Edertasuna irla bat da

 

Ólafur Arnalds-en edozein lanen aurrean jartzen naizen bakoitzean galdera berdina datorkit burura: zer sentitu behar ote da horrelako talentua edukita? Ziurrenik deus berezirik ez, berezkoa duenak bere baitan baitarama betitik. Gainera Islandian talentua edukitzea ahuntzaren gauerdiko eztula behar du izan, makina bat musikari interesgarri baitaude 300 000 biztanle eskas dituen irla izoztuan!

Beste hilkor hutsaloi bere magiarekin txunditzea baizik ez zaigu gelditzen. Bere konkista 2007an hasi zen Euglogy for evolution diskoarekin. Neoklasika estiloan mugitzen zen lana, bere arma hutsezinekin: piano eta bibolina. Baina islandiarrak ez du klasiko hitza kontserbadurismoaren sinonimotzat eta jada 2008ko Variatons of static EPan musika klasiko horri ambient ukituak gehitu zizkion. 2009an Found songs-en zazpi egunetan abesti bana oparitu zigun. Eta hori gutxi balitz urte berdinean Dyad 1909 lan ausartago eta elektronikoagoa argitaratu zuen. 2010a izan zen ordea bere urtea, …and they have escaped the weight of darkness maisulanarekin bere talentua berretsi baitzuen. Kasu honetan, soinu klasikoa alde batera utzi gabe popera hurbildu zen. Intimistago jarriz, 2011an bere etxera gonbidatu gintuen Living room songs lanaren aitzakian eta bertan, zuzenean grabatutako zenbait pieza eskaini zizkigun inperfekzio ederrak ezabatu gabe (momentu batzuetan aulkien karraska entzun daiteke).

Eta denbora kontuan zen filmetako soinu bandak konposatzen hastea. Another happy day eta The hunger games filmeetan egin zuen debuta, bi luzemetraien puntu indartsuenetakoa (indartsuena ez bada) musika bihurtuz.

2013an bere diskografia luzatzeari ekin zion For now I am winter lanean. Soinu orkestralago du diskoak berrikuntza bezala estreinakoz ahotsak gehituz. Urtez aldatu gabe beste maisulan bat eskaini zigun Broadchurch telesail interesgarriari musika ederra ezarriz. 2014an soinu klasikoa alde batera utzi zuen hasieratik bere musikan egon den alde elektronikoa jorratzeko. Horrela Kiasmos proiektua sortzen du; ñabarduraz beteriko elektronika minimalista. 2015an aldiz, elektronika ahaztuta Alice Sara Ott pianistarekin batera The Chopin project sortzen du, Chopin-en musika XXI. mendera ekarriz.

Dirudienez oporrak zer diren ez daki Ólafur-ek eta 30 urte oraindik bete ez dituela jada bi lan argitaratu ditu aurten ere. Urte hasieran bere lagun Nils Frahm-ekin sortutako Trance Frendz zoragarria eskaini zigun. Diotenez Alemaniarraren Berlineko etxean pote batzuk hartzeko geratuak zirela sortu zen proiektua. Gaua inprobisatzen pasa omen zuten eta horren fruituak dira bere horretan diskoan aurkitzen direnak. Ez dakigu zein puntutaraino ote den egia istorioa baina niri bost. Argi daukadana da etxe horretako kaktusa izan nahi dudala konposizio miragarri horiek zuzenean nola sortzen dituzten ikus-entzuteko.

Eta banator benetan kontatu nahi nizuen proiektua aipatzera. Alabaina, ez pentsa aurreko guztia artikulua luzatzeko propaganda hutsa izan denik, aipatutako lan bakoitzak merezi du istant bat bederen eskaintzea.

Bada ekainean sare sozialetan www.islandsongs.is web orria iragartzen hasi zen 21.06.2016 datarekin batera. Egun hori hurbildu ahala jakin genuen 7 astetan zehar Islandiako 7 leku ezberdinetara bidaiatuko zuela konposizio berriak grabatzeko. Leku bakoitzean bertako artista lokalekin kolaboratu du. Elkarlan horien fruituak zuzenean grabatuak izan dira eta astero web orrian eskegiak. Bideoaz gain, artista kolaboratzailearen biografia txiki bat eskaintzen du eta baita islandiako leku horren deskribapena. Egiten dugun orok baitu bizi garen inguruaren kutsua nahi gabe ere.

Lehen konposizioa Árbakkinn da, Hvammstangi herrian interpretatua. Bertan bizi da Einar, literatura irakasle eta poeta. Erretiroa hartu ostean mugitu zen herri txiki honetara poesia idazteko asmoz. Pieza Einar-en poesia errezitaldi batekin hasten da. Pixkanaka musikak dotoreziaz jazten ditu bere hitzak. Aipatu poesia islandieraz dagoela eta Ólafur-ek ez itzultzea erabaki duela; bere aburuz, itzulpenarekin hitzek bere horretan jariatzen duten edertasuna galduko luketeelako.

Interpretatutako bigarren pieza 1995 da eta Önundarfjörður-eko itsasertzera mugitu gara horretarako. Aitatzen da 1995ean elauso bat izan zela eta egun urte hartan bizia galdu zutenen izenak gogoraratzen dituen oroigarri bat dagoela. Bertan bizi da Dagný musika irakaslea eta bertako eliza txiki-politean organoa jo ohi du. Hargatik, konposizioa eliza horretan interpretatzen dute.

Selvogur da urrengo geltokia eta Raddir konposizioak musikatzen du. Marinelen eliza bezala ezagutzen den eraikinean dago grabatua. Hilmar zuzendariak eta Georg konpositoreak hartzen dute parte koru batek lagundurik. Itsas inguruko paisaia bakartiarentzat apropos sortutako musika zerutiarra dirudi.

Laugarren astean Akureyri-ra garamatza, zirkulu polarretik hurbil. Hollywooden urteak eman ondoren bertara itzuli da berriz ere Atli. Bideoan interprete guztiei ematen zaien protagonismoa aipagarria da, musikari bakoitzak Öldurót piezari eskaintzen diona azpimarratuz.

Þorkell Islandiako orkestra sinfonikoko kide ohiaren etxeko goxotasunera gonbidatuak izan gara bosgarren astean. Mosfelldallur herrian kokatua dagoen etxe xarmantean jan-edanean ari dira Ólafur pianoan jotzen ari den bitartean. Maite dut Dalur piezak eta irudiek helarazten duten epeltasuna.

Abentura honen bukaeraren hasierara hurbiltzen ari gara. Garður herrixkan Nanna abeslaria dugu, ahots eztiaz Ólafur-en Particles konposizioa edertzen. Musikaren xalotasuna ederki irudikatzen du bideoan nagusitzen den kolore zuriak.

Bidaiak bukaera Islandiako hiriburuan du. Reykjavík da Arnalds-en etxea. Horregatik, pieza hauek inspirarazi dituen jendeaz inguratu nahi izan du oraingoan. Berak dioenez, azkenaldian lekuek baino jendeak inspiratzen baitu gehiago. Doria koposizioa Iðnó kontzertu aretoan interpretatzen du bere lagun hurbileneko eta familiarekin.

Ez ditut piezak gehiegi komentatu nahi izan zuen begi-belarriz deskubritu ditzazuen proiektu honek ezkutuan dakartzan emozio ezberdinak. Zenbait momentutan ia errudun sentiarazi nau minutu horietan bada ere zoriontasuna esku puntekin ukitzeko pribilegioa izateagatik. Horrelako musika entzuteko denbora hartzea eguneroko gerretatik su-etena lortzearen parekoa da. Gainera, Islandia promozionatzeko marketing kanpaina bezala ere ederto funtzionatzen du proiektuak, ni behintzat hasi naiz jada aurrezten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude