzean, argazkia atera eta partekatu sare sozialetan #euskaliburuakalerabeasain traola erabilita.
  • Zozketa. Izena ematen dutenen artean hiru liburu sorta zozkatuko dira.

Apirilean herria altxorrez beteko dugu, beraz,eta norberak berea topatzen saiatu beharko du maparen laguntzaz. Dozenaka liburu egongo direnez, aukera handia izango da, gainera. Irrikaz nago altxor bat utzi eta beste baten bila hasteko. Zuk ere parte hartu nahi al duzu altxorraren jolasean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude