Argitalpen honetan Jake Gyllenhaal aktorea izango dugu protagonista. Zergatik? Nire aktore kutun bihurtu delako azken urteetan eta gaur bere 38. urtebetetzea delako, hain zuzen ere. Gaztetxoa zenetik proiektu interesgarrietan parte hartu du eta, film guztiak gogoangarriak izan ez badira ere, oso antzezpen onez gozatzeko aukera izan dugu berarekin.
Bere aktore lan onenetakoen artean aipatuko nituzke Nightcrawler, Nocturnal Animals, Demolition, Stronger edota Prisoners filmeetan eginikoak. Ikusgarria da lan horietarako izan duen konpromisoa, egindako prestaketa lana eta izandako diziplina, zinez miresten diodana.
Gainera, Gyllenhaalek badu literaturarekin loturarik. Izan ere, bere filmeetako askok liburuak edo narrazio laburrak izan dituzte oinarri edo abiapuntutzat. Hona hemen horietako batzuk:
- The Sisters Brothers: Patrick De Witt idazlearen izen bereko liburuan oinarritu ziren gidoia idazteko Jacques Audiard filmaren zuzendaria eta kolaboratzaile duen Thomas Bidegain mauletarra. Antza denez, filmeko anaietako baten papera egiten duen John C.Reilly aktoreak eta Alison Dickey ekoizleak begiz jo zuten istorioa eta film bihurtzeko grina piztu zitzaien. Euren bultzadari esker ikusi ahal izan genuen proiektuaren emaitza aurtengo Donostiako Zinemaldian. Gainera, Euskal Herrian bertan, Urbasa-Andian, errodatu zituzten filmeko zenbait eszena. 1850ean kokatzen da istorioa, Estatu Batuetako Oregon estatuan, eta uretan urrea bistaratzeko likido bat asmatu duen kimikari baten atzetik abiatuko dira hiltzaile ospetsuak diren Brothers anaiak, John C. Reillyk eta Joaquin Phoenixek gorpuztuak. Gyllenhaalek, Morrisek, kimikaria geldiarazteko lana izango du baina gauzak ez dira Sisters anaiek nahi bezala aterako.
- Wildlife: Richard Ford estatubatuarrak idatzitako nobela honek Paul Dano aktore eta zuzendaria liluratu zuen eta gidoi zirriborro bat idazten hasi zen. Zoe Kazan aktore, antzerkigile eta gidoigileari eman zion irakurtzeko eta hark guztiari forma ematen lagundu zion. Danok zuzendu zuen filma eta Carey Mulligan eta Jake Gyllenhaal aukeratu zituen senar-emazte roletarako. Istorioa nerabe baten ikuspegitik kontatzen da; aitak lan arriskutsu bat egitera joatea erabakiko du eta amak gorabehera ugari izango ditu horren ondoren, egoera ezin ulerturik. Gyllenhaalen lana azpimarratu dute kritikari askok baina batez ere Mulliganena. Oraindik ez dut filma ikusteko aukerarik izan baina ea gugana ere iristen den.
- Stronger: Jeff Bauman estatubatuarraren istorioa kontatzen da filmean, berak idatzitako memorietan oinarrituta. 2013ko Bostongo maratoian publiko artean zegoen, lasterka ari zen neska-lagun ohiari babesa ematen, ustekabean lehergailu batek eztanda egin eta, ondorioz, bi hanka ebaki zizkioten belaun gainetik. David Gordon Greenek zuzendutako filmak eztanda ondoren gertatutakoa aztertzen du, Baumani eta ingurukoei nola eragin zien gertaerak eta nola egin zuten aurrera. Pelikula borobila ez izanik ere, Gyllenhaalek denbora asko iragan zuen Baumanekin, ahalik eta antzezpenik zintzoena egin nahian, eta ikusgarria da bere lana, baita Erin Hurleyren papera egiten duen Tatiana Maslanyrena ere.
- Nocturnal Animals: Tom Fordek zuzendutako bigarren filma da hau,eta berak idatzi zuen gidoia, Austin Wright idazlearen Tony and Susan liburua abiapuntu harturik. Amy Adams aktorea Susan da, arte galeria baten jabe den emakumea. Halako batean, bere senar-ohiaren nobela jasoko du irakurtzeko, thriller biolento samarra, Susanek mendeku sinboliko gisa hartzen duena. Gyllenhaalek bi pertsonaia ditu filmean, senar-ohia eta nobelako protagonista, eta biak ala biak ere behar den tonuan josiak, bere dohainen erakusgarri beste behin.
- Enemy: Jose Saramagoren O Homem Duplicado literatur-lanetik abiatuta idatzi zuen gidoia Javier Guillonek eta Denis Villeneuve kanadarrak zuzendu. Adam Bell historia irakaslea da protagonista, nahiko gizon hitsa, errutinan galduta bizi dena. Film bat hartuko du errentan eta bere itxura bera duen aktore bat ikusiko du bigarren mailako paper bat egiten. Hortik aurrera, hura nor den jakiteko obsesioa sortuko zaio. Bi pertsonaiak gorpuzten ditu nire aktore kutunak eta eszena batzuetan bi pertsonaiak batera ageri dira, aktoreentzat erronka izan daitekeena.
- Love & Other drugs: Jamie Reidy estatubatuarraren HARD SELL: The Evolution of a Viagra Salesman liburuan oinarritu ziren filma idazteko garaian. Anne Hathaway aktorea Parkinsona duen emakume gazte baten paperean sartzen da eta Jake Gyllenhaal produktu farmazeutikoak saltzen aritzen den Jamie Randallenean. Komedia eta drama nahasten dituen pelikula erromantikoa da, nabarmentzekoa ez izanik ere, entretenitzeko balio duena.
- Zodiac: Robert Graysmithek Zodiac serieko hiltzaileari buruzko pare bat liburu idatzi zituen eta horiek izan ziren filma egiteko ideia sortu zutenak. David Fincher izan zen zuzendari, eta talentudun aktore ugari elkartu zituen lan honetarako, Mark Ruffalo, Robert Downey Jr. eta Chloë Sevigny esaterako. Gyllenhaal Graysmith bera da filmean, egunkari bateko karikaturagilea, detektibe amateur lanetan hasiko dena Zodiac hiltzailea nor den jakin nahian. Egunkarira bidaltzen dituen kodeak deszifratzen saiatuko da horretarako. Misterioz betetako pelikula da, biolentzia alde batera utzita, gustura ikusten dena.
- Brokeback Mountain: Annie Proulx idazlearen narrazio labur bat izan zen artelan honen hazia. Bi cowboy-en istorioa du ardatz filmak, euren arteko harreman sekretu eta debekatua, urteetan luzatzen dena. Bi cowboy hauek Aguirre abizeneko estatubatuar baten ardiak zainduko dituzte Brokeback izeneko mendian eta horixe izango da harreman honen abiapuntua. Ang Lee zuzendariaren eskua eta lau aktore nagusien lan ezin hobea azpimarratzekoak dira, bereziki Michelle Williams eta Heath Ledgerrena. Arrakasta handia lortu zuen eta mugarri bat ere jarri zuela esango genuke. Zinemazale askoren oroimenean iltzatua dagoen pelikula da hau.
- October Sky: Homer H. Hickam Jr. memorietan oinarritutako istorioa da. Meategietan lan egiten zuen gizon baten semea da bera eta Sputnik aireratzen ikustean sortutako emozioek, harra piztuko dute harengan. Suziriak eraikitzeari ekingo dio bere lagunekin batera, aita ados egon ez arren. Gyllenhaal Homer da filmean eta bere gaztetasuna eta inozentzia puntua eransten dio, samurtasun handia sorrarazten duena.
Gyllenhaalek badu literaturarekin bestelako harremanik ere, argi erakutsi baitu irakurzalea dela. Zenbait ekitalditan testuak eta poemak irakurtzeaz gain, Riva Markerrekin batera sortutako ekoiztetxeari Nine Stories izena jarri zion, J.D. Salingerren nobelaren omenez. Halaber, bere txakurra Atticus izendatu zuen, Harper Lee idazlearen To Kill a Mockingbird liburuko pertsonaiagatik. Badirudi etxetik datorkiola zaletasuna, Maggie Gyllenhaalek Elena Ferranteren nobela batean oinarritutako filma zuzentzeko asmoa baitu.
Hau gutxi balitz, musikarekin ere badu lotura. Gaztetxotan talde batean aritu zen gitarra-jotzaile eta letragile eta zenbait kanturen bideoklipetan ere parte hartu du. Antzerkian abesteko aukera izan du behin baino gehiagotan eta, jende askok jakin ez arren, ondo moldatzen da horretan ere. Azpiko bideoan ikus dezakezue Cary Fukunaga zuzendariak Sunday in the Park with George antzezlanaren entseguak aprobetxatuz diseinatu eta grabatutako bideoa.
Hau guztia jakinik, nola ez dugu ba maitatuko? Urte askotarako opa diogu eta bere lanaz gozatzen jarrai dezala. Guk pozik segituko dugu bere arrastoa, inspirazio iturri eta aberasgarri zaigulako.