Emakumeak lehenengo lerroan? Bai, noski!

Txikia naizenetik hainbat kirol egin ditut. Egia erran, nire altuerarekin (beti izan naiz nire inguruko altuena) pixka bat baldarra nintzen eta kirolak asko lagundu nau horretan. Gimnasia erritmikoa, patinajea, igeriketa, judo, atletismo eta saskibaloia izan dira nire bizitzan zehar, momentuz, egin ditudan kirolak.


Saskibaloian 8 urte nituela hasi nintzen jolasten eta bost urtez Barañaingo Lagunak klubean egon ostean, egun jokatzen jarraitzen dudan taldera aldatu nintzen (lehen Ursulinas, orain Liceo Monjardin izena du). 11 urte nituela, Nafarroako selekziotik deitu ninduten eta bertan egon nintzen 16 urteak arte. Hortik aurrera, nire taldearekin batera, maila nazionalean zegoen taldean jokatzen hasi nintzen. Horrela, saskibaloiak, ikasketekin batera, nire bizitzako erdigunea hartu zuen: astean taldeko hiru entrenamendu, partidua nire taldearekin, partidua zaharragokoekin eta entrenamendua selekzioarekin. Eta ni pozik!


Kirola egiten gozatzeaz gain, kirola ikusten asko gozatzen dut txikitatik. Zenbat ordu pasatu ditut telebistaren aurrean gimnasia artistikoarekin txunditzen, TAU Baskoniaren edota Athletic-en partiduak ikusten. Telebistan ez ezik, zuzenean futbol partiduez gozatzen nuen; izan ere,  Lagunak-en (Barañaingo kluba) emakumezkoen futbol taldea garaiko Superligan (egungo Iberdrola Liga) lehiatzen zen eta nire lehengusina batek talde horretan jokatzen zuen.

Azken hilabeteetan emakumezkoen kirolak izan duen zaletuen bultzada izugarria izan da: San Mames, Anoeta, Sadar, Wanda Metropolitano, Wizink Center.. Nork erraten zuen emakumezkoen kirolak ez zuela jarraipenik?

Hau guztia ikusteak izugarrizko ilusioa eta gogoa sorrarazten dit. Izan ere, emakumeok gero eta esparru gehiagotan, urte luzez egindako lan eskergaren ondorioz, lehenengo lerroak hartzen ari gara eta hori izugarri ona da neska txiki eta gazteendako. Nork errango dio eskolako patioan baloiarekin jolasean aritzen den neskari ezin duela futboleko edo saskibaloiko jokalari izan, asteburuan erreferentetzat dituen emakume kirolari horiek ikustera joaten denean edota telebistan kirolari hauen inguruko albisteak gero eta maiztasun handiagoaz ikusten dituenean?

Erreferenteak behar genituen eta beharko ditugu: beharrezkoak dira etorkizuneko neskek askatasun osoz hazi daitezen. Horregatik da hain garrantzitsua, bai kirolean, zein bizitzako beste esparruetan emakumeek egiten duten lana ikusaraztea. Horretarako oso garrantzitsua da, bakoitzak bere txokotik, ahalik eta aukera gehien ematea emakumeok lehenengo lerroak gure egin ditzagun. Orain artean bezala, lanean jarraitu behar dugu, egiten den lana ikusarazi eta geldiezina den mugimendu honekin aurrera egin.


Duela 15 urte kirolean nire erreferenteak zein ziren galdetu izango balidate, ziurrenik, ez nuke emakumezko izenik aipatuko. Anoetako derbia zela eta partida gora eta behera ibili nintzaien ingurukoei: “Bua derbia, ze gogoak!”, eta antzerakoak erraten ibili nintzen aste osoa. Behin Anoetan eserita, konturatu nintzen hori ez zela ikusten nuen lehengo derbia. Klak egin zidan buruak momentuan.

Hasieran aipatu dudan moduan, nire lehengusina Lagunak taldeko jokalaria izan da urte luzez eta askotan bera ikustera joaten nintzen. Zenbat derbi ez ote nituen nik ikusi? Eta, garrantzitsuagoa dena: nola ez naiz lehenago konturatu nuen eta izaten jarraitzen dudan zorte handiaz?

Honetaz kontziente ez nintzen arren, nire lehengusina erreferente izan da eta izaten jarraitzen du niretzat, bai kirolari bezala eta bai pertsona bezala. Bere ibilbidearekin, nire inguruko “normalitatearen” barruan desberdin izaten, naizena onartzen, gustuko dudanaz gozatzen eta horren alde borrokatzen erakutsi dit. Horregatik, nire txoko txiki honetatik eskerrak eman nahi dizkiot; eskerrak eman nahi dizkizut!

Kontra-Kantxa bloga kirolaren inguruan jarduten duten emakumeei eta hauek egiten duten lan handiari ikusgarritasuna emateko helburuarekin sortu zen. Biziki garrantzitsua da neska txiki eta gazteek askotariko emakume erreferenteak izatea euren etorkizuna ahalik eta muga gutxienekin, askatasunean garatu dezaten. Duela aste bete Bigarren Hezkuntzako Institutu batean hasi nintzen praktiketan eta asko poztu ninduen 3. DBHko neskei ingeniaritza, informatika edota kirolarekin zerikusia zuten ikasketak egin nahi zituztela entzuteak.

Emakumeak egon bagaude, egiten dugun lana ikusaraztea da falta dena. Lokarriak estutu eta lanean jarraitzea baino ez zaigu geratzen. Baina lasai, bide onean goaz eta garrantzitsuena dena, ez gaude bakarrik!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude