2019ko urtarrilak 30, gogoan izateko data

Nork esan du emakumezko kirolak jarraipenik ez duela? Aspergarria dela eta ez duela interesik? Beste behin, Athletic-eko jokalariek, markak apurtu zituzten San Mamesen 48.000 zaletu biltzean. Emakumezkook bizitzako beste esparru askotan egin bezala, kirolean ere, gure espazioa aldarrikatzeko aukera berria izan zen, eta nola egin ere!


Bai, markagailuan 0-2ko emaitza gelditu zen, baina, norgehiagoka baino gehiago irabazi genuen. Alde batetik, bi taldetako jokalariek eta euren inguruko fisio, prestatzaile fisiko, entrenatzaile, delegatu, etab; bestetik, zaletuok, maila goreneko futbolaz gozatzeko aukera izanagatik; eta, bukatzeko, emakumezkoon kirolak merezi duen espazioarengatik borrokatzeagatik eta erreferente izateagatik.

Athletikzalea banaiz ere, ezin aipatu gabe utzi Realeko neskek partidua irabazi eta #KoparenBila borrokan jarraituko dutela Rayo Vallecanori 4-0 irabazi ondoren.

Gutxi barru euskal derbia izango dugu Anoetan (Donostia) eta martxoaren lehenengo astean, Buesa Arenan (Gasteiz), Espainiako Erreginaren Kopaz gozatzeko aukera izango dugu (3 euskal taldek eta hainbat euskal jokalarik parte hartuko dute).

Ez dakit zuek, baina hau, jada, ez dago gelditzerik. Nik ahal dudan heinean ez dut galduko. Eta zuek?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude