Apalategietan gero eta liburu gehiago ditut eta espaziorik gabe ari naiz geratzen. Irakurritako liburuak dira gehienak eta zain daudenak beste batzuk. Ezinbestean, etxeko apalategietako liburuek nire bizitzan izan duten garrantziaz jabetu naiz.
Umea edota nerabea nintzenean, banuen liburutegiko txartela baina ez dut gogoan askorik erabiltzen nuenik. Horren ordez, etxeko apaletan topatutakoak irakurtzen nituen: anaiari eskolan agindutakoak, niretzat erositakoak, han edo hemen oparitutakoak…Gustukoenak behin baino gehiagotan irakurtzen nituen, denboralditxo bat igarotakoan. Aspergarria litzateke askorentzat; nik, irakurraldi bakoitza gozatzen nuen, ordea. Gogoan nuen istorioaren nondik norakoa, noski, baina beti topatzen nituen ahaztuak ziren xehetasunak edo aurrez erreparatu edo ulertu gabekoak. Kontuan hartu behar da, gainera, testua bera izan arren, norbera aldatu egiten dela eta, beraz, beste begi batzuekin irakurtzen dela. Zer esanik ez umezaro eta nerabezaro hasieran, denbora tarte laburretan garapen nabarmenak izaten diren garai horietan.
Hazten ari gareneko aldian irakurritakoak bereziki eragiten digu. Nekezagoa izaten da helduak garenean arrastoa edo zirrara sortzen dizuten irakurketak aurkitzea; akaso esperientzia gehiago duzulako izango da edo geruza gehiago, inozentzia gutxiago, harritzeko gaitasun txikiagoa eta abar.
Buruari eragiten aritu naiz haurtzaro eta nerabezaro hasieran munduari usain hartzen lagundu zidaten zenbait lan aipatzeko, eta hauek dira memoriatik berreskuratu ditudanak:
- Komikiak: Tintinen abenturak irakurtzea nuen gustukoen. Beharbada honek piztuko zidan, ohartu gabe, kazetaritza ikasteko gogoa, nork daki. Asterix eta Obelixen kontu eta komerien berri ere irakurtzen nuen tarteka eta baita Zipi eta Zape ere.
- Bostak: Enid Blyton ingeles idazleak sortutako bilduma da eta euskaraz irakurtzeko aukera izan genuen haurrak ginela. Hiru anai-arreba eta euren lehengusina dira protagonistak. Generoaz, klase sozialaz eta genero-rolez hausnartzeko aukera ematen dute istorioek, irakurri genuenean kontzeptu horien arrastorik ez izan arren.
- Euskal pertsonaiak eta umorea: Lazkao Txiki, Pernando Amezketarra eta Fernando Plaentziarraren izaeraren eta pasadizoen berri izan nuen izen bereko liburuei esker. Zenbat irribarre eta barre algara sortu zizkidaten! Umorearen hariari jarraiki, Esaera zaharrak eta txiste berriak liburua izaten zen laugarren burua. A zer matraka eman izan nion osaba Pedro zenari Eguberri eguneko bazkalondoetako irakurketetan, eta ez zen inoiz kexatu!
- Euskal mitologia eta ipuinak: pertsonaia mitologikoen ipuinetan zirrara berezia eragiten zidan Patxi errementariak. Hori dela eta, pozgarria izan da istorioa pantaila handian ikustea aurten. Honetaz gain, hainbat ipuin tradizional ere irakurri nituen: Hiru txerritxoak, Mari Errauskin, Loti Ederra, Ahatetxo itsusia…
- Euskarazko literatur lanak: atal honetan ezingo nuke Atxaga aipatu gabe utzi. Bere hiru lanek zirrara berezia eragin zidaten, nahiz eta artean guztiz ulertzeko gai ez nintzela esango nukeen. Bi anai izan zen gehien harritu ninduena, istorioagatik eta estiloagatik. Behi euskaldun baten memoriak irakurtzen hasi nintzen baina utzi egin nuen erdialdera, nigan ohikoa ez dena. Ez nintzen prest izango liburu harentzat. Gizona bere bakardadean euskal gatazkaren inguruan irakurritako lehen liburua izango nuen ziur asko eta barruraino iritsi zitzaidan. Hemen aipatzekoak dira baita ere Arantxa Urretabizkaiaren Saturno eta Joxean Sagastizabalen Kutxidazu bidea, Ixabel.
- Gaztelaniazko liburuak: azpimarratu beharrekoa dut Laura Esquivelen Como agua para chocolate, errealismo magikoaren munduan murgildu ninduena, eta baita Pio Barojaren La casa de Aitzgorri ere. Oso kutuna nuen irakurketa Fernando Lalanaren El zulo zen, oso estilo zinematografikoa zuela iruditzen zitzaidana. Antzerki talde baten ibilera eta bertako kide diren nerabe batzuen istorio hutsa dirudiena, korapilatu egiten da garai hartako egoera politikoarekin nahasten denean, eta polizia-nobela bihurtzen da.
- Bestelakoak: jatorriz katalanez idatzia baina nik gaztelaniaz irakurritako Tots els detectius es diuen Flanagan liburuarekin izan nuen Flanagan detektibearen berri. Hau ere bilduma bat da, hamahiru lanez osatua. Honetaz gain, beste hizkuntza batzuetan idatziak izanik ere, gaztelaniazko itzulpenen bidez gozatu izan ditudan izenburu hauek nabarmendu nahi ditut: Jan Terlowren Gevangenis met een open deur, sekta baten atzaparretan erortzen diren lagun batzuei buruzko kontakizuna; Susan E.Hintonen Rumble Fish, nerabe baten bizimodu bortitza kontatzen duena; Michael Crichtonen The great train robbery, lapurreta baten planifikazioa eta gauzatzea ; The catcher in the rye (Zekale artean harrapaka), J.D. Salingerren liburu ospetsua, Holden Caulfield nerabearen gorabeherak kontatzen dituena; eta Roald Dahlen The Wonderful Story of Henry Sugar and Six More (Henry Sugarren ixtorio miresgarria), istorio ederrak eta pertsonaia liluragarriak dituena, auto-stop egilea esaterako.
Ahaztuko nuen beharbada libururen bat, baina zerrendan daudenak kutunak nituen benetan. Geroago, institutu garaian eta hortik aurrera, ere izan dira arrastoa utzi didatenak baina hauek bereziak izango dira beti; nire barruko apalategietan geratuko dira, egurrezkoetatik desagertu izanik ere.