Zu zara musika, musikak dirauen bitartean

Abesti batek eguna salba dakigukeela pentsatzen duen horietako naiz. Musikak badu azaldu ezin daitekeen baina sentitu dezakegun indar bat batzuetan baretzen gaituena, besteetan pizten.  Abestirik tristeena entzuten dugunean ere, gustukoa badugu behintzat, plazera sentitzen dugu. Sendagaia da edo behintzat momentu bateko ukendu lasaigarria.

Nahiz eta musika izan errazen zabaldu daitekeen arte mota, bere funtzio zehatza ez da oraino aurkitu. Darwin bera honela mintzatu zen: “Musikaz gozatzeko eta nota musikalak produzitzeko ahalmenak ez du inolako erabilpen praktikorik gizakiarentzat (…) musika da gizakiak duen doai misteriotsuenetako bat.” Hori hala izanik ere irudikatzen al duzue musikarik gabeko mundu bat? Egun musikak funtsezkoa izaten jarraitzen du ezagutzen diren kultura guztietan.

Kontzeptu sinpleenak erabiliz esan genezake musika soinuak denboran antolatzeko artea dela. Baina soinuak denboran antolatzearen zein istante bihurtzen da arte forma bat? Zenbait konbinaziok zarata itxura handiago dute nahiz eta arreta handiz antolatuak izan. Aldiz, beste zenbait argi eta garbi musika badira ere batzuk artistikoki besteak baino hobeto eraikiak daude. Zein irizpideren bitartez epaitu genezake zein den antolatuagoa eta zein ez, zer den artea eta zer ez?

Baina eztabaida amaiezin hori alde batera utziz, ezin uka genezake musikak gugan duen eragina. Lasaitzen gaitu, animatu, kontsolatu, emozionatu edo lanean gabiltzanean antolatzen laguntzen digu. Norberak bere erabilera ematen dio eta guztiak dira zuzenak ongi sentiarazten gaituzten bitartean. Frogatu da musikak balio terapeutiko izugarriak dituela gaitz neurologiko ugarirentzat. Horietako bat Alzheimerra dugu, eta musika entzuteak gaixo horiengan duen eragina ederki eta eder azaltzen du Alive inside dokumentalak.

Beraz, musika entzuteak soilik horrelako abantailak baditu terapia psikologiko batekin uztartuz are eraginkorrago behar luke izan! Ideia horregatik abiatuta sortu zen musikoterapia.

Musika definitzeko garaian bezala, musikoterapia definitzeko ere mila definizio eta azalpen eman genitzake. Alta, National Association for Music Therapy-k (NAMT) emandako definizioa da zabalduen dagoena: “Musikoterapia helburu terapeutikoak lortzeko, hau da, osasun mental eta fisikoa errekuperatu, mantendu eta hobetzeko, musika erabiltzean datza.”

Baina musikoterapeuta askok definizio honetatik haratago, beraien esperientzian oinarrituz, azalpen ezberdinak eman dituzte. Kenny terapeutak hauxe onartu zuen: “Norbaitek musikoterapia zer den galdetzen didan bakoitzean isiltasuna irentsi behar izaten dut, kontzentratu eta pentsatzen jartzen naiz: Ene bada, berriz ere, zer esan orain?. Beti da erronka bat, nire ulermenean sakontzeko gonbidapen bat; hitzak jartzen saiatzea berez deskribaezina den horri eta gainera, gertatzen den bakoitzean ezberdin gertatzen den horri.” Irakurri nuenean iruditu zitzaidan musikoterapia bezain ongi definitzen duela musika bera, ezta? Honen harira, oso gomendagarria da David Byrne-ren How music works liburua.

Definizioak definizio musikoterapia oraindik garapen prozesuan dago. Terapia honen ideiak milaka urte baldin baditu ere, ez zen jakintzarik batu XX. mendera arte. Hain zuzen, 1950. urtean AEBtan ematen zaio lanbide kategoria NAMT elkartea sortu zenean.

Disziplina askoren konbinazioa da eta ez da, ohiko terapiak bezala, hitzera mugatzen. Testuinguruak eskaintzen dituen adierazpen aukera guztiak profitatzen ditu abesteari, inprobisazioari, dantzari eta edozein adierazpen artistikori ezaugarri katartiko, sinboliko eta berreraikitzaileak egotziz.

Musikoterapiak sakonki ikertu ditu musikak dituen eragin eta ezaugarriak ondoren paziente bakoitzari erantzun ahalik eta zehatzena emateko. Ezaugarri esanguratsuena eta aho batez baieztatu dazakeguna da musika plazer iturria dela. Emozioak pizten ditu, irudiak sortu. Esna gaitzake, iraganeko egoerak gogorarazi, probokatu, indartu eta edozein giza emozio edo sentimendu garatu. Efektu sedantea izan dezake, estimulantea… eta gure sentimenduak identifikatzen lagundu gaitzake eta baita sentimendu hauen adierazpenak errazten.

Horretaz gain, kontzentratzen laguntzen du ikastea erraztuz, ordena eta analisi gaitasunak garatzea ahalbidetzen du, arrazonamendu prozesuak landu, memoriaren garapenean eragin, erlaxazio, gogoeta eta meditaziorako prestatzen gaitu eta sormena lantzeko ere erabilgarria da.

Gizartean erabilera anitza du musikak eta horregatik suertatzen da hain eraginkorra. Gizarteratze eragile bat da, elkarrizketa errazten du, harreman sozialak hobetu eta talde bateko pertenentzia sentimendua indartzen du. Horretaz gain, musika ihesbide eta entretenimendurako tresna oso egokia da.

Musika “eskura” dagoen artea da, pertsona gehienek aukera dute esperientzia musikalak bizitzeko. Beraz, pazientea ez da zerotik hasten terapian. Gainera baliabide malgua da, helburu ezberdinetara moldatu daiteke beharrizanen arabera.

Egitura eta ordena atxikiak ditu musikak eta ideia hau helarazten zaio pazienteari. Elementu musikalak aurrez iragarri ahal izateak ziurtasuna helarazten du, lasaitu egiten du. Musikak, arte guztien modura, esperientzia estetiko bat eskaintzen du eta berau egoki biziz gero autorrealizaziora eraman gaitzake gure autoestimua hobetuz.

Musikoterapian funtsezkoa da pazientearen edo taldearen gustu eta preferentzia musikalak ezagutzea. Gustuko musikak motibazio eta inplikazio handiagoa sortzeko ahalmena du eta ondorioz, prozesu terapeutikoa erraztuko du.

ZER EGITEN DUTE MUSIKOTERAPEUTEK?

Segur jada denen buruan dagoen galdera dela. Labur esanda musika erabiliz komunikazioa ezarri ala berrezartzen dute musikoterapeutek. Beraien jakintza musikal eta psikologikoan oinarrituz musika hizkuntza bailitzan erabiltzen dute. Honela nahaste espazio-ternporalak, pentsamenduzko nahasteak eta afektibitatezko nahasteak lantzen dira.

Musikak norbere izatearen  eta inguruaren kontzientzia izaten laguntzen du eta baita honen adierazpenean ere. Musikoterapeutak bakoitzaren “izateko modua” bilatzen du bere egoera kontuan izanik. Horretarako instrumentu musikalak, gorputza, ahotsa eta pazientearekin kontaktua egiten laguntzen duen edozer  erabiliko ditu.

Esku-hartze mota ezberdinak aplikatzen dira lotura terapeutikoa sortzeko. Lotura hau izango da sendatzen duena eta aldaketa esanguratsuak eskuratuko dira harreman berezi honen bidez.

Argazkia: Eider Iturriaga

Sendatzeko bidean lehen pausua eta garrantzitsuena pazientearengan enpatia sortzea izango da. Enpatia baita esku-hartze guztien oinarria. Terapeutak imitazioa eta sinkronizazioaren bidez aktibitate sentsorio-motriz batean batzen ditu pertsonak eta espazio-denbora jakin batean mantendu elkarrekin; esperientzia berdina partekatuz modu intimo batean. Elkarrekin kantatzen dugunean, melodia berdina sentitzen dugu, hitz berdinak ahozkatzen ditugu, erritmo berdinean mugitzen gara, guztiok bat izaten saiatuz. Kontzertuetan ere horrelako zerbait gertatzen da,  horregatik dio ikerketa batek kontzertuetara sarri joaten den pertsona zoriontsuagoa dela.

Adierazpena lantzea izango da terapiaren beste egiteko bat da. Musikoterapiak, jarduera ezberdinen bitartez, pazienteari bere barne esperientziak azalarazten laguntzen dio. Izan daiteke hitzen bidez ala hitzik gabe. Musika egin eta sortzeak modu anitzetan adierazteko aukera ematen baitigu. Hala nola, gorputza mugituz gure energia aska dezakegu, instrumentu bat joz gure barne bulkadei forma ematen diezaiekegu gure emozioak bertan barneratuz eta musika entzutean, besteen bidez adierazten gara. Sortzailearekin identifikatu gaitezke eta gure sentimenduen liberazioa esperimentatu edo besteen sentimenduen bidez askatu.

Eman eta jaso. Elkarrekiko prozesu bat da musikaren bidezko terapia. Besteengan eragiten dugu eta uzten dugu besteek gugan eragina izan dezaten. Musika sortu eta entzutea besteekin harremantzeko oso modu naturala da. Beraz, terapeutak oso modu errazean lortzen du pazientearekin interakzioa.

Besteen ideiak eta sentimenduak partekatu ditzakegu musikaren bidez. Komunikazio musikala bere horretan existitzen da eta ez du ordezkorik. Musikan ezarri ditzakegu hitzak, mugitu gaitezke edo marraztu dezakegu. Honela, musikoterapiaren bidez hitzez azaldu nahi duguna era osatuago batean azaldu genezake. Frogatu baita musikaren ez-hitzezko esanahiak ematen diola musikari erabateko zentzua. Hitzik gabeko hizkuntza da. Horregatik da zenbait kasutan hitzezko terapia baino eraginkorragoa.

Musika egiteak beti dakar berarekin berrelikatzea eta horretaz ohartarazten saiatuko da terapeuta. “Sonatzen dugu” eta gero “sonatzen” entzuten gara. Modu honetan pazienteak aldaketaren beharra onartu dezake eta behar dituen aldaketa horiek identifikatu. Musikoterapeutak pazienteari lagunduko dio bere burua entzuten, ikusaraziz nola erreakzionatzen duten besteek berak adierazten duen horretara.

Pertsonaren erabateko funtzionamendua lortzeko alternatibak esploratzen laguntzen du terapeutak. Musika egiten dugunean erronka bat gure gain hatzen dugu. Eskura dauden aukeren barruan melodia eta erritmo jakin batzuk aukeratzera behartuak gaude. Musika entzuten dugunean  ere nola entzun nahi dugun aukeratzen dugu eta erabaki zer esanahi duen musika horrek guretzat. Alternatiba guzti hauek ezagutu ostean, aukera ezberdinak ebaluatu ditzakegu erabakiak hartzerako garaian. Honek norbere buruaren ezagutza handiagoa izaten laguntzen du eta jakintza hori egunerokotasunean aplikatzeko aukera eman. 

Gure bizitzetan, konturatu gabe ere, beti gabiltza gure adimen, emozio, gorputz eta inguruaren arteko armonia bilatzen. Guztia osotasun batean konektatu nahirik. Zentzu honetan musika oso erabilgarria da. Musika entzuten dugunean edo inprobisatzen dugunean, gure belarri, adimen, begi, esku, pentsamendu eta sentimenduak honen zerbitzura jartzen baititugu. Honetaz ohartarazten ere saiatuko da musikoterapeuta.

Ekintza hauen azken helburua beti izango da pazientearen eguneroko bizitza hobetzea. Aldiz, artikulu hau idaztearena musikak guregan dituen onurez jabetzea izan da. Ez dakit lortu ote dudan baina ziur denok sentitu zaretela identifikatuak musikak guregan duen efekturen batekin, denok baikara modu sinple eta inkontzienteago batean gure buruaren musikoterapeutak. Beraz, segi beldurrik gabe musika entzuten, sortzen, dantzatzen eta bizitzen, ez baitu bigarren mailako efekturik!

Nils Frahm musikari bikainak dioen bezala: “You only exist through all the beautiful music you’ve heard.” Nire aldetik berari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen gure gozamenerako honelako gauza ederrak sortzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude