Saretutako hitzak

Argazkia: La Salle ikastetxea

Euskarazko liburuekin kalera atera ginen joan den igandean Beasainen. Herriko hainbat txokotan, zutik zein eserita, liburua irakurtzen aritu ziren bertako haur eta helduak. Beasaingo Ezkiaga auzoan genuen abiapuntua eta, bertan apur bat irakurri eta abestu ondoren, liburuak eskuetan genituela, kalejiran abiatu ginen Beasaingo Ezkiaga auzotik Dolarea parkera, trikitilari eta txistulariek lagunduta. ibilbidean aurrera egin ahala, gero eta irakurle gehiago batu ziren eta koadrila ederra elkartu ginen amaieran.

Argazkia: La Salle ikastetxea

 

Argazkia: Juantxo Unanua

Dolarea parkean ekitaldi eder bezain xumea burutu zen. Irati Goikoetxeak gidatu zuen saioa eta denetik izan zen: marrazketa, dantza, literatura, bertsoa, kantua….Ikuskizun artistiko anitza, azken finean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Era berean, ekimen interesgarria ere jarri zen martxan. Herriko hainbat lantegi edo taldeetako ordezkariei euskarazko liburuak banatu zitzaizkien gune horietan irakurketa sustatzeko. Toki bakoitzeko kidea eskuratu duen liburua irakurtzeaz arduratuko da eta fitxa bete ondoren,  beste lankide bat topatuko du gauza bera egiteko. Horrela, katea ez etetea lortuko da eta liburua bizirik mantentzea eskuz esku.

Argazkia: La Salle ikastetxea

Aurrez parte-hartze kopuruaren inguruko errezeloak banituen ere, jende asko bildu zen euskarazko liburuaren aldeko aldarria egiteko. Hunkigarria izan zen kalean herritar ilara luzea ikustea, liburua eskuetan zutela. Bereziki gogoan dudan uneetako bat ozen irakurri genuenekoa izan zen. Dolarea parkeko harmailetan eserita geunden dozenaka lagunei liburua zabaldu eta aldi berean ahots goran irakurtzeko enbidoa bota zigun Irati Goikoetxeak , eta handik gutxira zurrumurru zoragarria sortu zen parkean. Hainbat ahots ezberdin euskarazko hitzak aireratzen, haizeak zabal zitzan.

Argazkia: Juantxo Unanua

Orduan konturatu nintzen ezkutuan, bakardadean eta isilpean egiteko joera dugun hori, egun argitan,  kalean eta jendartean elkarbanatu dezakegula. Irakurle taldeek balio dute horretarako, irakurketaren inguruko hausnarketak partekatzen ditugulako ingurukoekin eta  baita geure bizipenak ere sarritan. Baina gauza gehiago ere egin litezke, igandekoak erakutsi zigun moduan. Elkarrekin ahotsak, euskarazko hitzak, sentipenak… josi eta josi aritu gaitezke, sare bihurtu arte. Erronka polita dugu Beasainen datozen udaberrietarako.

Goierri telebistaren bideoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude