Selfie gosez

Inauteriak ate-joka ditugula eta, selfie lehiaketa antolatu dugu Goiztiri AEK euskaltegian. Ikasleen talde bakoitzak mozorroa pentsatu, beharrezko gauzak bildu, prestatu eta modako autorretratua egin du. Datorren astean geure blogean zintzilikatuko ditugu argazki guztiak eta 1etik 5erako puntuazioa emango diogu irudi bakoitzari. Puntu gehien lortzen duen taldeak, azalean euren irudia duen poltsikoko egutegiak eskuratuko ditu, ikasle bakoitzarentzat bana.

Inauterien inguruko lanketa egiteaz aparte, lehiaketak tarte ederra igarotzeko aukera eman digu eta gogotik egin dugu barre. Horretaz gain, zenbait ikaslek hausnarketari ere ireki dizkiote ateak. Gaztetxoei leporatu ohi diegu sarri mugikorrekiko duten menpekotasunaren ardura osoa eta gogaikarria iruditzen zaigu eguneroko unerik soil edota intimoenak erakusteko duten joera, helduek zerikusirik izango ez balute bezala. Ikasle dudan neraberen batek, ordea, beste batzuen gisan, Instagramen funtzioa zalantzan jarri du eta baita une oro geure buruari argazkiak ateratzeko eta elkarbanatzeko sentitzen dugun premia zentzugabetzat jo ere. Nartzisismo kontua ote?

This image has an empty alt attribute; its file name is selfie.jpg

Gai honen harira, oroitzapenak ere elkarbanatu ditugu eta argazki madarikatu baten mesedetan egiten diren erokeriak izan ditugu hizpide, sare sozialetan irudi bat zintzilikatzearren norbere bizitza arriskatzeko ohitura dutenen burugabekeria.

Burutazio hauek guztiak tarteko, aste honetan sortu dudan testua partekatu nahiko nuke zuekin:

Itsaslabarraren ertzean topatu zintudan olatuen eta lurraren arteko borrokari begira, haizeak zure ilea nahasten zuela. Zuregana hurbildu nintzen pausu mesfidatiz. Sorbalda gainean jarri nizun ukondoa eta gerritik heldu zenidan ehun eta laurogei graduko dantzara gonbidatzeko. Ezkerreko besoa luzatu zenuen, makilaren faltan, eta galdera ikurdun begirada zuzendu zenidan prest ote nengoen jakiteko. Ordurako, ile jolastiak belarri atzera makurtu nahian ari nintzen behin eta berriz; amore eman nuen, ordea, errebeldiaren aurrean, eta botoia sakatzeko eskatu nizun.

Argazki-erauntsiaren emaitzari begiratu genion hurrena eta, gure aurpegierek izututa, errepikatzea erabaki genuen. Ezker aldera egin zenidan tira, enkoadraketa hobetu nahian, baina harri mardul batekin estropezu egin eta balantza arinean hasi zinen, oreka berreskuratu nahian. Eskuarekin eutsi nizun ozta-ozta eta, horri esker, tente mantentzea lortu zenuen baina mugikorrak hatz-mamiak igurtziz egin zizun ihes, urez inguratutako amildegitik behera. Itsas barneak irentsi zituen betiko begi-bilduak eta ilez estalitako aurpegiaren autorretratuak. Sare sozialetan partekatu ahal izango genuen oroitzapen digitalik gabe eta kolore zurbilez itzuli ginen autora.



Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude