Hileko artxiboak: abuztua 2018

Zapi gorria aurrera

Uda giroan erabat murgilduta gaude, eguzkiak gogotsu hasi du abuztua, beroa non nahi, itzaletan ere fresko egoteko komeriak. Gastroheroiren jantzia maletan txukun-txukun gordeta etorri naiz Lizarrara, Lizarra Kanpinean hartu dut ostatu, urte askoan egin bezala, lasaitasuna, natura, giro ederra, osagai guztiak prest udari zukua atera eta uda eder bat pasatzeko. Bide batez, noizbait Lizarra Kanpinetik pasaz gero ez utzi bertako urdaiazpiko kroketak dastatzeko aukera, mundialak dira eta hori ez dut nik bakarrik esaten. Opor giroan bai, baina nire abenturek etenik ez eta tartea atera behar Gastroheroiren txaketila jantzi eta beroari aurre egiteko, uda eta bero egunetarako jantzi berri batean pentsatzen hasi beharko dut, manga motzeko txaketilaren bat edota poliesterrarekin egindakoren bat, ea zerbait bururatzen zaidan, proposamenik baduzue idatzi lasai.

Arratsalde berotsua, eguzkitako betaurrekoak jantzi, aurikularrak belarrian jarri eta Izaroren “Eason” diskari play eman ostean ekin diot kanpinetik Lizarrarako bideari. Oinez joan naiz, Gastroheroiren jantzia poltsan dudala, kilometro eta erdi inguruko paseotxoa. Herrira iritsi eta dendetako erakusleihoetan txuria eta gorria nabarmentzen dira, nabari da Lizarrako jaiak ate joka ditugula, festa giroa, festa usaia kalean zehar, ostiralean, abuztuak 3an lehertuko da festa eta hortxe ibiliko gara “Zapi gorria aurrera, zapi gorria atzera, zapi gorri honekin jolasten gera”.

Aurtengoan bada Lizarrako jaiak triste xamar pasako dituen bat. Lizarrako San Miguel elizan dagoen San Jorgek gazteago sentitzeko bere makilaia aldatu eta itxura berri batekin agertu da aurtengo udan. Hautsak harrotu ditu itxuraldaketak eta denetarik entzun behar izan du gaixoak. Nik bere animoak altxatzeko asmoarekin Euskal Superheroien Elkarteko kide izatea proposatuko diot, itxura gaztetu horrekin ziur festaz festa eta herriz herri ibiliko garen honetan topatuko duela bere bihotzeko azukre koxkorra, gainera beste batzuk ez bezala, ni kasu, berak badu garraio azkar eta fidagarria bidaiatzeko, zaldi gainean pasatze baititu gau eta egunak.

Zeledonekin egin bezala, sarean topatutakoaren arabera Lizarrako tabernarik “txarrenean” jarri dugu zita. Garaiz iritsi naiz, ez dakit berotik ihes egin nahia izan den edo, baina azkar batean egin dut kanpinetik herrirainoko bidea eta hitzordua baino lehenago iritsi naiz El Che tabernara. Aitortu behar dizuet, Lizarrara urte askoan etorri arren, lehen aldia dela El Che taberna zapaltzen dudala. Harrituta geratu naiz eta nire galderari ere galdetu diot zergatik ez ote dudan Lizarrako txoko hau orain arte zapaldu. Ibai ertzean kokatua, terraza zuhaitzek estaltzen dute, itzalpean dago dena. Terrazetan egon ohi diren plastikozko aulki eta mahaiez gain, terrazako txoko batean sofa antzeko banku luzeak ere badaude, eroso erosoak. Izugarri gustatu zait terraza, txoko ederra, toki lasaia, aurkikuntza bikaina. Horregatik bakarrik, terrazagatik, merezi du bertaratzeak.

Arratsaldeko 17:45etan nago geratua San Jorgerekin. 17:30tarako El Chen nintzen. Sarean askok kritikatzen zuten zerbitzarien jarrera eta harrera txarra, baina niri irribarretsu eta adeitsu hartu nau, gainera ikusi dut badutela konfiantza bezeroekin, badaudela arratsaldeak eta arratsaldeak bertan pasatzen dituzten betiko bezeroak, eta horiek mimoarekin tratatzen dituzte, etxekoak izango balira gisan. Aurreko abenturetako bidea jarraituz oraingoan ere garagardoaren aldeko hautua egin dut, ezustean harrapatu nau bertako garagardo sortak, Lizarran orain arte topatu dudan onena. Weihenstephaner bat hartu eta terrazan eseri naiz San Jorge noiz iritsi zain.

Hor azaldu da zaldiaren gainean trostan, bisai tristea du, entzun behar izan dituenak eragina izan dute bere umorean eta jada ez ditu bisitak hain gozo eta lasai hartzen. Zaldia zuhaitzera lotu eta hor etorri zait mahaiean ondoan eseritzera. Hitz eta pitz ibili gara, bera animatzen saiatu naiz eta uste dut zerbait lortu dudala segituan onartu baitu Euskal Superheroien Elkarteko kide bihurtzea. Gertatutakoak ahaztu eta gozatu dezagun momentuarekin, hori esanda agurtu dut. Bagara hiru superheroi, Zeledon, San Jorge eta Gastroheroi, berrien bila jarraitu behar. Udako geldialdiaren ostean ea Marijaia eta Artillero batzea lortzen dudan. Orain, zapi gorria jantzi eta Lizarrako jaiak sutsuki bizitzeko unea da, hainbeste abenturen ostean parrandarako tartea hartuko dut. Gozatu udaz!