Emozio guztiak ez daude izendatuak

Zer litzateke filme edo telesail bat musikarik gabe? Sakontasun berdina izango al lukete zenbait eszenek? Ze puntutaraino eragiten du musikak mundua hautemateko dugun moduan?

Galdera hauek etorri zitzaizkidan burura Londreseko Joydeep Bhattacharya unibertsitateak egindako ikerketa bateko emaitzak topatu nituenean. Musikak irudiak hautemateko dugun moduan eragiten duela diote behin musika amaitu denean ere.

Esperimentuan “alai” edo “triste” bezala sailkatuak zeuden zenbait pieza musikal enzun zituzten boluntarioek. Grabaketa entzun ondoren subjektuek aurpegi baten argazkia behatzen zuten segundo batez. Batzuei pozik dagoen pertsona baten argazkia erakusten zitzaien eta beste batzuei aurpegiera triste edo neutroak. Partehartzaileen egitekoa aurpegien eduki emozionala ebaluatzea zen.

Oinarrizko sei emozio unibertsalak.

Ikertzaileek aurkitu zuten musikak eragin izugarria zuela aurpegien ebaluazio emozionaletan. Musika alaiak pozik zeuden aurpegiak are eta alaiagoak egiten zituen eta musika tristeak are eta tristeagoak goibelak zirenak lehendik. Baina aurpegi neutroetan ere antzeko efektuak hauteman ziren; musikaren arabera alaiagoak edo tristeagoak bilakatzen baitziren.

Honela, musikak estimulo bisualetan eragiteko duen gaitasuna frogatua gelditu da. Zein ez da sentitu bideoklip bateko protagonista kaskoekin musika entzunaz kaletik doanean? Beraz, tentuz aukeratu zein abesti ala disko jarri, leku edo une bat erabat eraldatu baitezake!

Hain zuzen, horretarako gai da musika bere unibertsaltasunagatik edo beste modu batera esanda giza emozioekin duen lotura estuagatik. Ez dugu esperimentu zientifiko beharrik jakiteko abestiek duten ahalmen eraldatzailea; zure abesti gustokoena jartzea besterik ez duzu hori egiztatzeko. Emozioek bihurtzen dute entzuten ditugun soinuak ulergarri eta hauek laguntzen digute gure ingurua deskodifikatzen.

Inkontzientekin bada ere hautematen ditugun soinurik zotilenak ere emozioekin lotzen ditugu. Soinu-emozio harreman horrek laguntzen digu gure lagunaren ahotsean tristura edo poza hautematen, adibidez. Soinuekin bezala gertatzen da musikarekin ere.

Musika beraz, hitzak bezain eraginkorra izan daiteke gure sentimenduak beste norbaiti ulertarazi nahi dizkiogunean. Normalean hitzak erabiltzen ditugu emozioak deskribatzeko. Alta, hauek ez dira sarri erabat eraginkorrak, izenik ez duten sentsazioak ere badira eta. Deskribapen sentsoriala musikarekin errazagoa da eta hartzaileak ederto ulertu dezake esaten saiatzen ari garen hori.

Bada, hitzak falta direnean akordeak daude. Maiz horiek entzunaz bakarrik gara gai sentitzen dugun hori ulertu eta hitzetan jartzen saiatzeko. Emozioen hizkuntza da musika. Abesti bakoitza hitz berri bat da, nahi bezala konbinatu daitekeena. Ez dago gramatika okerrik, baldintza bakarra sentitzea da. Horrenbestez, hitzik gabe geratzen zaren hurrengoan sakatu play eta gozatu barne bidaiaz!

Erantzun bat “Emozio guztiak ez daude izendatuak” bidalketan

  1. Pingback: Musikak emozioak eraldatzeko duen gaitasunaz – Pausoz pauso normalizazio bidean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude