Joxan Artzeren heriotzarekin batera, mezu asko azaldu dira sareetan azken asteetan. Batzuek, gutxi batzuek, euren lana behar beste ez ezagutu izanagatik kezka azaldu dute, eta gehiengoak bere lana laudatu du. Eta, noski, horrekin batera, Bi balaren abesti hau etorri zait gogora, norbait hiltzen denean sortzen den goraipamen kolektibo horri kritika egiten dion kantua.
Hain zuzen ere, jendea santutzeko dugun joerari buruz idatzi du Xabier Mendigurenek Berria egunkarian argitaratutako Santuak eta testamentuak iritzi artikuluan. Guztiz bat nator dioenarekin, azken finean, sortzaileak ere gizakiak baitira, euren argi-ilunekin. Eta pertsona batekiko miresmena senti dezakegu baina baita, aldi berean, dezepzioa ere. Bakoitzaren dosia eta maiztasuna, pertsonaren jokamoldearen eta norberaren pentsamoldearen araberakoa izaten da. Gauzak zuri edo beltz ikusteko joera izan badezakegu ere, onartu beharra daukagu, nahi izan ala ez, batere gogoko ez dugun horrek zerbait ona egingo zuela, eta miresten dugunak ankerkeria edo okerren bat ala beste duela bizkar-zorroan gordeta.
Xabier Leteren plagioaren berririk ez dut orain arte izan, eta gertaera horrekin adiskidetzeko prozesuan ari naiz. Amarengandik jaso dut Leteri izan diodan miresmena, abestien bidez batez ere. Bere libururen bat edo beste ere irakurri izan dut eta, sinesmen kontuetan bat egiten ez dugun arren, beti jaso izan dut zerbait haren hitzetatik. Bere sentiberatasunak, begiradan sumatzen nion minak eta nostalgiak, zirrara sortu izan dit behin baino gehiagotan.
Eta orain, beste poeta batzuen poemak itzuli eta bereak baliran publikatu dituela jakin dudanean, lehen aipatutako bi elementuak sentitu ditut topeka nire baitan: miresmena eta etsipena. Baina mingarria izanik ere, lurtar bihurtu dudala iruditzen zait, pertsona, bere argi eta itzalekin, zenbaitetan asmatu eta beste batzuetan kale egin duen gizaki. Eta horrek lasaitua ere ematen du, aizue, gizaki perfekturik ez dagoela berresten baitit, eta baimena ematen digu gainerakooi ere hanka sartzeko eta ingurukoek gure akatsak onartzeko. Ispilu baten modura funtzionatzen du, nolabait.
Artzeren dohainak eta ekarpenak ere azpimarratu ditugu azkenaldian, eta sare sozialetan Ama hil zait izeneko poema ere ibili da bueltaka. Hau ere Mikel Laboak kantu bihurtu zuen.
Gerora, sinesmenaren altzoan babesten hasi zenean, damutu egin zen Artze poema honetaz eta, aurrez harrokeriaz aritu zelakoan, berridatzi egin zuen. Gaur egungo begietatik begiratzen dugunok,lehen bertsioaren aldeko hautua egingo dugu, ziur asko; hala ere, bere baitan izan zuen eboluzioa errespetatzea besterik ez zaigu geratzen, bat egiten ez badugu ere. Mendigurenek dioen moduan, adierazpen askatasunaren aldarria egiten badugu, horrelakoak onartzea ere badagokigu. Bestela, ez ote ginateke Artzek bere buruari leporatzen zion harrokerian eroriko? Ala gurea ote da egia absolutu bakarra?
Hausnarketa orokorrez gain, honelakoetan ohikoa izaten da hildakoarekin izandako esperientziaren bat edo loturaren bat gogora ekartzea eta, nik neuk ere zazpi urte egin dut atzera, 2011ko ekainera, hain zuzen ere. Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren inguruko graduondoaren azken eguna genuen, eta Artze etorri zitzaigun poemez eta kartez osatutako ikuskizun bitxia eskaintzera. Sorguneak ikertegiko kide den Iñaki Urruzolak niri eskatu zidan ekitaldi amaieran Joxan Artzeri loreak emateko, omenaldi eta eskertza modura. Hala, berarengana hurbildu nintzen erramilletea besoetan, masailak gorrituta eta ia hitzik ateratzen ez zitzaidala. Lore-sorta harekin nora nindoan galdetu zidan Artzek, eta berarentzat zirela erantzun nion, begiradaren bidez ondo merezita zeukala adieraziz. Bi musu eman eta ziztu bizian itzuli nintzen nire tokira, protagonismotik ihesi.
Saioaren ondoren, ikasleok prestatutako emanaldia egin genuen; dantza, musika, kantua…denetik izan genuen. Hartan ari ginela, Artze agertu zen, autoko bateria agortu zitzaiola-eta. Jon Sarasua eta beste kideren bat laguntzera atera ziren eta, horri esker, etxera itzuli ahal izan zuen usurbildarrak.
Eta ezin bi elementu horiek burutik kendu orain, heriotzaren sinbologia hutsa iruditzen baitzaizkit: lore-sorta eta bateria agortua. Baina heriotzarekin ez ezik, bizitzarekin ere baduela lotura iruditzen zait; batzuetan loreak jasoko ditugu, eta beste batzuetan bateria agortu zaigula konturatuko gara, edo hala leporatuko digute. Loreak jasotzean, berehala zimelduko direla kontuan hartzea komeni da. Bateriarik gabe geratzen garenean, berriz, ondoan kargatzen lagunduko digun nor edo nor topatzea izango da garrantzitsuena, edota guk geuk autonomia handia duen bateria kargagailu buruaskia izatea.