Ia hilabete pasa dela Europako Saskibaloi Txapelketa bukatu zenetik? Ba bai. Ezin dudala horren inguruan idatzi gabe geratu? Baita ere! Baina aizue, entzun al duzue zerbait Europako Saskibaloi txapelketaren inguruan?
Ekainaren 27tik uztailaren 7ra bitarte, Serbian Europako emakumezkoen maila goreneko saskibaloiaren erakustaldi bikainaz disfrutatzeko aukera izan zen. Bertan, Serbiako selekzioarekin batera, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Bielorrusia, Eslovenia, Hungaria, Italia, Letonia, Montenegro, Txekiar Errepublika, Errusia, Suedia eta Turkiako selekzioek lehenengo postua nork lortuko zuen jakiteko lehiatu ziren.
Txapelketa aurretik Serbia, Espainia, Frantzia eta Belgika ziren urrea eramateko aukera gehien zituzten taldeak, 2018an Tenerifen izandako Munduko Txapelketan zein azken hilabeteetan talde bakoitzak kantxan erakutsitako maila altua dela eta.
Serbian jokatu den txapelketa jarraitu genuonok (Sanferminak baziren ere mugikorrari itsatsita egon naiz), inoiz baino saskibaloi maila altuenaz gozatzeko aukera izan genuen. Espainiako selekzioak historia egin zuen, Frantziaren aurka finala irabazi eta Europako txapeldun bezala errepikatu zuen. Frantzia bigarren geratu zen, Serbiak hirugarren eta Erresuma Batuka laugarren postua lortu zuten bitartean.
Txapelketako jokalari onenaren saria (MVPa), Astou Ndour (ESP) izan zen. Jokalari senegaldar honek WNBAko Chicago Sky taldean jokatzen du eta Eurobasket honetan Alba Torrens jokalariaren lekukoa hartu zuen Eurobasketeko jokalari onena bezala. Ndourrekin batera, Sandrine Gruda (FRA), Sonja Petrovic (SER), Temi Fangbele (GB) eta Marta Xargay katalanak txapelketako boskote onena osatu zuten.
Eurobasket honetan deskubritu edota nabarmentzekoak iruditzen zaizkidan bost jokalariak hauek dira niretzat:
Astou Ndour (ESP)
Txapelketako MVPa, 2018an Tenerifen jokatu zen Munduko Kopako boskote onenean sartua izan zen. Jokalari senegaldarra asko hobetu du bere jokoa eta ezinbesteko bihurtu da Espainiako selekzioarekin bere barneko jokoarengatik zein kanpotik duen jaurtiketengatik.
Laura Nicholls (ESP)
Ez da urte errexa izan da jokalari honentzat.. Eli Pinedok gidatzen duen Deportistas de Eli-te saioan adierazi zuen moduan (by the way, saioa ikustea gomendatzen dizuet) 2018-19 denboraldian Perfumerias Avenida taldea utzi zuen. Horregatik, finala irabazita jokalari hau malkoak begietan ikusteak izugarri hunkitu ninduen. Jokalari bezala bikaina da, baina pertsona bezala hobeagoa da.
Marta Xargay (ESP)
Alba Torrensen hutsunearen aurrean, bera izan da taldearen lidergotza Laia Palaurekin batera bere gain hartu duena eta bikain egin du. Ezinbesteko jokalaria da eta asko hobetu da azken urteetan.
Maria Vadeeva (RUS)
Nire deskubrimendurik handiena. Pila bat gustatu zain errusiar gazte honen jokatzeko modua eta gertutik jarraitu beharreko jokalaria da dudarik gabe. Gaur egun WNBAko Los Angeles Sparks taldean jokatzen du.
Emma Meesseman (BEL)
Tenerifen egon nintzenean, Belgikako taldeak inork espero ez zuena egin eta laugarren postua lortu zuen. Emma Meesseman ezinbestekoa da Belgikako taldean eta horrela erakutsi du Serbian jokatutako txapelketan ere. Belgikar honek ere WNBAn lehiatzen da, Washington Mystics taldean.
Bukatu baino lehen aipatu beharra dut Alba Torrensen jokoaz gozatzeko aukera faltan bota izan dut, baina barregarria izan da bera komentarista bezala entzuteak, kar, kar, kar! Era berean, ezin ahaztu dezaket Laia Palau handia! Beti bezala fin eta eskuzabal.
PD 1: Amorru handia daukat eta haserre nago Espainiar Estatuko hedabideek Eurobasket-az egindako jarraipenarekin. Izan ere, azken urteotan Espainiako selekzioak izandako emaitzak zein taldearen maila itzela bada ere, taldeak izan duen oihartzuna minimoa izan da. Egoera hau okerragoa da, Munduko Futbol Txapelketan Espainiako taldeak lortutako emaitza eta hauek izan duten jarraipen mediatikoa handiagoa dela ikusten duzunean. Eta hortxe dago arazoa: hedabideen planifikazioan. Izan ere, hau gizonezkoen txapelketak balira, ez zen horrelakorik gertatuko eta kateen atean bakoitzaren jarraipena banatuko lukete.
Baina tira, aipatu beharra dut pozik nagoela behintzat bi lehiaketek jarraipen mediatikoa izan dutela eta emakumezkoak izan direla bai kantxan/zelaian zein platoetan protagonistak jokalari eta komentarista bezala.
PD 2: Jokalarien Instagram-ak utzi dizkizuet, nahi izanez gero nolakoak diren ezagutzeko aukera interesgarria ematen baitu sare sozial honek.