Esaidazu nola jokatzen duzun kontzertuetan eta esango dizut zein zaren

Uda musikarekin lotzen dutenak ugari dira, eguzkia azaltzearekin batera musika jaialdi eta kontzertuak baitaude non-nahi. Kontzertuak, jaialdiz jaialdi, bestela ezagutuko ez zenituzkeen herri eta herrialde ezberdinak ezagutzeko aitzakia paregabea dira.

Baina guztia ez da hain idilikoa kontzertuak dirauen bitartean bederen. Badira jasan beharreko zenbait espezie, zure gustoko artista ikusteagatik ordaindu beharreko albo-kalteak bailiran. Umorez hartzea izaten da onena baina gorputza ezezik askotan kirioak ere dantza jarri diezazukete horrelakoek.

Ilustrazioa: Olrait Studio

BAT ERE MUGITZEN EZ DENA

Ez du axola musika dantzagarriena bada ere, ezta bere inguruan jendea saltoka badabil ere. Bera bere horretan sor. Badirudi bere ametsa horma gogor bilakatzea dela. Horrelako bat inguruan tokatu ez gero zure emozioa gutxitu lezake eta gainera altua bada Game of thrones-eko harresia baino zeharkaezinagoa izango da. Ahaztu kontzertua ikusteaz. 

ALTUA

Zeren, mugitu edo ez, kontzertu batean inoiz huts egiten ez duena zure aurrean jartzen den gutxienez 3 metroko espeziea da. Gainera, ingurura begiratzean ohartzen zara espezie bakan eta arraro hori zure aurrean dagoela soilik. Berdin du zenbat mugitzen zaren lekuz aldatzen saiatuz, bera beti egongo da hor. Argi dagoena da altua dena altua dela eta zuk bezain besteko eskubidea duela kontzertuaz gozatzeko. Alta, zeinen zoragarria izango litzatekeen kontzertuak alturaren arabera ordenatuko balituzte, ezta? Amestea librea da.

BERE GORPUTZAREN KONTROLIK EZ DUEN HORI

Begiratu zure ingurura eta ziur aurkituko duzula musikaren erritmoak deabrututakoren bat. Saltorik handienak berak ematen ditu, ezin dio eskuak astintzeari utzi… Tentuz ibili horrelakoen inguruan, ukondokada edo oinkada bat oparitu diezazuekete eta!

KANTATZEA ETA OIHU EGITEA GAUZA BERDINA DIRELA USTE DUENA

Aurreko modalitatearen osagarri izan daiteke. Kontzertuak karaoketzat hartzen dituzte kantu guztiak oihukatuz zure tinpanoak lehertu arte. Horretarako, garrasiez gain urteetan perfekzionatutako tonua galtzearen teknika hutsezina erabiliko dute. Ahaztu abeslariaren ahotsa entzuteaz.

LETRA EZ DAKIENA ETA ASMATU EGITEN DUENA

Espezie honek ez du onartu nahi bere ezjakintasuna eta letra jakin ez arren ez dio kantatzeari uzten. Irudimena bor-borka du eta beti badu asmatutako hitzen bat ederki kabitzen dena abestiaren erritmoaren barruan. Badira modalidate hau muturreraino eraman eta garrasika eta desafinatuz abesten dutenak. 

MUGIKORRAREN PANTAILATIK KONTZERTUA IKUSTEN DUENA

Onartzen dut, nik argazki batzuk egiten ditut kontzertuaren oroigarren bat izateko. Baina normalean kontzertu hasieretan, ondoren lasai gozatu ahal izateko. Ez dut oso ongi ulertzen ia ekitaldi osoan zehar mugikorra eskuan bideoak grabatzen egoten den espeziea. Ez zait gaizki iruditzen momenturen batean argazkiren bat edo une jakinen bat grabatu nahi izatea baina askotan zu ere nolabait behartzen zaituzte kontzertua beren mugikorren patailetatik ikustera. 

ISILTZEN EZ DIRENAK

Kontzertua unerik egokiena iruditzen zaie berain bizitzak ordenatzen hasteko. Hori gutxi balitz, musika entzun ahal izateko lekurik egokienetan kokatzen dira. Faborez, kafetegietan garagardo edo kafetxoren batekin aurrean askoz gustorako egongo zinatekete, egin kasu.

KONTZERTU OSOA BARRATIK IKUSTEN DUENA

Aurreko espezieak badu alternatibarik kontzertuetan, barran elkartzen direnengana joan daitezke eta bertan jarraitu berriketan. Hauek gai dira kola luzea itxaroteko ondoren lekua hartzera joan beharrean zuzenean barrari itsasteko. Espezie honek tragoa beti eskura ez baldin badu ez omen da gai kontzertuaz gozatzeko. 

BERANDU HELDU ARREN LEHENGO ILARETARA IRITSI NAHI IZATEN DUENA

Aldiz hauek, sartzeko ez itxaron arren lehengo ilaretara iritsi nahi izaten dute eta hori lortzeko edozer egiteko gai dira. Lekua hartzeko garaiz heldu direnen begirada zorrotzek ez dituzte kikiltzen beren nahiak eta aurrera jarraitzen dute, horma bat dirudien altua ere gainditzeraino iristen direlarik. 

AKORDE BAKOITZA AZKENA BAILITZAN SENTITZEN DUENA

Hitz, nota, hasperen bakoitza sentitzen du. Begiak itxita egoten da abestirik barnerakoienetan eta abestiaren azken koma ere abesten du. Diskoa oraindik argitaratu gabe baldin badago ere kantu berriak jada badakizki. Musika sentitzera joaten da eta ez du beste ezertan arretarik jartzen kontzertuak dirauen bitartean. 

BABOSOA

Musikaren aitzakian zurekin ligatu nahiean bakean uzten ez zaituen hori. Zuk behin baino gehiagotan errepikatu diozu mesedez kontzertuaz gozatu nahi duzula eta bakean uzteko. Ezetza zer den ez dakien espeziea da arriskutsuena eta ezin da inoiz inondik inora toleratu. 

Aipatu gabe ziur espezie ugari gelditu direla, kontzertuen magia baita agian beste inoiz elkartuko ez litzatekeen jende andana biltzea musika berdinaren baitan emozionatzeko prest. Eta zu, zein espeziekoa zara? 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude