Hika antzerki taldearen Koadernoa zuri antzezlana hainbat emanaldi egiten ari da Euskal Herrian eta laster obraren sortzaileetako bat den Arantxa Iturbek izen bereko liburua aurkeztuko du. Antzezlaneko istorioan, alaba zaharrenak idatziko du koaderno zurian, urtetan barruan gordetakoak ateratzeko asmoz. Obraren zuzendari eta sortzaile den Agurtzane Intxaurragak adierazi duen bezala, <<zuri, amari, protagonistetako batek idazten dion koadernoa daukagu, eta, bestetik, urtetan zuri egon den koaderno bat da, esan ezin izan diren hitzez betetzeko prest. Ikusleei koaderno zuri bat eskaini eta hura betetzeko gonbita egin diegu. Denok daukagu barruan bizi izan dugun zerbait, gurekin daramaguna, hitzen bidez adierazteko gai izan ez garena>>.
Hain zuzen ere, horixe da jende askori ezinegona sortzen diona: koaderno edo orri zuria. Zenbat ikasle geratu ote dira orriaren edo ordenagailuaren aurrean izoztuta? Zenbat ikasle, idazle, sortzaile, maitale, lagun…? Azken finean, beldurtuta, trabatuta, barruko pentsamendu edo emozio uholdea hitzez hitz nola askatu asmatu ezinda.
Duela gutxi entzun nion Tom Ford diseinatzaile, zuzendari eta gidoigileari, idazten hasteko zer kontatua izan behar dela. Zer kontatua dugunean ere, komeria ugari izaten dira sarritan, edukiaz gain forma erabakitzea izaten baita zailtasunik handienetakoa, hau da, adierazi nahi duguna nola helarazi.
Eta lehen baldintza ere betetzen ez bada? Idazteko gogoa izan dezakegu baina gairik ez izan buruan, istorioa edo mamia falta. Alferrikako lana dela irudituko zaio askori zer esan nahi duzun jakin gabe lumari heltzea, baina Picassok inspirazioak lanean harrapatzea espero izaten omen zuen.
Beraz, zer egin daiteke idazteko gogoa izan baina zertaz aritu ez dakigunean? Idazle Eskolan jaso nuen galdera honen erantzuna, bertan ikasi bainuen heldulekuak edozein tokitan topa daitezkeela: kaleko objektuetan, irudietan, argazkietan, kantu batean, hitzetan, espazio batean…Zentzumenak irekitzea da kontua, eta barruak “klik” egiten dizunean, idazten hasteko garaia iritsi dela esan nahi du. Izan ere, guztia gure barruan eta kanpoan dago aldi berean, eta biek bat egiten dutenean, halako garra sortzen da, zerbaiten abiapuntua dela adierazten dizuna. Ez dago bide guztia hasieratik amaierara ezagutu beharrik, nahikoa da hari-muturra izatea eta hari tira egitea. Berak eramango zaitu joan behar duzun tokira, eta iristen zarenean, emaitza dena delarik ere, beti izango duzu bidean aurkitutakoak sortutako zirrara.