Danele Sarriugartek kaleratu berri duen Azala erre nobelan, parte-hartzaile batek sariketa batean egindako iruzurra kontatzen da, tartean beste baten lana ere aurkezten duelako sariketara, autorearena berarena bailitzan.
Sariketek sarritan izan dute iruzurraren mamua inguruan, baina parte-hartzaileek baino, epaimahaikideen aukeraketek sortu ohi dute zalantza: interes jakinak daudela, izen handiei bakarrik ematen zaizkiela sariak…Azken finean, lanen kalitatearekin baino bestelako kontuekin zerikusia duten arrazoiak izaten direla tarteko epaia emateko garaian. Eta ez dut ukatuko halakoak gertatzen direnik, baina ez da zilegi denak zaku berean sartzea.
Hori ez da gertatzen sariketa handietan bakarrik, baita tokian tokikoetan ere. Beasainen 1989an jarri zen martxan haur eta gaztetxoei zuzendutako idatzizko lehiaketa, euskarazko sormen lana sustatu nahian. 8 urtetik 12ra bitartekoetan, herrikoek parte har dezakete soilik, eta 12tik 18rako tartean, berriz, eskualdekoek. Prosa, poesia eta bertso lanak aurkezten dituzte, mailaren arabera.
Ni umea edo gaztetxoa nintzela, behin baino gehiagotan entzun nuen beti honi eta hari ematen ziotela saria, eta susmagarritzat jotzen zuten. Inbidia izango zen, ziur asko, susmo txar horien atzean, norbere argazkia, seme edo alabarena liburuxkan ikusi nahi izatea, edota diru-saria jasotzeko grina.
Azken urteetan, Beasaingo idatzizko lehiaketan epaimahai lanetan aritzeko aukera izan dut Jon Ordoñez eta Ekaitz Goikoetxearekin batera. DBH eta Batxilergoan dauden ikasleen lanak dira guk aukeratzen ditugunak. Udaletxeko teknikariak A, B eta D mailetako lanak ematen dizkigute, izenburua eta ezizena jarrita, inolako datu pertsonalik gabe, ez izen-abizenik eta ezta ikastetxearen izenik ere. Bakoitzak bere kabuz irakurri, gure ebazpena elkarri bidali, eta aurrez aurre bildu ohi gara adosteko. Udaletxeko bilera-gelan elkartu, eta komunean ditugun aukerak ikusi eta aztertu ondoren, maila bakoitzeko postuak finkatzen ditugu. Amaitutakoan, teknikariari jakinarazi eta zer lan aukeratu ditugun esaten diogu, akta bete dezan. Une horretan jakiten dugu guk hautatuko lanak norenak diren. Eta, bai, urtez urte errepikatzen diren izenak izaten dira tartean, etxe bereko bi edo hiru kide… Eta ez zaituztet engainatuko, ez da kasualitatea, baina ez dauka gurekin inongo zerikusirik; etxean edota inguruan jasotakoarekin bai, ziur asko.
Hortaz, ez naiz iruzurren lekuko izan, nahiz eta ni neu iruzurra egiten ari nintzela sentitu izan dudan. Izan ere, epaimahaiko kide bihurtu nintzenean, lan horretarako behar beste jakintza eta dohain ba ote nuen galdetu nion neure buruari. Hori gutxi balitz, nire umetako edo gaztetxotako aurpegiaren argazkia sekula liburu preziatu haietan argitaratu gabea zen. Irakasleek nire zenbait lan hautatu, eta parte-hartzeagatik hainbat kamiseta, koaderno eta boligrafo eskuratu arren, ez nuen sekula saririk lortu eta ezta aipamenik ere. Hara non, talenturik demostratu gabeko ume hura, zer eta epaimahaikide!
Hau dela eta, urterik urtera gero eta gehiago izaten ditut gogoan sari-banaketan oholtzara igotzen ez diren horiek. Izango dira emaitzaren zain irrikaz daudenak, aitortza txikia jasotzeko itxaropena izan eta burumakur geratzen direnak, saririk ez jasotzean irakasleek esaten dioten bezain ondo ez duela idazten sinesten dutenak…Utikan pentsamendu eta sentipen horiek! Ez sinetsi zuen alde ezkorrak esandakoa. Benetan diotsuet, ez duzue oroigarririk edo diruz betetako gutun-azalik behar. Horiek ere gustura hartzen dira, noski, baina barnekoa da garrantzitsuena: borborka duzuena ateratzea, idazten gozatzea eta noizbehinka sufritzea, sortutako mundu horietan bidaiatzea, mundua eta zeuen burua hobeto ezagutzea… Eta kanpotik datorrena, balio erantsia da.
Donariak iritsiko dira, etorri behar badute, baina gozatu benetan merezi duten sari gehigarri horiez: idatzitakoa besteekin partekatzea, norbait zuek idatzitakoarekin hunkitu egin dela jakitea, zure testuan oinarritutako ilustrazio eder bat izatea, beste baten ahotik zuk idazteko duzun gaitasuna edo irudimena izan nahiko lukeela entzutea…Begira neuri, sekula ezer irabazi ez eta, hala ere, aipatutako guztiaz gozatzeko aukera izan dut, eta orain zuen testuak irakurtzea da oparia. Esandakoa modu dotoreagoan borobiltzeko, hona hemen Aitor Sarriegik egunotan bertsotan kantatu duen mezua: <<eta azken aholku bat/ eduki arren antsia / mendian den bezalaxe/ bideak du garrantzia>>. Bada, horixe, bidea da saria.