Etiketaren artxiboa: euskal

Altxorraren bila

Umetan oso gustuko nuen Altxorraren bila jolasa. Gozatu egiten nuen bai besteentzako pistak prestatzen eta baita ezkutatutakoaren bila ere emandako arrastoak jarraituz. Urteak dira jolas horretan aritu ez naizela eta horretarako aukera sortu zait berriz, beste modu batera bada ere.

Azken bi urteetan Euskal liburuak kalera ekimena izan da Beasainen eta aurtengoan ere jarraipena izango du. Oraingoan, ordea, irakurketa, musika eta dantzaz jantzitako kalez kaleko kalejira eta Dolarea parkean amaierako ekitaldia egin ordez, beste proposamen bat egin du Beasaingo Irakurle taldeak eta Herri Ekimenak: etxeko apalategietan ditugun euskarazko liburuak askatuko ditugu beste irakurle bat topa dezaten.

Helburua irakurzaletasuna bultzatzea, euskal literatura balioan jartzea eta etxean ditugun liburuei irakurle berriak oparitzea da. Horretaz gain, herriko txokoak ezagutzeko ere balio dezake. Liburuak apirilaren 7an askatuko ditugu baina aurrez izena eman behar da. Hartara, apirilaren lehen astean liburuen zerrenda eta kokapena zabalduko dugu herritarrek liburuak begiz jo eta zer hartu erabaki dezaten.

Jarraitu irakurtzen

Artzek gidatutako ertzak

Euskal liburuak kalera ekimenaren bigarren edizioa izan zen Beasainen apirilaren 22an. Aurtengoan, gainera, urtarrilean zendutako Joxan Artzeri omenaldia egin nahi izan genion. Euskal liburu bat eskuetan hartu, eta ibilbide jakina egin genuen herrian zehar, geldialdiak eginez eta ikastetxeen ikuskizunez gozatuz. Dolarea parkean eman genion bukaera, hainbat elementuz osatutako emanaldi eder batekin: Batukada feministaren musika, txalaparta, ikastetxeetako ikasleen Artzeren poema irakurketak, dantza ikuskizunak, Kantujirakoen kantaldia…

Argazkia: Goierriko Hitza

Amaierako ekitaldirako zerbait idatzi eta irakurtzera animatu ninduten ekimenaren sortzaileek eta, Artzerekin lotutakoa izanik, errespetu eta bertigo apur bat sentitu nuen. Denbora falta eta sentitzen nuen erantzukizuna zela eta, zeregina azken unera arte atzeratu nuen. Bezperan, arratsaldez, idatzi nuen testua eta ez nintzen erabat konforme geratu; batetik, luzeegia iruditu zitzaidalako eta, bestetik, entzuteko baino, irakurtzeko aproposagoa zelako. Testu horixe zen, ordea, barrutik atera zitzaidana, Artzeren Nere ama hil zait poemaren eta azken bi egun haietako bizipenen nahasketatik sortua. Orain, txoko honetara ekartzea erabaki dut; ea norbaiti ekarpenen bat egiten dion.

Saretutako hitzak

Argazkia: La Salle ikastetxea

Euskarazko liburuekin kalera atera ginen joan den igandean Beasainen. Herriko hainbat txokotan, zutik zein eserita, liburua irakurtzen aritu ziren bertako haur eta helduak. Beasaingo Ezkiaga auzoan genuen abiapuntua eta, bertan apur bat irakurri eta abestu ondoren, liburuak eskuetan genituela, kalejiran abiatu ginen Beasaingo Ezkiaga auzotik Dolarea parkera, trikitilari eta txistulariek lagunduta. ibilbidean aurrera egin ahala, gero eta irakurle gehiago batu ziren eta koadrila ederra elkartu ginen amaieran.

Argazkia: La Salle ikastetxea

Jarraitu irakurtzen