Musikaren abantaila handienetakoa berariazko esanahirik ez izatea da, entzuleari uzten baitio zentzua bilatzeko lana. Ez da azaltzen, poesia edo nobela baten azaldu litekeen bezala, ez da erakusten pintura edo eskulturaren moduan, neutroagoa da nolabait, askeagoa, ez horren “inposatzailea”. Musikak bere horretan badu gaitasuna bat-batean norbait triste edo alaia jartzeko. Horri, abestiaren letra gehitzen badiogu eta atsegin bazaigu, esperientzia are eta borobilagoa izango da.
Hori kontuan izanik, gure gizarte eleanintzean, nola aukeratu ze hizkuntzatan abestu? Zerk bultzatzen ditu bere ohiko hizkuntza ingelesa ez duten talde edo bakarlariak hizkuntza hau aukeratzera? Finean, galdera batekin laburbildu genitzake duda hauek: Zein da artearen edo artistaren helburua artea sortzerako garaian?
Honen harira Susan Sontag-en aipu batekin egin dut topo: “Jarrera serioena, artea helburu bat lortzeko tresna bezala ulertzen duena da; agian, artea bera uzten denean lortu daiteken helburua bada ere.” Sontag-ek artea zerbait lortzeko baliabide bezala ulertzen du. Agian, ingelesez abesten duten zenbait talderen jomuga litzateke ahalik eta jende gehiagorengana iristea, musikarekin zerikusirik ez duten helburu ezberdinak lortzeko. Baina, ingelesa berdin arrakasta formulak beti emaitza onak ematen al ditu? Duela gutxi Kvelertak ikusten izan nintzen Bilbon. Norvegiar hauek inongo konplexurik gabe abestu zuten norvegiarrez leporaino beteta zegoen Kafe Antzokian. Eta bertan ginenoi, helarazitako energia berdin-berdin iritsi zitzagun norvegiarrez hitz erdirik ulertu gabe, asko eta asko taldearen abestitzarren melodiak ahapetik kantatuz gainera!
Hare gehiago, badira taldeak arrakasta erdietsi dutenak ingelesa utzi eta beren hizkuntza abesten hasi direnean, Love of lesbian edo Standstill kasu.
(Enric Montefusco abeslariak gainera, bakarka hasi duen ibilbidean katalanez ere badu abesti bat)
Noski, badira aurkako adibideak urrutira joan gabe. Belako aspaldi dabil Euskal Herritik kanpora biran kantu gehienak ingelesez abestuta. Argi dago, maila ezberdinetan bada ere, egun inorri ez zaiola arrotza egiten belarrira ingelesa, eta ziur gehienok entzuten dugun musikaren %90a Shakespeare-n hizkuntzan sortua dela. Alabaina, ez da egunero darabilgun hizkuntza. Ez al da naturalagoa gure hizkuntza edo hizkuntzetan idatzi edo abestea? Zein da beraz, musika sortzearen helburua?
Adierazpen ekintza bat bezala ulertzen badugu, argi dago gehiengoarena iristea dela xedeetako bat. Artearen helburua zerbait eraldatzen saiatzea dela esango dute beste batzuek, errealiatea edo mundu txikiak aldatzea behintzat. Horrenbestez, ulergarria da kasu honetan ere ahalik eta publiko zabalagoarengana iritsi nahi izatea eta horretarako ingelesa erabiltzea. Alta, artea ez al da sinpleki sortzen norberak bere barruak hustu nahi dituelako? Ez al da, sortze prozesuak dirauen bitartean bederen, bigarren plano batean gelditzen sortutakoa partekatzeko nahi hori?
Sarri idazteko beharra sentitzen dut, barruak hustutzeko beharra dudalako. Idatzi ondoren, ez dut inorekin partekatzeko desirarik izaten. Hustea bera nahikoa zait, besterik gabe. Nire bizipen pertsonaletik abiatuz, askoz sinesgarriago eta hurbilagoak zaizkit egunerokotasunean erabiltzen duten hizkuntza hautatzen duten musikariak. Horregatik, gehiago sinisten ditut Grises zestoarrak gaztelaniaz abestuta Cobra taldea ingelesez baino; nahiz eta estilo aldetik nire gustu pertsonaletik hurbilago dagoen azken talde hau.
Argi dago, haatik, zirkulua isteko azken mugimendua bailitzan, abesti batek zentzua osoagoa hartzen duela entzule bat dagoen momentuan eta entzule bezala dudan intepretazio subjektiboa besterik ez dela guzti hau. Eztabaia irekia da. Zinez sinisten dudana da ordea, musika bere baitan tresna komunikatibo oso indartsua dela eta ez duela behar hiztun gehien dituen hizkuntzan abestua izatea emozionatzeko, ez duelako behar sinpleki hizkuntzarik funtzionatzeko (ez badidazu sinesten entzun Toundra talde instrumentala). Zeren, bihotzetik sortutakoa ezinbestez bihotzetara iristen baita.