Zazpi zenbakiaren magia

Zazpi zenbakia agertu zitzaidan herenegun begien parean, eta askok zortearen zenbaki magikotzat dutela gogoratu nuen. 2017a amaitzear dela kontuan hartuta, ezin izan nion urtearen azaleko errepasoa egiteko tentaldiari eutsi eta, inguruan izandako atzera-bueltarik gabeko gertaera tristeren bat edo beste salbuetsita, zorte handi samarra izan dudalakoan nago, nahiko urte magikoa izan dudala, alegia.

Eta, halabeharrez, atzera begira jarri nintzen, aurreko zazpia aurkitu arte, 2007a hain zuzen ere. Urte ederra izan zen hura, baina ohartu naiz memoriak gero eta zirrikitu handiagoa uzten diola ahanzturari. Hala ere, gogoan dut uda hartan bete nuela Irlandara joateko ametsa, pasa den udan hirugarren aldiz sendotu dudana. Horretaz gain, bizikideak nazkatzen hasi nintzen etxera hirunaka edo launaka errentan hartzen nituen filmekin. (Irakur ezazue, gai honekin lotuta, Mikel Alvarezek duela pare bat urte bere blogean idatzitakoa)

Hainbat film ikusi nituen, batzuk zineman, gehienak etxean, eta baita abesti mordo bat entzun ere baina, tamalez, ez dira hainbeste memorian gelditzen direnak eta, batez ere, barruan gaur egunera arteko arrastoa utzi didatenak. Zentzu horretan, ume garaiko esperientzia haien falta sumatzen dut, gauza gutxiago irentsi baina barrua beteago geneukanekoa, lehen aldiz bizitakoek uzten dizuten marka iraunkor horren gerizpea. Agian umeek izaten duten jakin-min, irekidura eta begiradari eutsi beharko genioke ustezko heldu aroan.

Kontuak kontu, 2007an dastatutako zenbait abesti,  film eta liburu ekarri nahi dizkizuet hona, urte hari magia erantsi ziotenak eta oraindik ere nigan dirautenak:

  • Little Children

Urte hartan zineman ikusi nuen pelikuletako bat izan zen Little Children. Hainbat pertsonaia eta gai interesgarri topatu nituen filmean: ezkon-bizitzaren narriadura,  pornografia, pedofilia, ingurukoen onarpena…Pertsonaia batek aipatzen duenak ere laburbildu dezake istorio honen giroa: alternatiba bat izatearen gosea, eta zoritxarreko bizitza bat onartu nahi ez izatea. Eta, noski, beti da plazera Kate Winslet pantailan ikustea.

  • Half Nelson

Film berezia da oso niretzat, fikziozkoa izan arren, dokumentala dirudiena. Aldizkari batean izan nuen bere berri eta bideoklubean ikusi bezain laster heldu nion,ikusteko gogoz bainengoen. Ez nintzen damutu. Laguna eta biok, Ryan Goslingen pertsonaiaz maitemindu ginen, baina hau ez zen The Notebook pelikulako Noah pertsonaiaren modukoa, argi-ilunez betetako pertsona baizik, okerreko makina bat erabaki hartzen zituena. Guztiak liluratu ninduen: pertsonaiek, istorioak,hausnarketek, errealismoak, argi-ilunek, amaierak…Merezi du Half Nelson ikustea, ez esan abisatu ez dizuedanik.

Ryan Goslingen zale fidel bihurtu nintzen hau ikusi eta gero.

  • Lisa Hannigan eta Damien Rice – Nine crimes

Irlandan izan nintzen 2007ko udan eta orduan entzun nuen lehen aldiz Damien Ricen izena. Ez nekien artean bere musikarekin zenbat gozamen momentu izango nituen! Etxera itzulitakoan, Youtuben bere izena idatzi eta azpiko kanta izan zen lehena entzun nuena. Zer diren gauzak, ordea, aditu nuen lehen ahotsa Lisa Hanniganena izan baitzen, berak abesten duelako lehenik kantuan.Eta a zer ahotsa! Bideoklipa bera ere originala da, zinez.

Garai hartan, Hannigan berarekin batera aritzen zen taldean, baina geroztik bakarkako ibilbideari ekin dio eta hiru disko atera ditu. Apirilean, Bilboko Kafe Antzokian entzuteko aukera ederra izan genuen. Oraindik ez dut Damien bera zuzenean entzuterik izan, baina harrapatuko zaitut Rice jauna!

  • Ismael Serrano – Recuerdo

Honekin agian tranpa egiten arituko naiz, ez bainago erabat ziur 2007an entzun nuen lehen aldiz edo, akaso, aurreko urtean. Dena den, zin dagit sarritan gozatu zizkidala belarriak urte hartan.Abesti honek barrua zartatzen dit, ezin dut gehiagorik esan. Hori bai, nahiago dut zuzeneko bertsioa.

Aurten, 20 urte bete ditu madrildarrak musikari ibilbidean, eta diskoa ere kaleratu du: Hoy es siempre. Zuzenean grabatua da azken lana, abesti zaharren moldaketak dituena, beste musikari batzuen bertsioak eta hiruzpalau abesti berri.

  • J.D Salinger – The catcher in the rye

Gaztetxoa, edo umea, nintzela irakurri nuen lehen aldiz, eta bigarrenez, hirugarrenez, laugarrenez…Hainbat aldiz irakurri dut Salingerren liburu ezaguna baina ez naiz nazkatzen! 2007an ere berrirakurri nuen eta gustura asko, gainera! Lagun bati oparitu nion liburua garai hartan, eta gustura asko irakurri zuela aitortu zidan. Holden Caulfield pertsonaia berezia da zalantzarik gabe, eta istorioak xarma ukaezina du.

Hauek dira 2007an bereziki ukitu nindutenetako batzuk, baina 2017an ere badira barrua astindu diguten hainbat lan.

Liburuen artean, esaterako, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua oso gustura irakurri nuen, eta euskaldunon iraganaz eta orainaldiaz gogoeta egiteko parada eman zidan, emigratu beharraz, bizitzaren eta izaeraren gogortasunaz…Ikasgai handia izan zen liburu honen irakurketa.

Horretaz gain, ez ditut ahazteko Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak, oraindik ere ikasteko eta sakontzeko asko dudan alor horretan murgiltzeko aukera eman didana. Duela gutxi irakurri ditudan bi liburu ere azpimarratuko nituzke, gaiz eta hizpidez beteak daudela iruditzen zaizkidalako: bata, Uxue Alberdiren Jenis Joplin eta, bestea, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia. Urte hasiera aldera gustura, arin eta erraz irakurri nuen lan hau ere aipatu nahiko nuke: Mikel Hernandez Abaituaren Airearen isla.  Film baterako istorio aproposa iruditu zitzaidan, bide batez esanda.

Aipatuak aipatu, apalategian zain ditut liburu tentagarri askoak: Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea; Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzaren Ekialde hurbila, muinak eta ertzak; Arantxa Iturberen Honetara ezkero;  Gurasoei gutuna liburua…

Antzerkira jota, bi obra zoragarriz gozatu ahal izan dut 2017an: bata, Koadernoa zuri (Arantxa Iturbek liburu bilakatua) eta, bestea, Francoren bilobari gutuna. Lehenengoa, emozioz betetako bidaia izan zen eta, bigarrena, inoiz antzokian bizi izan dudan esperientziarik zirraragarriena. Azken honen emanaldiak amaitu dira, baina sarean ikus daiteke antzezlana osorik; esperientzia bera ez izan arren, behin eta berriro gozatzekoa da, geruza anitzeko artelana baita.

Pelikulen alorrera salto eginda, euskal munduan izan dugun poz potoloetako bat Handia filma izan da ezbairik gabe, euskal filmik ikusiena bihurtu dena. Ea aparrak euskal zinema sustatzeko balio duen!

Gure mundutxotik aparte, orain dela gutxi ikusitako Lady Bird filmak bete nau gehien azkenaldian. Greta Gerwig zuzendari eta gidoigilearen eta Saoirse Ronan aktorearen lana dira, besteak beste, indarguneak.

Musikan, berriz, hainbat pizgarri izan ditut aurten. Tartean, Miren Narbaiza musikariak bakarkako ibilbideari ekin izana Mice izenarekin eta disko eder batekin. Horren erakusgarri da, Buelteri eusten abestia.

Bi bala taldeak ere hirugarren diskoa kaleratu du, Arazo modernoak izenekoa.

Glen Hansard musikari irlandarrak, berriz, urtarrilean aurkeztuko du disko berria, Between two shores, eta aurreratu ditu zenbait kantu azken hilabeteetan, honako hau kasu.

Irlandar musikariei diedan maitasunari jarraiki, diskoa ez, baina euren azken diskoko kanta baten bideoklip bana aurkeztu dute Mick Flannery eta Lisa Hanniganek.

Uda aldean, baita Irlandan nengoela ere,  Van Morrisonen Reminds me of you ibili nuen bueltaka, aurten topo egin baitut abesti horrekin. Azkenaldian, aldiz,  Berri Txarrak taldearen Infrasoinuak diskoa dabilkit egunero itzulinguruka, cd-ak edo nik su hartu arte.

Eta nola ez, ezin bertsolaritza bazterrean utzi. Bertsozaleok garenok, udazken honetan gozatu ederra hartu dugu bertsoekin, kantuan atera diren gai berriekin eta diskurtso interesgarriekin. Hori bai, arrakasta itzela izan duena Aitor Sarriegi bertsolariak Andres Calamaroren Paloma abestian oinarrituta plazaratu duen doinua izan da. Itsaskorra denik ezin ukatu, sare sozialetan esaten dena kontuan hartuta, eta baita esperientzia propioz ere. Irun baduzu zerbait du izena doinuak eta hemen entzun dezakezue Sarriegiren hainbat bertsoalditan.

Hau guztia eta gehiago izan da aurten.  2017an barruan arrastoa utzi didaten horiek iraungo al dute hemendik hamar urtera? Auskalo!  Ea 2018ak zer dakarkigun! Zazpi zenbakirik ez dugu izango, baina segi dezagun antzerkiaren, literaturaren, filmen, musikaren zein beste edozein kultur adierazpideren magiaz gozatzen. Urte magikoa izan dadila 2018a ere!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude