Etiketa honen artxiboa: kontra-kantxa

Kirolak emakume izena du

Ikasturte amaierarekin batera kirol txapelketa guztien amaiera eta finalak ditugu (beno, ia guztiena, ze adibidez WNBAren denboraldi berria hasi besterik ez da egin). Dena dela, azken asteotan medioen kezka nagusia Real Madrileko jokalariek Barçako jokalariei pasiloa egingo zioten edo ez izan da. Bitartean, Athletico de Madril-eko neskek Iberdrola Liga irabazi dute eta azken egunetan jakin dugunez, jokalari bakoitzak 54€ baino ez ditu jasoko ligako tituluaren truke , Estatu Espainiarreko futboleko liga gorena irabazten duten gizonezko futbolari bakoitzak 300.000€ jasoko dituen bitartean.

Txikitatik kirola egin dut: gimnasia erritmikoa, irristaketa, atletismoa, judoa edota nire pasioa den saskibaloia [Aizuek! Kuriositateagatik, zein da zuen kirol gogokoena?]. Ez dakit betidanik kuxkuxera izanagatik edo zergatik baina txikitatik gustatu zait emakume kirolariak ezagutzea, bereziki saskibaloian [ez da igartzen nire kirol gogokoena dela ezta? Kar, kar, kar]. Horretan zortea izan nuen, izan ere 98/99 denboralditik 01/02 denboraldira arte Estatu Espainiarreko saskibaloi txapelketa gorenean, Liga Femenina, jokatu zuen Club Baloncesto Navarra (CBN) taldeak. Larunbat askotan partiduak ikustera joaten nintzen eta bertan Amaya Valdemororen hastapenetaz eta Galina Savitskaiaren mugimenduez gozatzeko aukera izan nuen besteak beste.

Urteek aurrera egin ahala konturatzen joan nintzen gustuko nituen saskibaloi jokalarien artean soilik gizonezkoak zirela prentsan zein telebistan kirol ataletan protagonistak. Nola ezagutuko zituzten nire lagunek nik jarraitzen eta miresten nituen kirolari guztiak ez bazuten horien berri medioetan agertzen ez zirelako?

“Ez du interesik”, “ez du dirurik ematen” edota “aspergarria da” entzun behar izan dut askotan [azkenekoa ez orain dela asko] emakumezko kirolarien presentzia handitu beharra dagoela aipatzen dudanero. BZO?

Nola demontre lortu nahi da interesa sorraraztea medioetan tarterik ematen ez bada eta beraz, egunerokotasunean presentzia ez badute emakume kirolariek? Nola egongo da berdintasuna, egun Espainiako Kirolaren Legeak emakumezkoen konpetizioak (1990. urtekoa) txapelketa profesional bezala hartzen ez baditu? Azken honek eragin zuzena dauka kirolarien profesionalizazioan, izan ere, kirolariek ez dute kontratu profesionalik, ez dute gizarte segurantzan kotizatzen ezta hitzarmen profesionalik ere. Nola egin kirolarengatik apustu, emakumeak protagonista diren albisteetan ‘emakume futbola’, ‘emakume kirola’ edota bestelako goi titularrak erabiltzen bada gizonezkoekin soilik ‘futbola’, ‘kirola’ edota dena delako generikoa erabiltzen den bitartean? Emakume kirolariek egiten dutena ez al da ere kirola?

Zergatik da hain garrantzitsua azken derbia Anoetan jokatu izana? Zergatik beharrezkoa da emakume kirolariek hedabideetan presentzia geroz eta handiagoa izatea? Zergatik da premiazkoa emakumezko kirol kazetari gehiago egotea?

Ez da zaila galdera horiei erantzutea: bizitzako alor guztietan bezala, kirolean ere emakumeok espazioa, presentzia eta erreferenteak behar ditugu!

Adibidez, Euskal Herriko kirolari, kazetaria edota esatarien artean, zenbat ezagutzen ditugu?

Badugu lana, baina laaaaaasaiiiii! Hau ez da auto-fustigazio momentua [beno fusten mundua atsegin baduzue, hori zuen esku, kar, kar, kar].

Horren ordez emakume kirolarien eta taldeen berri izatera animatzen zaituztet, adibidez Euskal Herrian kirol ezberdinetan aritzen diren taldeen edota kirolarien inguruko informazioa bilatzen edota sare sozialetan kirolari hauek jarraitzen.

Kontra-Kantxa honetan emakume kirolariak izango dira protagonista, eurena izango da blog honen espazio guztia. Hilabetean behin hemen izango nauzue, zapatilak soinean kantxa astintzeko prest!


PD: proposamenik baduzue, kirolari jakin batez hitz egitea nahi baduzue edota zeozer komentatu nahi baldin badidazue Twitter bidez jarri zaitezkete nirekin harremanetan (@arkkuso) edota estratosferan@gmail.com emailean!