Etiketaren artxiboa: emakumeak

Futboletik harago, saskibaloiak Serbia konkistatu du

Ia hilabete pasa dela Europako Saskibaloi Txapelketa bukatu zenetik? Ba bai. Ezin dudala horren inguruan idatzi gabe geratu? Baita ere! Baina aizue, entzun al duzue zerbait Europako Saskibaloi txapelketaren inguruan?

Ekainaren 27tik uztailaren 7ra bitarte, Serbian Europako emakumezkoen maila goreneko saskibaloiaren erakustaldi bikainaz disfrutatzeko aukera izan zen. Bertan, Serbiako selekzioarekin batera, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Bielorrusia, Eslovenia, Hungaria, Italia, Letonia, Montenegro, Txekiar Errepublika, Errusia, Suedia eta Turkiako selekzioek lehenengo postua nork lortuko zuen jakiteko lehiatu ziren.

Txapelketa aurretik Serbia, Espainia, Frantzia eta Belgika ziren urrea eramateko aukera gehien zituzten taldeak, 2018an Tenerifen izandako Munduko Txapelketan zein azken hilabeteetan talde bakoitzak kantxan erakutsitako maila altua dela eta.

Serbian jokatu den txapelketa jarraitu genuonok (Sanferminak baziren ere mugikorrari itsatsita egon naiz), inoiz baino saskibaloi maila altuenaz gozatzeko aukera izan genuen. Espainiako selekzioak historia egin zuen, Frantziaren aurka finala irabazi eta Europako txapeldun bezala errepikatu zuen. Frantzia bigarren geratu zen, Serbiak hirugarren eta Erresuma Batuka laugarren postua lortu zuten bitartean.

Txapelketako jokalari onenaren saria (MVPa), Astou Ndour (ESP) izan zen. Jokalari senegaldar honek WNBAko Chicago Sky taldean jokatzen du eta Eurobasket honetan Alba Torrens jokalariaren lekukoa hartu zuen Eurobasketeko jokalari onena bezala. Ndourrekin batera, Sandrine Gruda (FRA), Sonja Petrovic (SER), Temi Fangbele (GB) eta Marta Xargay katalanak txapelketako boskote onena osatu zuten.

Eurobasket honetan deskubritu edota nabarmentzekoak iruditzen zaizkidan bost jokalariak hauek dira niretzat:

Astou Ndour (ESP)
Txapelketako MVPa, 2018an Tenerifen jokatu zen Munduko Kopako boskote onenean sartua izan zen. Jokalari senegaldarra asko hobetu du bere jokoa eta ezinbesteko bihurtu da Espainiako selekzioarekin bere barneko jokoarengatik zein kanpotik duen jaurtiketengatik.

Laura Nicholls (ESP)
Ez da urte errexa izan da jokalari honentzat.. Eli Pinedok gidatzen duen Deportistas de Eli-te saioan adierazi zuen moduan (by the way, saioa ikustea gomendatzen dizuet) 2018-19 denboraldian Perfumerias Avenida taldea utzi zuen. Horregatik, finala irabazita jokalari hau malkoak begietan ikusteak izugarri hunkitu ninduen. Jokalari bezala bikaina da, baina pertsona bezala hobeagoa da.

Marta Xargay (ESP)
Alba Torrensen hutsunearen aurrean, bera izan da taldearen lidergotza Laia Palaurekin batera bere gain hartu duena eta bikain egin du. Ezinbesteko jokalaria da eta asko hobetu da azken urteetan.

Maria Vadeeva (RUS)
Nire deskubrimendurik handiena. Pila bat gustatu zain errusiar gazte honen jokatzeko modua eta gertutik jarraitu beharreko jokalaria da dudarik gabe. Gaur egun WNBAko Los Angeles Sparks taldean jokatzen du.

Emma Meesseman (BEL)
Tenerifen egon nintzenean, Belgikako taldeak inork espero ez zuena egin eta laugarren postua lortu zuen. Emma Meesseman ezinbestekoa da Belgikako taldean eta horrela erakutsi du Serbian jokatutako txapelketan ere. Belgikar honek ere WNBAn lehiatzen da, Washington Mystics taldean.

Bukatu baino lehen aipatu beharra dut Alba Torrensen jokoaz gozatzeko aukera faltan bota izan dut, baina barregarria izan da bera komentarista bezala entzuteak, kar, kar, kar! Era berean, ezin ahaztu dezaket Laia Palau handia! Beti bezala fin eta eskuzabal.

PD 1: Amorru handia daukat eta haserre nago Espainiar Estatuko hedabideek Eurobasket-az egindako jarraipenarekin. Izan ere, azken urteotan Espainiako selekzioak izandako emaitzak zein taldearen maila itzela bada ere, taldeak izan duen oihartzuna minimoa izan da. Egoera hau okerragoa da, Munduko Futbol Txapelketan Espainiako taldeak lortutako emaitza eta hauek izan duten jarraipen mediatikoa handiagoa dela ikusten duzunean. Eta hortxe dago arazoa: hedabideen planifikazioan. Izan ere, hau gizonezkoen txapelketak balira, ez zen horrelakorik gertatuko eta kateen atean bakoitzaren jarraipena banatuko lukete.

Baina tira, aipatu beharra dut pozik nagoela behintzat bi lehiaketek jarraipen mediatikoa izan dutela eta emakumezkoak izan direla bai kantxan/zelaian zein platoetan protagonistak jokalari eta komentarista bezala.

PD 2: Jokalarien Instagram-ak utzi dizkizuet, nahi izanez gero nolakoak diren ezagutzeko aukera interesgarria ematen baitu sare sozial honek.

Ustezko berditasuna = desberdintasuna

#KontraKantxa ireki eta emakumea eta kirolaz hitz egiten hasi nintzenetik asko dira gaiaren inguruan izan ditudan solasaldiak. Oso interesgarriak izan dira guztiak, gaiaren inguruan hausnartzen jarraitzeko bideak ireki dizkidatelako horietako askok. Horietako batean, pertsona batek galdegin zidan [testualki ez dut gogoan nola] ea zergatik nengoen kirolean berdintasunarekin hain tematuta, ea lortu nahi nuena zen emakumezkoek gizonezko kirolariek irabazten duten dirutzarra irabaztea.

Hori entzun nuenean zerbait gaizki egiten ari nintzenaren sentsazioa izan nuen. Baina ez okertu, ez. Gaizki eginaren sentsazioa hori pertsona horrek nire nahia eta borroka hau horrela ulertzeagatik [gizonezkoa zen, kasualitatea ote? ez dut uste] . Izan ere, azken urteetan, ustezko berdintasunaren baitan, (gaizki)ulertu egin da emakumezkoon eta gizonezkoen arteko berdintasun hori lortzeko  emakumezkoei ez duten pribilegioak emanez lortzen dela baina gizonezkoek dituzten pribilegioak galdu gabe [noski, hemen sartu beharko ginateke ere ea zein emakumeri eta zeini ez eman zaizkion pribilegio “berriak” eta zergatik gertatu den hori, baina gaur horretaz aritzeko ez dugu tarterik]. Adibidez emakumezko futbolariek gizonezkoen soldata desproportzionatu horiek berdintzea edota zuzendaritza taldeetan emakumezkoren bat edo bi sartzea, talde hori handituz.

Ustezko berdintasun horri egoera partxeatzea deitzen zaio nire etxea eta Munduko txoko txikienean ere. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna botere harremanetan oinarrituta dago. Horrela, bizi garen sistema heteropatriarkal eta kapitalistan gizonezkoek pribilegio gehiago dituzte emakumezkoak baino [kontuan hartu emakumeen artean ere desberdintasunak egongo direla, eta hortaz, botere harremanak jatorri, adin, klase eta kulturaren arabera]. Hori dela eta, berdintasun erreala lortzeko, jatorriz pribilegioak dituztenak horiei uko egin beharko diote pribilegiorik ez dutenek boteretu eta maila berera heltzeko. Adibidez: Talde batean 4 gizonezko badaude eta emakumezkoak sartu nahi baldin badituzte taldean berdintasuna ziurtatzeko, talde horretako  2 gizonek euren lekua galdu beharko dute (pribilegioa) 2 emakumezko taldean sartzeko. Izan ere, orain artean bezala jokatuz gero, taldea 4 kidetik 6 kidera pasako litzateke non 4 gizonezkoak izaten jarraituko luketen emakumezkoak 2 izango zirenean. Berdintasuna non?Hau kontuan izanda imajinatuko duzue ze aurpegirekin geratu nintzen ni, ezta? [Beno, GIFekin ideia bat egin dezakezue].

Geroz eta min eta amorru handiago egiten dit ikusteak zenbatetan emakumezko kirolariek jasan behar dituzten gutxiespenak; emakumezko taldeen desegiteak instituzioetatik dirurik sartu ez eta klubak taldera dirurik ez bideratu nahi ez izatean; edota haurdun geratzeagatik milaka oztopo aurkitzen dituztenean. Bere garaian Osasunarekin gertatu zen, gizonezkoak 2. mailara jeitsi zirelako emakumezkoen taldea desegin zutela eta hori dela eta sortu zen Mulier F.C. 

Zenbatetan irakurri,entzun edo ikusi dugu txapelketa berdin batean  emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietako sarien arteko desberdintasunaz? Aurrekoan txio hauekin topatu nintzen, Athletikek Coruñan jokatu zuten Teresa Herrera txapelketaren emaitza begiratzen ari nintzela:

Badirudi “handitasuna” dela garrantzia duen gauza bakarra: zenbat eta trofeo handiagoa, zenbat eta muskulatura handiagoa, zenbat eta soldata handiagoak.. Beharrezkoa al da handitasun hori? Ez al da gehiegizkoa dena?

Badut sentsazioa pribilegiodunek besteei pribilegioak ematen dizkieten heinean eurenak handitzen dituztela, ez dela galtzen dutela edo berdintasun erreal batetara iristen direla eta euren berdinak bihurtzea benetan!

Nik emakumezko kirolariak eta hauen inguruan dauden emakumeen (fisioak, kirol-kazetariak, prestatzaile fisikoak, etab luze bat) lan guztia aitortzea eta merezi dute garrantzia ematea baino ez dut nahi: bigarren mailako kirolari bezala tratatzeari utzi eta merezi eta behar duten bezala tratatzen hastea eta “emakumezko kirolak ez du jarraipenik, ez dute mailarik” bezalako esaldi lotsagarriak esaten dutenak argi geratzea hori ez dela horrela. Hor daude emakumezko kirolarien kirol emaitzak.

Ez dut gehiago luzatu nahi ze bestela datorren urterarte egon nintzake hemen. Zer uste duzue zuek gai honetaz? Nola bizi duzue ustezko berdintasun hau? Utzi zuen iruzkinak!

Hurrengora arteee ekipo!!!

Kirolak emakume izena du

Ikasturte amaierarekin batera kirol txapelketa guztien amaiera eta finalak ditugu (beno, ia guztiena, ze adibidez WNBAren denboraldi berria hasi besterik ez da egin). Dena dela, azken asteotan medioen kezka nagusia Real Madrileko jokalariek Barçako jokalariei pasiloa egingo zioten edo ez izan da. Bitartean, Athletico de Madril-eko neskek Iberdrola Liga irabazi dute eta azken egunetan jakin dugunez, jokalari bakoitzak 54€ baino ez ditu jasoko ligako tituluaren truke , Estatu Espainiarreko futboleko liga gorena irabazten duten gizonezko futbolari bakoitzak 300.000€ jasoko dituen bitartean.

Txikitatik kirola egin dut: gimnasia erritmikoa, irristaketa, atletismoa, judoa edota nire pasioa den saskibaloia [Aizuek! Kuriositateagatik, zein da zuen kirol gogokoena?]. Ez dakit betidanik kuxkuxera izanagatik edo zergatik baina txikitatik gustatu zait emakume kirolariak ezagutzea, bereziki saskibaloian [ez da igartzen nire kirol gogokoena dela ezta? Kar, kar, kar]. Horretan zortea izan nuen, izan ere 98/99 denboralditik 01/02 denboraldira arte Estatu Espainiarreko saskibaloi txapelketa gorenean, Liga Femenina, jokatu zuen Club Baloncesto Navarra (CBN) taldeak. Larunbat askotan partiduak ikustera joaten nintzen eta bertan Amaya Valdemororen hastapenetaz eta Galina Savitskaiaren mugimenduez gozatzeko aukera izan nuen besteak beste.

Urteek aurrera egin ahala konturatzen joan nintzen gustuko nituen saskibaloi jokalarien artean soilik gizonezkoak zirela prentsan zein telebistan kirol ataletan protagonistak. Nola ezagutuko zituzten nire lagunek nik jarraitzen eta miresten nituen kirolari guztiak ez bazuten horien berri medioetan agertzen ez zirelako?

“Ez du interesik”, “ez du dirurik ematen” edota “aspergarria da” entzun behar izan dut askotan [azkenekoa ez orain dela asko] emakumezko kirolarien presentzia handitu beharra dagoela aipatzen dudanero. BZO?

Nola demontre lortu nahi da interesa sorraraztea medioetan tarterik ematen ez bada eta beraz, egunerokotasunean presentzia ez badute emakume kirolariek? Nola egongo da berdintasuna, egun Espainiako Kirolaren Legeak emakumezkoen konpetizioak (1990. urtekoa) txapelketa profesional bezala hartzen ez baditu? Azken honek eragin zuzena dauka kirolarien profesionalizazioan, izan ere, kirolariek ez dute kontratu profesionalik, ez dute gizarte segurantzan kotizatzen ezta hitzarmen profesionalik ere. Nola egin kirolarengatik apustu, emakumeak protagonista diren albisteetan ‘emakume futbola’, ‘emakume kirola’ edota bestelako goi titularrak erabiltzen bada gizonezkoekin soilik ‘futbola’, ‘kirola’ edota dena delako generikoa erabiltzen den bitartean? Emakume kirolariek egiten dutena ez al da ere kirola?

Zergatik da hain garrantzitsua azken derbia Anoetan jokatu izana? Zergatik beharrezkoa da emakume kirolariek hedabideetan presentzia geroz eta handiagoa izatea? Zergatik da premiazkoa emakumezko kirol kazetari gehiago egotea?

Ez da zaila galdera horiei erantzutea: bizitzako alor guztietan bezala, kirolean ere emakumeok espazioa, presentzia eta erreferenteak behar ditugu!

Adibidez, Euskal Herriko kirolari, kazetaria edota esatarien artean, zenbat ezagutzen ditugu?

Badugu lana, baina laaaaaasaiiiii! Hau ez da auto-fustigazio momentua [beno fusten mundua atsegin baduzue, hori zuen esku, kar, kar, kar].

Horren ordez emakume kirolarien eta taldeen berri izatera animatzen zaituztet, adibidez Euskal Herrian kirol ezberdinetan aritzen diren taldeen edota kirolarien inguruko informazioa bilatzen edota sare sozialetan kirolari hauek jarraitzen.

Kontra-Kantxa honetan emakume kirolariak izango dira protagonista, eurena izango da blog honen espazio guztia. Hilabetean behin hemen izango nauzue, zapatilak soinean kantxa astintzeko prest!


PD: proposamenik baduzue, kirolari jakin batez hitz egitea nahi baduzue edota zeozer komentatu nahi baldin badidazue Twitter bidez jarri zaitezkete nirekin harremanetan (@arkkuso) edota estratosferan@gmail.com emailean!