“Boulevardeko erlojuak, taupada kolpe tristez darrai, baina bizitzaren orratzek ez dute atzera egin nahi. Bakarrik nago ixil deslai, galdu gintuen trenaren zai oroitzapenen erruz orain ez naiz amets egiteko gai”. Abesti horrekin itzuli naiz nire abenturak hasi ziren lekura, bueno, hasi ziren leku berera ez, gertu, metro gutxi batzuetara. Lehen artikulua Donostiako Konstituzio enparantzatik idatzi nizuen eta gaurkoa Bulebarretik idazten ari natzaizue. Donostiako bi ikono, bi ikur, zoritxarrez, sarean topatutakoaren arabera, Donostiako bi taberna-jatetxe txarrenak leku hartzen duten bi kokaleku. Aitortu behar dizuet nolabaiteko pena hartu nuela jakitean Garagar dela Donostiako bigarren taberna-jatetxe txarrena, gustukoa izaten baitut noizean behin bertatik pasatzea, bere barruko mahai eta eserleku erosoetan eseri eta garagardo on-on bat hartzea.
Hortxe jaitsi naiz Intxaurrondotik lasai-lasai paseoan. Entzungailuak belarrian jarri, Spotifyri play eman eta hortxe joan naiz, oinez, kaparik eta hegan egiteko gaitasunik ezean bi oinak erabili beharko. Gustukoa izaten dut noizean behin bide hau egitea, Bulebarrera iritsi eta bertako txoko eta kutixi gastronomikoekin gozatzea, ibilaldiaren osteko nekeari aurre egin eta pilak kargatzeko mokadutxoak hartzea.
Gustukoa izaten dut Bretxako merkatuan sartu eta Yolandan hesteki onak edota Uranzun bakailao ona izatea; edota merkatuan dagoen Azkena tabernan lekua hartu eta bertako urdaiazpiko tosta eta kafesne bat hartzea; Bretxa merkatuaren alboan dagoen Gorriti tabernan tortila frantsesa eta urdaiazpiko xerra dituen otarteko txikiarekin gozatzea; udako egun beroetan Boulevard izozki dendako yogurt eta intxaur izozkia jatea, krema katalanarena gustatzen zitzaidan lehen, baina, jada ez dute; eta bazkaldu edo afaltzeko denbora tarte txikia dudanean Vabenen sartu eta 13 hanburgesa jatea. Momentu gastronomiko horietaz guztietaz gain gustatzen zait noizean behin Garagarren sartu eta liburu baten konpainian garagardo fresko eta on batekin eztarria freskatzea.
Hori izan dut gaurko nire ibilbidearen helmuga, Garagar. Urtzen kantak aipatzen duen Bulebarreko erlojuaren parean kokatua dago garagardotegia. Hortxe sartu naiz, nire lasaitasun eta liburuaren konpainian, baina Garagarren sartu eta hitzik gabe utzi nau gabonetako bertako dekorazioak. Teilatua puzgarriz lepo, gorri kolorekoak, zilar koloreko zintadunak batzuk eta horien artean Papa Noel, kanpaiak, tximini alboan kokatzeko galtzerdi, bolatxoak eta beste hainbat apaingarri. Ez dakit hitzik gabe onerako edo txarrerako, baina kuriosoa iruditu zait, imajinatzen nuen gabonetako apaingarriak jarriak izango zituztela, baina hainbesterako izango zenik ez nuen espero.
Barrara gerturatu eta ohiko gisan Leffe garagardo belgiar pinta bat eskatu dut, lasai eta patxadan edateko. Leffe garagardoa Intxaurrondoko Garagardo Azokan ezagutu nuen, zapore indartsukoa, fermentazio altukoa, apar zuri eta luzea duena, eta bere sorkuntzan malta bereziak erabili dituena. Zaporean nahasten dira gozotasuna eta lupuloek berezkoa duten mikaztasuna, fruitu gorriak, espezieak eta alkohola ere nabaritzen diren tragoa hartzean. Garagarren zutela jakitean, bertara sartu eta hori besterik ez dut eskatzen. Garagardo zaleak bazarete eta ez baduzue Leffe garagardoa ezagutzen, Garagarrera joan eta hori dastatzeko gonbita luzatzen dizuet. Garagardo on bat hartzeko leku ezin hobea iruditu zait beti Garagar, jendearen kexa nagusiena garestiegia dela dio, bai, izan liteke, baina bertan dituzten garagardoak beste lekuren batean ere dastatu eta prezioan ez dut diferentzia handiegirik topatu.
Olentzero eta Mari Domingiri idatzi nien ea gaurkoan tartea izango ote luketen nerekin garagardo bat hartu eta Euskal Superheroien Elkarteko proiektua aurkeztu eta ea bat egiten duten. Baina, nahiko lanpetuak dabiltzala eta gabon osterako utzi dugu zita. Garagardoa eta Harkaitz Canoren azken nobela, “Fakirraren ahotsa”, izango ditut lagun nire Donostiako bigarren abentura honetan. Datozen jai eta ospakizun egun hauetan gozatu gastronomiarekin. On egin!