Etiketaren artxiboa: Atletismoa

“Pazientzia izaten ikasi beharra daukagu. Gaur egun, dena unean bertan nahi dugu, markak momentuan nahi ditugu, baina hori horrela ez dela ohartu beharra daukagu”

Futboletik harago badaude kirolik. Gurean esku-pilotak, saskibaloiak edotan eskubaloiak ere zeresan handia izan dute. Baina, nolakoa ote da hain ezaguna ez diren kiroletan aritzea?

Nerea Ibinaga Garitaonandia (1999, Zizur Nagusia) patinen gainean irristaketan gozatzen murgildu zen kirol munduan, baina, atletismoa deskubritu zuenean dena aldatu eta mundu berri bat ireki zen berarentzat.

Mailu jaurtitzailea zara, nola hasi zinen horretan?

Atletismoan hasi nintzenean, Zizurren ez zegoen instalaziorik (orain Patxi Morentin atletismo modulua daukate). Udako igerilekuetan eta Zizurko polikiroldegiko frontoi txikian aritzen ginen korrika eta jauziak egiten.

Aukera gutxi genituen atletismoaren barneko espezialitate asko praktikatzeko. Hala ere, pisua, egiteko aukera genuen. Gustuko nuen, ez nintzen txarra eta gutxi nekatzen nintzen. Handik urte batera, entrenatzaile batek mailua zer den erakutsi zidan eta Ardoi taldeko entrenatzaileak, aukera eman zidan hurrengo urtean Pamplona Atleticoko entrenatzailearekin, Idoiarekin, astean bitan teknika egiteko. Mailua gustuko nuela konturatu eta, hurrengo denboraldian taldez aldatu nintzen modu serioago batean entrenatzeko..

Zergatik aukeratu zenuen atletismoko froga hau?

Betidanik izan naiz nire adinekoak baino handiagoa, eta gaztea zarenean, gehiago antzematen da gorputzaren tamaina desberdintasun hori. Nik indar gehiago nuen, altuagoa nintzen eta erraztasun handiagoa neukan jaurtitzeko.

Horregatik, pisuarekin hasi nintzenean, gustukoa neukala ohartu nintzen, esfortzu gutxi eskatzen zidan espezialitatea zen. Baina Idoiarekin entrenatzen hasi nintzenean mailua gustuko nuela ohartu nintzen. Xabalinan ez nintzen oso abila, diskoa ez zitzaidan asko gustatzen egunero entrenatzeko moduan, pisua gero eta gutxiago hasi zitzaidan gustatzen, baina mailuarekin abila izan nintekeela ikusi nuen eta gogotsu joaten nintzen entrenatzera. Taldean ere oso gustura nengoen, eta horrek asko animatzen du bat entrenatzerako orduan.

23 urte azpikoen txapelketan Espainiako txapelduna izan zara, Nafarroako errekorra gainditu duzu. Hori ez da egun batetik bestera lortzen..

Atzetik lan handia dago, esfortzu handia, egun txarrak eta onak, barreak, negarrak, konfiantza, amorrua, entrenamendu onak eta txarrak, espektatibak, presioa… baina familiaren, lagunen zein psikologoaren laguntzarekin gure buruari aurrera egiten uzten badiogu eta emozioak eta egoerak hein batean kontrolatzen ikasten badugu eta helduko denaren konfiantza badugu, azkenean gauzak ateratzen dira.

Garrantzitsua iruditzen zait erronka errealak jartzea norberak bere buruari, baina pixkat haratago joatea eta esfortzu gehiago dakartzan erronkak burutik bueltaka izatea ere polita eta motibagarria iruditzen zait. Beti pixka bat gehiago egiteko aukera ematen digulako horrek, gure barnean daukagun ehuneko ehuna ateratzeko aukera, beti zerbait izateko helburu.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Erronka errealak, berriro ere Nafarroako errekorra egitea eta Espainiako txapelketa absolutuan lehengo bosten artean geratzea dira niretzat oraintxe bertan. Eta epe luzean lortzekoak, Europako txapelketa batera joatea edota mundialen batera joatea izango lirateke. Baina azken hau lortzeko oraindik denbora eta entrenamenduak falta zaizkit. Kategoria absolutuan kriston maila eta kriston markak eskatzen dituzte.

Pazientzia izaten ikasi beharra daukagu. Gaur egun, dena unean bertan nahi dugu, markak momentuan nahi ditugu, baina hori horrela ez dela ohartu beharra daukagu. Hortaz kontziente izaten hasi nintzenean (nahiz eta, oraindik ere, askotan gauzak eta markak momentuan ateratzea nahi dudan), presio handia kendu nuen gainetik eta gauzak ateratzen hasi ziren. Gauza bakoitzak bere momentua behar du, bere denbora.

Ze behar da mailu jaurtigailu ona izateko? Zer hartu behar da kontuan?

Gauza asko behar ditu, beti dago zer edo zer hobetzeko, beti izango duzu akatsen bat. Baina gakoa entrenatzea da. Ordu asko dira eta entrenamenduan egiten ditugun gauza guztiek dute garrantzia. Teknika ondo ulertzeak eta egiteak, pesak ondo egiteak, korrikak, jauziak, elikadurak… eta buruak.

Askotan ahazten dugu buruak duen paper garrantzitsua eta, egia esan, ni berandu ohartu nintzen arren, burua ondo edukitzeak, lan asko aurrezten dizu; hala nola, ez obsesionatzea zerbait ateratzen ez zaizunean, gauza bakoitzari bere denbora ematea, etab. Azken finean, nork bere buruari presioa sartzeak, pertsona bera gaizki egotea dakar.

Nolakoa da Nerea Ibinagaren egun arrunt bat?

Egun osoa leku batetik bestera pasatzen dut, ez dakit ezer egin gabe egoten, aspertu egiten naiz. Gauzak egitea asko gustatzen zait. Adibidez, oraintxe bertan, goizean esnatu eta lanera joaten naiz. Goiz osoa lanean pasa ostean, etxera heldu, korrika bazkaldu eta Larrabidera igotzen naiz. Horrela, ez dago haurrik jaurtitzen dudan bitartean, lasaiago jaurtitzeko, azken finean, pistan jende asko dagoenean ez duzu berdin entrenatzen eta gauza askotan daukazu burua. Ondoren, neska batzuk entrenatzen ditut eta hauekin bukatzean, nire entrenamendua amaitzen dut.

Azken aldian oso nekatua amaitzen dudanez, etxera heldu eta ez naiz etxetik ateratzen. Baina bestela, lagunekin geratzen naiz. Garrantzi handia ematen diot aisialdiari azken aldian, deskonexio momentuak ere behar ditugula uste dut, bai bakarka egoteko deskonexio uneak, baita lagunekin eta familiarekin igarotzeko deskonexio momentuak, bestela oso aldapatsu egin daiteke epe luzean.

Atletismoa, futbola, saskibaloia edo eskubaloia bezalako kirolekin alderatuta ez du ikusgarritasun handirik..

Kirol asko beti egon dira bigarren plano batean. Orain arte, gizonezkoen futbola zen gehien ikusten zen kirola. Baina gauzak aldatzen ari direla esango nuke. Euskal Herria mailan, kriston bultzada eman zaio esku-pilotari, adibidez.

Nafarroan, Beti Onak-eko Atarrabiako nesken eta Anaitasunako mutilen eskubaloi taldeari esker, kirol honi kriston bultzada ematea lortu da (Nafarroa mailan). Hala ere, oraindik lan asko daukagu aurretik gizonezkoen futbolaren pareko beste kirolen bat jarri arte.

Zergatik uste duzu dela hori?

Telebistak kontsumitzeko ematen digunagatik. Azken finean, gizonezkoen futbola beti dago telebistan, Atletismoa orain hasi dira jartzen Nafarroako Asier Martinez oso ondo dabilelako mundu mailan hesiak pasatzen, baina hortik ateraz gero, ez da jarraitzen. Telebistak azken finean audientzia bilatzen du, eta audientzia gutxi lortzen badu, kendu egiten da.

Gainera, jendarte mailan kirol batzuei beste askori baino indar eta ikusgarritasun handiagoa ematen zaie. Horrek ere, eragina dauka gugan, modu zuzen zein zeharkakoan beste gauza askoren artean, noski.

Eta mailari dagokionez, zer nolako maila dago Euskal Herrian atletismoan?

Euskal Herrian, kriston maila dagoela esango nuke. Kirolari oso onak dauzkagu gure inguruan; hala nola, June Kintana, Asier Martinez, Odei Jainaga, Naroa Agirre, Arantza Moreno, etab. Aipatu ez ditudan beste asko, hauek bezala, Olinpiar Jokoetan zein Mundial edo Europeoetan egonak dira, eta izugarrizko maila erakutsi dute txapelketa hauetan.

Baina ezagunak dira? Ziurrenik, oso gutxik ezagutuko dituzte guzti hauek edo atletismoaren munduan goi mailan dabiltzan beste hainbat kirolari.

Eta emakumeen presentziari dagokionez?

Emakume nahikotxo daude atletismoaren barruan. Kirolaren barneko emakume eta gizonen banaketa egiten badugu, parekotasun handienetariko kirola dela esango nuke atletismoa. Izan ere, emakume bezainbeste gizon ikusten dira txapelketetan. Nahiz eta, gero, gizonezkoei ikusgarritasun handiagoa eman emakumezkoei baino.

Oraindik lan handia daukagu emakumeok egoera honi buelta emateko. Izan ere, gero eta ikusgarritasun handiagoa daukagun arren, oraindik asko daukagu aldatzeko, berdintasun ekitatibo baten alde borrokatzeko eta gurekiko dauden aurreiritziei buelta emateko eta gutxiesten gaituztenekin amaitzeko  indar nahikorik antza denez.

Zer behar da egoera horri buelta emateko?

Guztion elkartasuna behar da. Kirolei “buelta bat” ematea eta emakumezkoen kirolak gizonezkoen kirolekin ez alderatzea. Bi gorputz ezberdin dira, gaitasun ezberdinekin, tamaina, indar, egoera fisiko ezberdinekin…

Emakumeen kirola kontsumitzen ikasi behar dugu, kirol hori ikusten dugun bitartean hartaz gozatzen. Gizonezkoen kirolera ohituak gaude telebistan gehien botatzen dena delako aspalditik.

Aldaketak egitera ez gaude ohituak eta agian, garaia da guztion berdintasuna eskatzeko eta ez gure artean alderaketak egiteko. Emakumezkoen kirola ikusten ikasi behar dugu, gizonezkoena ikusteko ikasi dugun bezala. Horretarako, ezinbestekoa dugu alderaketekin amaitzea txiki txikitatik.