Misterioa argitzen

Unibertsitatean irakasle izandako Txema Larrea zendu zen uztailean, eta memoriaren zirrikituren batean gordetako oroitzapen lausoak berreskuratu nituen ezustean. Kazetaritzako ikasketen lehenengo urtean izan genuen irakasle, nahiz eta gutako askok ez genion gauza handirik irakasten utzi.

Oroitzapenek engainatzen ez banaute, aulkian eseri eta ahotsa askorik altxatu gabe aritzen zen mahai gaineko apunteak irakurtzen. Begiratu ere ez gintuen ia egiten, herabe antzean edo. Bigarren lauhilekoko klase haiek aurrera egin ahala, gero eta ikasle gutxiago biltzen ziren ikasgelan. Bere klaseetara huts egiteagatik errudun sentitu arren, arreta mantentzea kosta egiten zitzaigun, 18-19 urteko gazte haiek interesatuago baikeunden gelatik kanpora gertatzen ari zirenekin edo gerta zitezkeenekin, pareta haien barruan irakasleak kontatzen zituenekin baino. Udaberriko lehen eguzki izpiek unibertsitate-campus ondoko belardira erakartzen gintuzten, lagun-min bihurtzen ari ziren ikaskideekin berriketan lasai egotera.  (Ama eta aita: inoiz hau irakurtzen baduzue, jakin ezazue ‘gu’ pertsonaren aditz forma erabili arren, nik ez nuela piper egiten, zintzo-demonio aritzen nintzen ikasgelan apunteak hartzen).

Bere heriotzaren berri jakin nuenean, Larreari buruzko kontu asko ezagutu nituen. Ez nekien Sarrionaindiarekin batera “Alkohol-poemak” liburua argitaratu zuenik, esaterako, eta ezta frankismo garaian ETAko kide izan zenik ere. Eta noizbait horrelakorik entzun banuen, ahanzturan galdua nuen. Argiaren artikulu honetan aipatzen den moduan, erabateko misterioa zen niretzat, argitu gabea.

Honek guztiak hausnartzera bultzatu ninduen; ingurukoak gertu izanagatik ere, askotan ezezagun izaten direla gogorarazi zidan, edo azaletik soilik ezagutzen ditugula. Pertsonaren irudi bat egiten dugu eta batzuetan aurreiritziz betetakoa, gainera, zer esanik ez nabarmenak edo deigarriak diren ezaugarriren batzuk baditu. Erraz jartzen ditugu etiketak, egokiak diren ala ez kezkatu gabe, eta batzuetan ez dugu hortik ateratzeko asmorik izaten. Badirudi ondokoa katalogatzeak ziurtasuna ematen digula, kontrola.

Egia da katalogatutakoa ez dela beti okerra izaten baina ohikoa izaten da hortik harago ez ikustea eta, hori dela eta, pertsona hori benetan ezagutzeko aukera galtzea. Azken urteetan jabetu naiz honen garrantziaz, zenbait pertsonaren alderdi gehiago ezagutu eta euren dimentsioa handitzen ikustean.Honetarako bi gauza behar dira: batetik, norberak bestea ezagutzeko interesa eta arreta jartzea eta, bestetik, besteak ezagutzeko aukera ematea. Izan ere, askotan geuk nahi duguna erakusten dugu bakarrik, edo ahal duguna.

Orain Larreak argitaratutako liburuak irakurtzeko gogoa piztu zait, berak egindako lanaz jabetu eta, bide batez, bera nor zen ezagutzeko. Ohikoa izaten da jende ospetsua hil eta gero, eurek egindakoaren arrastoaren atzetik hastea: libururen bat irakurri, kantu gehiago entzun, filmak ikusi…Pertsona batzuk bere jardunaren bidez ezagutzen ditugu soilik baina beste batzuk bertatik bertara ezagutzeko aukera dugu. Ez dezagun abagunea galdu,  bestela beste batzuen eskutik baino ez baitugu jakingo gure inguruan ibili izan zen pertsona hori nor eta nolakoa zen. Misterioa argitzen saiatzera gonbidatzen zaitut.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude