Triste egotearen zoriontasuna

Beti alai egotera behartzen gaituen gizarte honetan ironikoki depresio hitza errazegi erabiltzen da, triste egotea patologia bat balitz bezala. Horren aurrean, sentimendu negatiboak positiboak izan daitezkeela erakutsi izan dit musikak. Arteak beraz, tristea izan behar al du du derrigor? Egia da, tristuraren bidez informazioa hobeto barneratzen dugula eta egoera ezberdinak modu eraginkorragoan bideratzen laguntzen digula. Gure pentsatzeko eta mundua ikusteko era aldatzen du, sentikorragoak bilakatuz eta ondorioz gure sormena puztuz. Baina batez ere, tristurak gizatiarrago bilakatzen gaitu. Eta azken finean, ez al da artea gure gizatasunaren isla?

Sortzaileek eta orohar arte kontsumitzaileok argi dugu hori eta horregatik masoka puntu bat  ere badugu. Tristezia erosoa zaigu, barneak husteko ahalmena ematen baitigu. Ezra Furman-ek abesti batean esaten duen moduan: Musikan etorkizun bikaina dut, benetako zoriontasuna aurkitzen ez dudan bitartean. Zuen disko kutunenetan pentsatzen jartzea besterik ez duzue, horietako zenbat dira alaiak? Aldiz, minetik sortutako disko bikain ugari datozkit tanpez burura.

Min horretan heriotzak leku pribilegiatua du. Musika doluari aurre egiteko tresna baliagarria da nahigabearekin lotzeko duen gaitasunagatik. Batzuk negar egiteko erabiltzen dute, hutsuneak utzitako sentimenduarekin kontaktuan jarri ahal izateko. Beste batzuk, horrexegatik ihes egiten dute musikatik. Bakoitzak bere moduak ditu, eta guztiak dira baliagarriak. Baina musikaren bidez doluaren mina besarkatzea oso mesedegarria da, tristezia ekidin ordez berau onartzen laguntzen baitu.

Nick Cave-k badaki zerbait horretaz, Skeleton tree lanak ez baitzuen argirik ikusiko bere 15 urteko semearen heriotza gertatu ez balitz. Onerako ala txarrerako ezinezkoa da diskoa tragedia hori buruan eduki gabe entzutea. Enpatia ariketa gogor bezain aberasgarria da. Inoiz egin nahi izan ez duen maisulana.

Eta besteren minak eragin gaitzakeela erakutsiz, Jesu & Sun Kil Moon bikoteak Cave-n tragedia ardatz harturik honako abesti lazgarri hau oparitu zigun.

Bi adibide hauetan erritmo lasai bezain ilunak aurki ditzakegu, pianoa ardatz dutelarik. Baina badira rock erritmoan jaiotako dolu-lanak. Simon Neil-en amaren heriotzak sortutako Puzzle lana askok Biffy Clyro-ren ibilbidearen puntu gorentzat daukate. Doluaren zirrikitu mingarriak azaleratzen dituen disko kontzeptual honek rock erritmoak eta balada barnerakoiak maisuki uztartzen ditu. Neil-ek berak aitortu izan du terapeutikoa izan zela berarentzat, nahiz eta zenbait abesti zuzenean jotzeko denbora behar izan zuen.

Touché amoré soinu gogorragoengatik da ezaguna. Alta, Stage four lana aurreko aipamenen ildo beretik doa funtsean. Zaila da diskoa entzutea bere sorkutza inspiratu zuen heriotza kontuan izan gabe, hain zuzen Jeremy Bolm abeslariaren amarena. Bi kontzeptu ezberdinen adierazpen dotore bezain lazgarria da. Alde batetik, minbiziaren laugarren faseari egiten dio erreferentzia izenburuak, apaindurarik gabe, gordinki, tragedia bera azalduz. Bestalde, tragedia horren onarpen prozesuaz dihardu eta horrek besteekin duen harremanetan ekarri dizkion arazoez. Eta noski, esan beharrik ez badago ere, abestitzar formatuan eskainia guztion gozamenerako.

Eta esan dezakegu Sufjan Stevens-en Carrie & Lowell diskoa Stage four poperoa dela, edo alderantziz. Bere gurasoen izena daraman maisulanaren aurrean gaude. Kasu honetan bere amaren heriotzaren dolua iragan ondoreneko hausnarketak direla esan genezake. Esango baligu bezala, abesti argitsu eta ahots xuxurlariz, baietz, gogorra dela baina onartu beharra dagoela. Bizitzaren zati ekidinezina baita heriotza. Fatalitatea onartzea besterik ez da gelditzen batzuetan eta horrelako soinu bandarekin errazagoa da.

Agian ez dira momentu guztietan jarri daitezkeen diskoak eta zinez dira bakarrik gozatzekoak (egun euritsu batean katilu bero batekin, adibidez) baina erabat beharrezkoak dira maiz uxatu nahi ditugun sentimendu horiek ere gu garela onartzeko. Zeren Anarik erakutsi digun bezala, egunero egin dezakegun gauzarik ezinbestekoena zein ahulak garen gogoratzea baita. Zaurgarri agertzeko gaitasuna dugunean gara benetan indartsu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude