Etiketaren artxiboa: heriotza

Gogoan zaitugu, Olarius!

Duela urtebete jaso nuen deia, martxoaren 8ko manifestaziotik bueltan. Zure bihotza betiko gelditu zela esan zidaten eta, une hartan, nireak ere taupada bat huts egin zuela esango nuke. Ezustean harrapatu ninduen albisteak baina, soseguz pentsatzen jarrita, ez zen hain ulertezina. Bihotza lehertu egin zitzaizun hazi beharraren hazi beharraz. Zure gorputza bihotzaren tamainari, zeure ontasun neurtezinari, egokitzen aritu zen urte askoz, hazi eta hazi, harik eta gorputzean kabitu ezinik geratu zen arte.

Berria zabaldu eta berehala agertu ziren zuganako maitasun mezuak sare sozialetan, atsekabea elkarbanatzeko hitz bakaneko lagunarteko elkarrizketak… Banekien jendeak estimatzen zintuela baina orduan ohartu nintzen zenbatengan utzi zenuen aztarna eta zein sakona zen arrasto hura. Honen guztiaren isla da zure hiletara gerturatutako jende andana, zuri eskainitako kontzertuak, eta baita zure omenez Jazpana jaialdian egindako babarrun-jana edota asteburu honetan antolatutako ekitaldi guztiak ere.

Argi geratu da ezagutzen zintugunok ez zaitugula ahaztu eta zure falta sumatzen dugula. Zerbaiten seinale da hori, noski. Ez da erraza hainbeste jenderengana iristea; pertsona bereziek bakarrik lortzen dute hori eta halakoxea zinen zu. Kezka sortzen dit, ordea, bizi zinela sentipen hauek adierazteko gai ez ginela izan pentsatzeak. Badut sumatuko zenuen esperantza, begiradetan, keinuetan edota jokaeretan.

Jarraitu irakurtzen

Berandu izan baino lehen

Hiru lagun hilerri batean itzulinguruka, zerbaiten bila, antza. Haietako bik gailuak dituzte eskuan, mugikorra batak, iPada besteak. Halako batean, informazio panel txiki bat topatu dute. Han dagoena irakurri eta gero, galdurik dirudite oraindik. Bik pantailei begira jarraitzen dute eta,bien bitartean, esku hutsik dabilenak, bilaketarekin segitzen du. Azken honek, sarean informazio bila ari direnek baino lehenago topatu du bila zebiltzana: William B. Yeats poetaren hilobia.

Irlandako Sligo konderrian daude, Drummcliff izeneko herrixka bateko eliza protestantearen ondoko hilerrian. Hilobiari begira daude hirurak:

1- Hau al da Yeatsen hilobia? Beste zerbait espero nuen…

2- Zer uste zenuen ba? Zu agurtzera jaikiko zela?

1- Oso barregarria! Ez, baina ikusgarriagoa izango zela uste nuen. Ez dauka lorerik ere!

3- Bai, harritzekoa iruditu zait hori. Heriotzak denok berdintzen omen gaitu…

1- Bueno, baina lorerik ez izan arren, ingurukoak baino zainduagoa ikusten da, berriagoa eta material ezberdinarekin egina.

2- Hori bai, baina gris samarra, aukeran. Zaila da honekin turistak erakartzea…

1- Hemen gaude ba gu…

2- Bai, baina zu egoskortu zarelako, Yeatsen poema zalea zarela eta…Baina bestelako turistei informazio guneetan aipatzen badiete, eta sarean argazkia ikusten badute, ez dira  hona etorriko. Beste zerbait beharko da jende gehiago erakartzeko, morbo handiagoa saldu!

1- Zer nahi duzu, parke tematikoa egitea?

2- Ez da ideia txarra! Bisitariz eta lorez beteko litzateke hau, seguru!

1- Loreena oraintxe bertan konponduko dut. Inguruan egongo dira!

2- Ez duzu ba lapurtzerik pentsatuko?

1- Ez da lapurreta izango, herritarrek egindako ekarpena baizik, kulturari hainbeste eman dion poetari.

2- Aizu, Interneten begira ari naizela artikulu hau topatu dut, eta hemen lurperatuta dauden hezurrak ez direla bereak dio! Iruzurra, gainera!

1- Esperientzia hau zapuztu didazu behintzat! Goazen autora!

3- Onena izango da, bai. Goazen!

Hirurak autora abiatu dira, bat muturtuta eta besteak pozik. Eta gu ere furgonetara abiatu gara, hiru lagunen eszena ikusi ondoren.  Sligo herrira bidean bizitakoari bueltaka aritu naiz Irlandako paisaiei begira: hil eta gero, zer axola ote dion hilobian loreak izateak edo bisitariak inguratzeak; joaten diren turistetatik zenbatek irakurri ote duten bere poemaren bat; bere izana ez ote den egokien bere lanaren bidez transmititzen eta horretan jarri beharko litzatekeela indarra…

Jarraitu irakurtzen