Ez zen urrea distira egiten zuen guztia

Europako txapelketan eta Olinpiar jokoetan izandako emaitzak tartean eta azken hamarkadan lehenengo aldiz Saskibaloiko Munduko Txapelketarako txartelik ez lortu izanagatik, urte luzez Espainiako taldearen entrenatzailea izan den Lucas Mondelo kargugabetu du Espainiako Saskibaloi Federazioak.

Aspalditik susmopean nengoen talde horretan zeozer gertatzen zela, ez baitzen normala hainbeste lorpen (eta garaipen) lortutako talde bat egun batetik bestera desegitea, noiz eta Europeoa eta Olinpiar Jokoak bertan zeudenean.

Anna Cruz, Laura Nicholls edo Marta Xargay taldean jarraitzeari uko egin zioten argudio ezberdinak emanez, baina betiere, modu batera edo bestera, hor zeozer gertatzen zela ulertarazten zuten (edo hori izan da, behintzat, jarraitzaileon interpretazioa).

Urte hasieratik kantxak zapaldu gabe egon ostean, uztailaren 15ean txapelketa profesionala uzten zuela adierazi zuen Martxa Xargayk. Blog honetan zein paperekoan kirola eta antsietatearen inguruan solastu izan naiz behin baino gehiagotan eta Xargay beraren kasua izan dut hizpide antsietatearen inguruan hitz egiteko orduan.

Gaur, abuztuak 8, El País aldizkariak argitaratu duen elkarrizketa batean Gironakoak argi utzi du zein zen berak Mondelorekin bizi izan zuen egoera, besteak beste.

Bertan azaldutakoaren arabera, Lucas Mondelok jokalaria maila oso “heavy” batzuetara eraman zuen eta hori dela eta janariarekin arazo larriak izan zituela adierazi du Xargayk: “Errusiako Dynamo Kursk (2018-29 denboraldia) taldean jokatzen nuenean hasi zen dena. Mondelo bertan entrenatzailean zen, astero pisatzen gintuzten eta bera han zegoen beti, zelatan. Taldeko hainbat kontzentrazio egunetan, Sonja Vasíc eta niregana hurbildu eta lodi geundelako postrerik izango ez genuela esan zigun. Momentu horretan 67kg pisatzen nituen eta 1,82m neurtu. Fisikoki ongi aurkitzen banintzen ere, egoera horrek ziurgabetasun asko ekarri zizkidan bai kantxa barruan zein kanpoan. Etengabe pisutik at nengoela erraten zidan eta horrek nahasmen fisiko eta mentala suposatu zuen niretzat”.

Egoera horretan laguntza psikologikoarekin eta bere bikotea den Breanna Stewart saskibaloi jokalariaren babes bakarrarekin (bere gurasoei ez zien ezer kontatu) 2019ko Europeoetan parte hartu zuen: “Mentalki out nengoen baina txapelketa bukatzeak liberazio handi bat suposatu zuen niretzat […]”.

Europako txapeldunak izatea lortu zuten eta Marta Xargay finalean saskiratze gehien lortu zituen jokalaria izateaz gain,  txapelketa osoan minutu gehien jokatu zuen bigarren jokalaria izan zen eta txapelketako boskote idealean sartu zuten: “Ez dakit nondik atera nituen indarrak. Ni bera (Mondelo) baino handiagoa nintzela erakusteko modu bat izan zen. Jokatzea biziki gustuko nuen eta beste domina bat nahi nuen”.

Beti eskatu diotena egin duela azpimarratzen du El Paisek egindako elkarrizketan eta horrelako egoera ez zuela zertan jasan behar ondorioztatu zuen: “Entsalada sinple bat bazen ere, jateagatik gaizki sentitzen nintzen, ez nuen janariaz disfrutatzen, antsietatearekin jaten nuen eta gero komunera joaten nintzen”.

Egoera honetan, psikologoak Gironakoari pisatzen uzten ez baizen ere, selekzioarekin egiten zituen kontzentrazioetan pisuaren kontrola jarraitzen zuela adierazi du Xargayk. Honek antsietate handia sortzen zion eta hurrengo egunean pisatu behar zutela zekienean, gau horretan ez zuen lorik egiten.

Mediku diagnostikoa argia zen: bulimia eta ortorexia (janari osasuntsuagatik obsesioa): “Supermerkatuan bi ordu igaro nezake produktuen konposizioari begira. Errealitatearen zentzua galdu nuen guztiz, fisikoki ni nolakoa nintzen, lodia nengoen edo ez, ongi jaten nuen edo ez..”.

Kontaketa gogor honen aurrean, egun bere burua berriz maitatzen duela adierazi du, tarteka janariarekin izan duen harreman horren ondorioz sortutako pentsamenduak buruan bueltaka hasten bazaizkio ere.

Mondelok bere autoritatea kontrolatzen jakin ez zuela dio Xargayk, berarenganako errespeturik izan ez duela eta entrenatzaileak beraren bizitza pribatua eta harremanen aurkako iruzkin publiko eta pribatuak izan dituela salatu du: “Selekzioarekin joatea udalekuetara joatea bezalakoa zen eta egun batetik bestera ikustea udaleku horiek beste gauza batean bihurtuak zirela ikustea oso gogorra izan zen”.

Janariarekiko gaixotasunen aurrean horrelako aitortzek bizipen antzekoak dituzten pertsonentzako lagungarri izatea espero du: “Egoera berdina bizitzen ari diren neskak laguntzeko kontatu nahi dut nire gertatutakoa, edozeini gerta dakiokeela kontura daitezen, kirolariak ez garela erasoezinak.. Nik dena nuen eta (bulimia) sufritu dut.

Azken hilabeteetan egindako lanari esker ongi dago Marta Xargay eta saskibaloi jokalari bezala izan duen ibilbideagatik gogoratua izatea nahi du, hautatzaile ohiak sortutako egoeratik aldenduta […] Gauza bat da exijentzia eta beste gauza bat da mugak zeharkatzea“.

WNBAko Phoenix MArcury taldearen trainning campean bere azken saskiratzea lortuaz erran zion agur hainbeste maite duen kirolean profesionalki jarduteari. Izan ere, Marta Xargayren ibilbidea garaipenez beteta dago. Europako taldeetako jokalari izateaz gain, WNBAn ere jokatu izan zuen bi denboraldiz: “Saskibaloiaz agurtzeko modurik onena izan zen, izandako esperientzia onenetako bat gogoratuz”.

Hainbeste urtez bere bizitza eta pasioa izan den kirolaz agurtzeko unean, Xargayk bere ibilbidea izan du gogoan: “Zorteduna izan naiz oso bizitako guztia bizitzeko aukera izateagatik. Bertan egon eta irabazitako guzti hori lortzea oso zaila da eta nik aukera izan dut hori lortzeko. WNBAn jokatzeko aukera izatea edotan Olinpiar Jokuetako Zilarrezko domina (Rio 2026) lortzea. Rio-ko oroitzapenekin geratzen naiz, Salamancan nengoenean lortutako Euroligarekin, Pragako bigarren denboraldiarekin, edota 2018ko Mundialean Belgikaren aurkako norgehiagokan hiruko saskiratzeko horrekin, azken urrezko dominarekin.. baina baita ere aurreko urtean famialiatik gertu egoteko helburuarekin Gironako taldera itzultzearekin. Lasai geratzen naiz eta irribarre batekin“.

2 erantzun “Ez zen urrea distira egiten zuen guztia” bidalketan

  1. Pingback: Denak ez du balio dominak eta tituloak lortzearren | @ARKKUSO

  2. Pingback: Ez zen urrea distira egiten zuen guztia • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude