Etiketaren artxiboa: nerabezaro

Barruko apalategiak

Apalategietan gero eta liburu gehiago ditut eta espaziorik gabe ari naiz geratzen. Irakurritako liburuak dira gehienak eta zain daudenak beste batzuk. Ezinbestean, etxeko apalategietako liburuek nire bizitzan izan duten garrantziaz jabetu naiz.

Umea edota nerabea nintzenean, banuen liburutegiko txartela baina ez dut gogoan askorik erabiltzen nuenik. Horren ordez, etxeko apaletan topatutakoak irakurtzen nituen: anaiari eskolan agindutakoak, niretzat erositakoak, han edo hemen oparitutakoak…Gustukoenak behin baino gehiagotan irakurtzen nituen, denboralditxo bat igarotakoan. Aspergarria litzateke askorentzat; nik, irakurraldi bakoitza gozatzen nuen, ordea. Gogoan nuen istorioaren nondik norakoa, noski, baina beti topatzen nituen ahaztuak ziren xehetasunak edo aurrez erreparatu edo ulertu gabekoak. Kontuan hartu behar da, gainera, testua bera izan arren, norbera aldatu egiten dela eta, beraz, beste begi batzuekin irakurtzen dela. Zer esanik ez umezaro eta nerabezaro hasieran, denbora tarte laburretan garapen nabarmenak izaten diren garai horietan.

Hazten ari gareneko aldian irakurritakoak bereziki eragiten digu. Nekezagoa izaten da helduak garenean arrastoa edo zirrara sortzen dizuten irakurketak aurkitzea; akaso esperientzia gehiago duzulako izango da edo geruza gehiago, inozentzia gutxiago, harritzeko gaitasun txikiagoa eta abar.

Buruari eragiten aritu naiz haurtzaro eta nerabezaro hasieran munduari usain hartzen lagundu zidaten zenbait lan aipatzeko, eta hauek dira memoriatik berreskuratu ditudanak:

  • Komikiak: Tintinen abenturak irakurtzea nuen gustukoen. Beharbada honek piztuko zidan, ohartu gabe, kazetaritza ikasteko gogoa, nork daki. Asterix eta Obelixen kontu eta komerien berri ere irakurtzen nuen tarteka eta baita Zipi eta Zape ere.
  • Bostak: Enid Blyton ingeles idazleak sortutako bilduma da eta euskaraz irakurtzeko aukera izan genuen haurrak ginela. Hiru anai-arreba eta euren lehengusina dira protagonistak. Generoaz, klase sozialaz eta genero-rolez hausnartzeko aukera ematen dute istorioek, irakurri genuenean kontzeptu horien arrastorik ez izan arren.

Jarraitu irakurtzen