Egilearen artxiboa: Iker Of A Down

Honi buruz: Iker Of A Down

BAZTAN. Dena kritikatu, denei eta denontzat, inorekin ados egon gabe. Ez du axola zer edo nor den, berdin asko edo gutxi den, ez du garrantzirik ea garrantzitsua den. Dena gaizki dago.

NEVERMIND-EK AXOLA DUENEAN

Spencer Elden-ek, txikitan Nirvanaren “Nevermind” (1991) diskoaren azal famatuan agertzen zen haurrak, taldeko kide ohiak eta oinordekoak salatu zituen aurreko hilabetean haurrentzako pornografia sustatzea egotzita.

“Auzipetuek Spencer-en irudi pornografikoa modu komertzialean zabaldu zuten haien musika zabaldu eta irudiaren bidez aberasteko”, dio Kaliforniako auzitegian aurkeztutako salaketak. Gainera, salaketan ere, haurraren gurasoek soilik 200 $ jaso zituztela eta ez zutela inoiz argazkiak erabiltzeko baimenik sinatu gehitu dute.

Kexa honen bidez identifikatutakoen artean Nirvanaren formazio klasikoko Dave Grohl baterijolea, Krist Novoselic baxujolea, Kurt Cobain (1967-1994) gitarjolea eta Courtney Love (Kurt Cobain-en alarguna) agertzen dira. Auzian Kirk Weddle ere agertzen da, “Nevermind” filmaren azaleko argazkilaria izan zena. Bitxia bada ere, salaketak Chad Channing ere leporatzen du, lehen urteetan Nirvanako baterijolea izan zena eta taldea 1990ean utzi zuena, hau da, “Nevermind” kaleratu aurretik.

Elden-ek kalte-ordainak eskatzen ditu, auziaren arabera, “bizi osorako jasan eta jasango dituen kalteengatik”. “Nevermind” diskaren azala rockaren historiako adierazgarrienetakoa da eta haurtxo bat igerilekuan murgiltzen eta dolarreko billete baten bila ehizatzen erakusten du.

Salaketa ezarri arren, Eldenek aipatutako azala hainbat alditan birsortu du, adibidez, Rolling Stone aldizkarirako diskoa kaleratu zeneko 25. Urteurrenean. 2016an, jatorrizko irudian bezala biluzik agertzea ere proposatu zioten, azkenean eta argazkilariaren erabakiz bainujantziarekin egin zuen.

2016an ere, Time aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean, bere atsekabea erakutsi zuen konpentsazio ekonomikorik jaso ez izanagatik mundu osoan 30 milioi ale saldu dituen eta mota guztietako produktu ofizialetan erreproduzitu den disko baten azalean protagonista izateagatik. «Parte hartzen duten guztiek dirua tonaka daukate. Grunge rockaren azken apurra naizela iruditzen zait ” esan zuen. “Amaren etxean bizi naiz eta Honda Civic bat gidatzen dut”

Bere garaian “Nevermind” hitza bularrean tatuatu bazuen ere badirudi Spencer Elden-ek iritziz aldatu eta disketxeek eraman zuten dirutzatik bere zatia eskuratzeko borrokatuko duela. Ikusiko ea lortzen duen…

OSASUNA EDO SINESMENA?

Aurreko asteazkenean, musikaren mundua harrituta geratu zen Pete Parada-k , “The Offspring” punk rock talde estatubatuarreko bateria jotzailea, taldetik bota zutela iragarri bai zuen. Kaleratze honen arrazoia covid-19aren aurkako txertoa jaso nahi ez izateagatik izan zela jakinarazi zuen. Parada-k, 14 urte zeramatzan taldean.

Musikariak mezu bat argitaratu zuen bere Instagram kontuaren bidez. Bertan, txertoa hartu ez izanaren arrazoiak azalduz.

“Zoritxarreko albiste bat dut helarazteko. Badakit nire gertuko lagun eta senide askok nahiagoko zutela albiste hau lehenik era pribatuan entzun, eta barkamena eskatzen diet nire agerpena era publikoan egiteagatik, baina ez dakit gertakari hau nola aipatu”

“Industriak geroz eta aginte gehiago duen sektore honetan, duela gutxi jendea nere ondoan egotea arriskutsua dela erabaki dute, bai estudioan eta bai kontzertu biretan. Ondorioz, hurrengo ikuskizunetan ez didazue ikusiko. Nire istorioa ere partekatu nahi dut momentu honetan, atzean geratzearen agonia eta isolamendua bizi duen edonork jakin dezan, ez daudela bakarrik”

Txertaketari buruz hartutako erabakiari dagokionez, Parada-k agerian utzi du mediku gomendioagatik izan dela, izan ere baterijoleak txikitatik Guillian-Barré sindromea pairatu bai izan du. Ondorioz, txertoen efektuek, bere osasuna larriagotu dezakete.

Artistak, era berean, pertsona bakoitzak txertoa hartzearen edo ez hartzearen erabakia errespetatu behar dela adierazi du.

“Gehienok ez dugu publikoki partekatzen gure medikuekin hartzen ditugun erabaki pribatuak. Badakigu ez dela erraz garatzen den elkarrizketa. Badirudi biztanleriaren erdiak espero baino erreakzio azkarragokoa izanen duela, ziurrenik haien bizitzako esperientziak oso desberdinak izan direlako.”

Taldearen erabakiari dagokionez, bateri jotzaileak erabakia guztion ongizaterako hartua izan zela azaldu du eta ez duela inolako amorrurik bere lagunen aurka, aitzitik, arrakasta handia opa die etorkizunerako.

”Ez dut nire taldearekiko sentimendu negatiborik. Haiek haientzat ustez erabaki hoberena hartzen ari dira, nik ere gauza bera egiten dudan bezala. ”The Offspring” familia osoari etorkizun hoberena desio diet! Min ematen dit nire komunitatea errepidean berriro ikusiko ez dudala jakiteak zaleekin kontaktua galduko bai dut… Espero dut gaur egun agertzen ari diren beldur mota guztiei lekua egiten ikasiko dugula. Saihestu dezagun elkarren artean menderatzeko, gizagabetzeko eta dena oihukatzeko hartu dugun joera tamalgarri hau. Gizartea  ez da talde monolitiko bat. Ahots guztiek entzutea merezi dute… ”

Azken hitz hauen ondoren, zer pentsa dezakegu? Osasunaren edo sinesmenaren arabera hartutako erabakia izan al da?

Badirudi hau ez dela hemen amaituko…

BORTXAKETA KULTURALAREN ERESERKIA

Robin Thicke abeslariak zazpi urte eman behar izan ditu isilik entzuleak bera nor den gogoratu bainan gertatutakoa ahaztu duelakoan. 2013an, pop munduan izandako gainbehera handienetako bat bizitu zuen, arrakasta eta porrota ia ia aldi berean bizituz. Blurred Lines izan zen urte hartako kantarik salduena, baina baita mendebaldeko kulturan aro berri bat zabaldu zuen kantu madarikatua ere.

Blurred Lines-en letrek pop musikako ohiko egoera bat deskribatzen dute: Thicke “neska on batekin” dantzatzen ari da, “leku honetako putakumerik ederrena” bezala deskribatzen du eta bere mutil-lagunaz ahazteko konbentzitzen saiatzen da (“otzantzera zihoan, bainan animalia zara”). Blurred Lines kantuan “Ipurdia bitan banatzeko zerbait handia emango dizut” bezalako esaldiak aurki ditzakegu. Ah! Ta nola ez , “Badakit nahi duzula”, 18 aldiz errepikatzen du.

Blurred Lines-en defendatzaileek hip hop munduan halako jarrerak onargarriak eta komikotzat hartzen direla argudiatzen zuten. Gaitzesleek berriz abeslariask emakumea behin eta berriz zapaldu eta hark nahi izan ala ez azkenean sexu harreman bat izateko konbenzitzen zuela salatzen zuten. Gauzak honela, bi korronte sortu ziren: Abestia ñabardurarik gabe defendatzen zituztenak eta abestia bere osotasunean kritikatzen zituztenak…

Eta orduan Robin Thicke azalpenak ematen hasi zen.

“Denok ezkonduta gaudenez eta seme-alabak ditugunez, horretaz barre egiteko gizon aproposak gara. Noski, kantuak emakumeak zapaltzen ditu, hala ere beti errespetatu izan ditut. Haiek eta haien gorputzak ederrak dira. Gizonak beti haien atzetik egonen gara. Beldurrik gabe eta ahalik eta lotsagabeenak izan nahi genuen kantuan”.

Thicke-k gizonak eta emakumeak berdinak direla zihurtatzen du, bainan bideoan haien desberdintasunak argi eta garbi azaltzen dira. Gizonezkoek emakumeei begiratzen diete, emakumeek aldiz kamerari. Gizonezkoek hiztegia badute, emakume batek ordea miauka mintzatzen da. Gizonezkoek arropa daramate, emakumeek ez. Kantuaren bideoan, hori guztia normala da.

Robin Thicke, abestiaren ondorioz, gizonezko zuri heteroxesualaren ikur bilakatu zen. Bere ekintzengatik inoiz azalpenak eman behar ez eta ondorioei aurre egiten ez dien adibide garbiena.

Eta ondoren… MTV sariak.

Abeslaria ezer gutxitaz ohartzen ari zen eta horren adibiderik garbiena MTV sarietan gertatutakoa izan zen. Bertan, Miley Cyrus ia biluzi batekin abestu zuen. 19 urte zituen neskak, hark, 34 urte. Ikusleentzat Cyrus neskatxa gazte bat zen, Thicke aldiz, bere nagusia. Ikuskizunean Twerking momentu bat eta guzi bizitu zen, ekintza hau Twitter-eko historiako gertakaririk aipagarriena bihurtuz, minutuko 306.000 tuits iruzkindu bai ziren.

Eskandalua gertatu eta egun gutxira, Thicke-k Justin Timberlake-k Janet Jackson-ekin Super Bowl-eko eskandaluan erabilitako estrategia berdina erabili zuen: Erru guztia bikotekideari egotzi eta gertatukoa aurreikusi gabe zegoela zin egin zuen. Cyrus ez zen kikildu eta twerking mugimendua berak iradoki ziola eta “ahalik eta biluzien” ateratzea eskatu ziola ziurtatu zuen.

Mugimendu berri baten sorrera.

Lady Gaga-k urrian R. Kelly-rekin Terry Richardson-ek zuzendutako bideoklip bat grabatu zuen (“Do What U Want“). Bertan abeslariak Lady Gaga drogatu eta konorterik gabe zegoenean bere gorputza igurtzen zuen. Azaroan, biek eginiko zuzeneko emanaldi batean, lehena Estatu Batuetako presidentea zen eta bigarrena aldiz, bere idazkaria. Abenduan, Lady Gaga-k Kelly Christina Aguilera-rekin ordezkatu zuen eta bertan behera utzi zuen bideoklipa argitaratzea: Kelly-ri 2002an sexu abusuak leporatu zitzaizkion, Richardson-eri 2001ean… Inori ez zitzaion axola. Baina bat-batean, 2013an, publizitatearen ikuspegitik horrelako kasuak arazotsuak bihurtzen hasi ziren. Hilabete gutxiren buruan, gizartea beste begi batekin ikusten hasi zen mundua.

Hala ere Robin Thicke-rentzat berandu zen… 2014 hasieran, Paula Patton emazteak banaketa eskatu zion. Thicke-ren erreakzioa, Paula-ren adiskidetza berreskuratzeko diska bat kaleratzea izan zen. Diska hartan Thicke-k bere emazte ohia lotsatzeaz gain, pribatutasuna urratu eta bereizketa lasai bat ukatu zion. Paula barregarri utzi zuen manipulazio emozionalaren eta xantaia publikoaren estrategiaz.

Thicke-k, ohartu gabe, kulturako aro berri bat sortu zuen. Abestiek, filmek eta pertsonaia ospetsuek elkarrizketa sozialak sortzeko eta eztabaida politikoetan arma jaurtitzaile gisa funtzionatzen duten eszenatokia. Horietan, artistei erantzukizunak eskatzen zaizkie. Sare sozialetako haserrea albiste bihurtzen da eta zenbaitetan pertsonai publikoen desagertzea dakar. #MeToo mugimenduak feminismoaren laugarren olatua bultzatu zuenean, tsunamiaren jatorria ez zen kale edo parlamentuetatik etorri, Hollywood-etik etorri zen.

Eta gaur? 2018az geroztik, Robin Thicke-k 26 urteko April Love Geary modeloarekin hiru seme-alaba izan ditu eta nolabaiteko ospea berreskuratu du Estatu Batuetan Mask Singer telebista saioak izandako arrakasta izugarriari esker, izan ere bertan epaile gisa bai dihardu. Aurreko hilabetean, 7 urteko ixilunearen ondotik, On Earth, and in Heaven diskoa kaleratu zuen. Bere aurreko diskoetxeak kontratua berritu ez dionez bere poltsikotik ordaindu du dena. Aurkezpen single-erako Pharrell Williams-ekin elkartu da. “Take Me Higher”aurrerapen kantak bere hastapenetako funk dotorea dirudi, agian “Blurred Lines”-en aurretik zegoen ibilbideari berrekin eta jatorrizko publikoa berreskuratzeko helburuarekin. “Azkenean izan beharko nukeen pertsona sentitzen naiz”, dio. “Orain gauzez barre egiteko gai naiz. Ekaitzaren ostean agertzen den argia da musika”.

SOUNDGARDEN-EN DI$KA BERRIA

Zenbat balio du Soundgarden taldearen diska berriak? Eta taldearen aktiboek? Horiek dira Vicky Cornell eta taldeko hiru kideak ados jartzen ez diren galderak, eta oraingoz, taldearen disko berri batek etorkizunean argia ikustea eragozten duen puntua.

Aurreko hilabetean Chris Cornell-en alargunak Seattleko epaitegian Kim Thayil-en , Matt Cameron-en eta Ben Shepherd-ren aurkako auzi bat aurkeztu zuen. Hainbat komunikabideren arabera, arrazoia hiru musikariek hildako abeslariaren aktiboen gaineko eskubideak eskuratzeko egindako 278.000 dolarreko eskaintza izango litzateke. Vickyren arabera, eskaintza horren barruan, taldearen merchandising-aren irabaziak, etorkizuneko birekin sortutako irabaziak eta zuzenekoetan abeslariaren holograma erabiltzeko eskubidea (!!!!) sartuko litzateke.

Ezarritako auziaren arabera, Cornell-en aholkulariek uste dute “zifra maltzurki baxua” dela eta “Vickyk 2018an soilik Soundgarden-en masterren eskubideagatik lortutako irabazietara ere ez dela iristen”. Halaber, musikariek egindako eskaintza inbertsore batek master horiek 16 milioi dolarretan erosteko eskaintzaren ondoren etorri zela salatu dute.

Vicky Cornell-en haserrea ere, iazko abenduan bere alargunaren eskubideak eskuratzeko egin zuen saiakerarekin lotura dauka. Izan ere, abeslariaren bikotekideak Thayil-eri, Cameron-eri eta Shepherd-eri egindako eskaintzak hauek ezezko batekin erantzun bai zuten. Lehen eskaintza 12 milioi dolarrekoa izan zen, bigarrena aldiz 21 milioi dolarrekoa. Gauzak honela, Vicky Cornellek, taldearen aktiboen arrazoizko balioa zehazten duen epaile bat bilatzen du orain.

Lege gerra hau nola amaitzen den ikusi beharko da, bainan alargunak Chris Cornellek Soundgarden-en zazpigarren disko baterako grabatu zituen ahots eta instrumentu pistak bere eskuetan ditu (abeslariaren bakarkako albumerako zirela ere esaten da), eta gainontzeko taldekideek ez dituzte grabaketa hauetara heltzeko modurik ez eskubiderik.

Bi aldeek elkarri dirua eskatu eta elkar salatzen diren bitartean, gauza bat argi dago: Zaleak dira galtzen jarraitzen duten bakarrak…

“SOBER” MIKE

Joan den hilabetean, Fat Mike buru duen NoFX taldeak”Single Album” deituriko diska argitaratu zuen, haien estudioko hamalaugarren lan luzea. Bainan taldeak honezkero ezer berririk eskaintzeko ez duela uste baduzue, birritan pentsatu, izan ere “Single Album”ean, Fat Mike-k bere burua punk rockak inoiz izan duen kantautore original eta sortzaileenetako bat dela berretsi bai du.

Fat Mike-k drogak alde batera utzi eta diska honetarako “Sober” Mike izaera hartu du, bertan bere miseria guztiei buruz argi eta garbi hitz eginez. Ia inork ez duen ausardiarekin azaltzen da diska osoan zehar eta drogak uztearen ondorioz bere erokeria murriztu dela pentsatzen baduzu… entzunaldi bat eman diskari!!!!

Diskoa oso egitura bitxia duen “The Big Drag” kantuarekin hasten da. Bertso guztiek iraupen ezberdina daukate. Akorde bakoitzarekin erritmoa aldatu egiten da eta baxua ez da inoiz finkatzen, denbora guztian mugitzen da. Pianoa ere ez dakizu noiz agertuko den. Horretaz gain, kantua entzungailuekin entzuten baduzu, pianoa batzutan eskuinetik eta bestetan ezkerretik aterako zaizu! Indartsu hasten da diska.

Fish In A Gun Barrel” kantuan esaldi bakoitza une desberdinean hasten da. Gaizki kantatzen ari da kantu osoan zehar, bainan bistan da, nahitara egina da. NoFX taldea bere forma garbienean! Behin ohituta, ezingo duzu beste modu batera entzun!

Your Last Resort” kantuan ondorengo esaldi hau aurkitzen dugu ‘I was battened down with minor cords. As we set sail into the dark and C# minor chord’, eta justuki une horretan aipatutako akordea jotzen du. Erokeri bat bestearen atzetik!

Eta “Linewleum” zer? Ez dut uste inork aurretik horrelako erokeriarik egin duenik. Inork ez du bere abesti ezagunenaren bertsiorik egin, akordeak, doinuak eta letrak aldatuz eta eguneratuz. Kanta “berri” hau borobiltzeko Avenged Sevenfold-eko gitarjoleen laguntza ukan dute. Zeinek ematen du gehiago?

Fat Mike-k gauza asko izatearen ospea lortu du: punk ereserkien sortzailea, enpresari ausarta (Fat Wreck Chords), aktibista politikoa (Rock Against Bush), BDSMaren ikonoa … Bainan agian guzti horrek bere benetako talentutik aldendu gaitu.

Sober” Mike-etaz fidatu gaitezke, NoFX kanpotik ager daitekeena baino askoz geruza gehiago dituen taldea dela erakutsi bai digu beste behin. Gozatu diskaz!!!!

BRIAN WARNER-EN BENETAKO IZAERA

  “Jakina, nire bizitza eta nire artea eztabaidaren iturri izan dira aspaldidanik, baina niri buruz egindako azken salaketa hauek errealitatearen distortsio izugarriak dira. Nire harreman intimoak beti adostuak izan dira pentsamolde bereko bikoteekin. Ez dio axola zergatik beste batzuek iragana gaizki irudikatzea hautatzen duten”.

Mezu honen bitartez bere bikotekide ohiak, Evan Rachel Wood aktoreak eta beste emakume batzuek salatutako sexu abusu salaketen aurka defendatzera atera da Marilyn Manson. 2016an Evan Rachel Wood-ek agerian utzi zuen iraganean bere “maitale” izandako batek bortxatu zuela. Izenik aipatu ez zuen arren, Manson izan zitekeela uste izan zen. Hala ere, aurrekoan mezu baten bidez dena argitu zuen:

“Nire bortxatzailearen izena Brian Warner da, munduan Marilyn Manson izenarekin ere ezaguna. Nerabezaroan gorteiatzen hasi zen eta izugarrizko tratu txarrak eman zizkidan urteetan. Burmuina garbitu eta manipulatu ninduen. Aski da mendeku, kalumnia edo mehatxuen beldurrez bizitzea. Hemen nago gizon arriskutsu honen aurka hitz egin eta beste alde batera begira egon den musika industriari deiadar bat egiteko. Jada isilik geratuko ez diren biktimekin nago”.

Mezu honen ondotik, emakume gehiago beraien esperientziak kontatzen zituzten mezuak argitaratzen hasi ziren. Emakumeek ez ezik, berarekin musika munduan lan egin zuten artistek ere haiek ikusitako eta bizitutako gertakariak aipatzen hasi ziren (Hala nola Limp Bizkit taldeko Wes Borland eta NIN taldeko Trent Reznor) eta hauek azaldutako gertakariek ere ez zuten Marilyn Manson leku honean uzten…

Handik gutxira Loma Vista Recordings zigiluak ohar bat argitaratu zuen artistaren azken diskoa, We Are Chaos, sustatzeari utziko ziola iragarriz. Gainera, “gertaera kezkagarri horien ondorioz, Marilyn Manson-ekin etorkizuneko proiekturik ez lantzeko” erabakia hartu zutela jakinarazi zuten. Bere kontratazio agentziak ere, CAA-k, artistarekin zituen harremanak moztu ditu; Honetaz gain Starz kateak “American Gods” telesailean abeslaria agertzen ziren eszenak desagerraraziko zituela iragarri zuen. Gauzak honela Marilyn Manson-en ibilbide artistikoa amaitutzat eman genezake.

Gertakariak nola garatzen diren ikusiko dugu bainan bere izen artistikoa Marilyn Monroe-ren izena eta Charles Manson-en deitura nahasi zituen abeslariak, badirudi hurbilago dagoela bigarren pertsonaitik lehenengo pertsonatik baino…

TAYLOR SWIFT-EN MASTERRAK

Musikan dirua lortzeko bi iturri duade: Egilearen eskubideak eta masterraren eskubideak (grabazioa). Abesti bat konposatu eta letrak idatzita egilearen eskubideak dituzu, hau da, zu zara lanaren egilea. Bainan grabazio estudiora musikari profesionalekin , ekoizleekin eta soinu teknikariekin joaten zarenean, ekoizleak grabaketa nahasi ondoren, azkenean wav fitxategi bat lortuko duzu. Fitxategi hau hala nola CD-an, irratian eta Youtube-n joanen den fitxategia da. Masterra sortu da prozesu honetan.

Abestia behin bakarrik konposatu dezakezu, bainan infinitu aldiz grabatu dezakezu. Konposizio batetik milaka grabazio egin daitezke. Grabazio bakoitza master bat da, beraz, konposizioak egileari dagozkion eskubideak ditu, bainan norena da grabazioa? Abestia estudioan grabatu duen musikari profesionalarena? Ahotsa grabatu duen abeslariarena? Zein mikrofono non joango den aukeratu duen soinu teknikariarena?

Masterra, abestia grabatu bitartean pertsona horiek lan egin ahal izateko dirua jartzen duenarena da, hau da, produktua ekoizten duen ekoiztetxearena da. Zergatik? Arriskua berak hartu duelako. Diskoan gitarra grabatu duen gitarjoleak bere grabazio orduengatik kobratuko du, bere grabazio estudioa alokatu duen pertsonak bertan pasatako orduengatik kobratuko du. Grabazioko partaide guztiek produktuak arrakasta izan edo ez kobratuko dute. Modu bermatuan dirua irabaziko ez duen bakarra diskaren ekoizlea da. Produktuak arrakasta izan ezkero kobratuko du, hala ez bada, galerak izanen ditu.

Abesti bat Spotify-en entzuten duzunean zure harpidetzatik edo iragarkietatik ateratzen den dirua, abestia idatzi duenaren eta master hori ekoizteko ordaindu duenaren artean banatzen da.

Artista askok ez dakite hori. Zergatik? Kontratua irakurri ez dutelako edota musika munduak nola funtzionatzen duen ez dakitelako, izan ere, haiek izenpetutako kontratuan dena argiki idatzita bai dago. Taylor Swift orain jabetzen ari da egile eskubideak bereak izan arren, masterrak bereak ez direla…

Zer esan nahi du honek? Masterraren jabeak kanta edozein iragarki, trailer, edo seriean ezarri dezake Taylor Swift-ek nahi izan ala ez. Artistak kobratuko du? Bai, kobratuko du, bainan ezingo du erabaki abestia non ezarri edo ez, izan ere, masterra ez bai da berea. Eta hor dago koxka…

Taylor Swift ez da bere lehen diskoen grabazioen masterren jabe, azken hiruenak baizik, eta borrokan ari da grabazio zahar horien kontrola lortzeko bere garaian Scooter Braun-ek erosi bai zituen. Hala ere Taylorrek bere kontratutan ezarritako baldintza baten ondorioz bere kantak non jarri eta non ez aukeratzeko eskubidea dauka.

Beraz Taylor Swift-ek, bere diska zaharren masterra lortzearren, Scooter Braun-en proposamen guztiak ezeztatzen egon da gisa honetara masterraren jabeak dirua irabaztea galaraziz. Gauzak honela, Scooter Braun-ek kanta zaharren katalogoak hirugarren bateri saldu zizkion bainan klausula txiki batekin. Nahiz eta masterrak saldu, oraindik berak irabazien ehuneko txiki bat irabazten jarraitzen bai du.

Egoera hau izanik Taylor Swift-ek erabaki bat hartu behar izan du. Bere abesti zaharrak iragarkietan, trailerretan eta pelikuletan agertzea baimendu, ondorioz Scooter Braun-ek ere dirua irabaziz, edota proposamen guztiak ezeztatu bainan abeslariak xentimo bakar bat ere ez ikusiz.

Aipatzen ari garen diru kopurua ez da txikia. Ideia bat egiteko, Taylor-ek Billboard-en egindako elkarrizketa batean astean dozena bat eskaera baino gehiago heltzen zitzaizkiola aitortu zuen. Lizentzia bakoitzak 10.000 euro inguru balio ditu, beraz astean 120.000 izango lirateke, hau da, urtean 6.000.000 euro…

Liskar honi aterabide bat aurkitzearren Taylor Swift-eri gauza bitxi bat bururatu zaio. Gainera, ongi atera ezkero, egoera berdinean diren beste artista askori bidea zabalduko diena. Izan ere kantaria aurreko hilabetean bere kanta zahar guztiak berriro hutsetik grabatzen hasi bai da. Banan-bana berriz ere bateria, pianoa, ahotsak, baxua… grabatu ditu. Notaz nota eta nahasketa berdin batekin. Hau da, bere diska zaharren fotokopia bat egiten ari da.

Horrelaxe konponduko du arazoa eta egia esan, bere ideia oso logikoa da, batzutan ahazten bai zaigu masterra abesti batek izan ditzakeen mila grabazioetatik bat dela. Taylor Swift-ek gisa honetara bere kantuen botere osoa lortzeaz gain bere kantu zaharrengatik 300.000.000 euro ordaindu zuten eta artistikoki oztopatzen ari zieten ekoizleei xake-mate bat egin die.

Urrezko arraultzak jartzen zituen oiloak ihes egin die…

KULTURAREN DIGITALIZAZIO@

Aurtengo Durangoko Azokak, kulturak (beste esparru guztiek bezala) bere digitalizazioa bizitzen ari dela agerian utzi digu. Pandemiak sortzaile batzuei digitalizazioaren “lanak” eginik harrapatu zituen, beste batzuei ordea, inongo presentziarik gabe.

Sareak nork bere sorkuntzak eskaintzeko erakuslehio erraldoiak bilakatu dira. Ezer ordaindu gabe eta “klik” bakar baten bidez gure sormena munduko edozein bazterretara zabaldu genezake. Hala ere, eskaintzen duguna gurea edo guk egindakoa denez, azkenean gu gara produktu bilakatzen.

Teorian sortzaile guztiak baldintza berdinetan barneratzen dira sare sozialen mundu honetara bainan artista guztiek aukera berdinak al dituzte? Gai honen harira Durangoko Azokan mahai inguru bat antolatu zen eta oso hausnarketa interesgarriak atera ziren.

Sarean dagoen desoreka ahalbidetzen duen faktoreetako bat, nola ez, dirua da. Dirua duenak irismena dauka. Sormena publikora zuzenean eta errexkiago iristeko publizitatean inbertitu beharra da. Talde guztiek publizitatean ez dituzte inbertsio kopuru berdinak egiten (batzuk zuzenean ezin dute egin). Disketxe eta zigilupeko taldeek zentzu horretan izugarrizko abantaila daukate autoekoiztutako taldeen gain. Hor hasten dira lehen desorekak…

Berdintasuna hausten duen beste faktoreetako bat denbora da. Berri bat igo, bideo bat ekoiztu, kontzertu bat zabaldu… Mila aukera ematen dituzte sare sozialek sortzaileei haien lanak sarean zabaltzeko, bainan eginkizun hauek denbora eskatzen dute. Disketxeek ekintza hauek kudeatzeko soldatapeko bat daukate. Talde “humilek” ordea, haiek kudeatu behar dituzte haien sare sozialeko ekintzak.

Azken faktoreetako bat adin-tartea da. Sarera igotako sorkuntzak produktu bilakatzen dira eta gazteak dira sareen bidez “produktu” hauek kontsumitzen dituzten laginik haundiena. Lehen irratiek eta telebistek zeukaten indarra orain sareek hartu dute. Haiek dute erabakitzen zer eta noiz kontsumitu behar den. Spotify, Youtube… Nola aurre egin munstro erraldoi hauei?

Azokan sortzaileek haien lanak aurkezteko aukera izan zuten arren agerian geratu zen mundu digitalean ere talde “aberatsak” eta “behartsuak” badirela eta zoritxarrez, hemen ere, desorekak geroz eta haundiagoak dira…

BURBUILA KONTZERTUAK

Pandemia garaietan bira bat antolatzea oso lan zaila da. Ia ezinezkoa bigarren olatu batean kokatzen badugu. Hala ere badira egoerari eutsi eta bira bat aurrera ateratzeko ideia berriekin heldu diren taldeak.

Aste honetan The Flaming Lips taldeak ‘Assassins Of Youth’ bideoa kaleratu du, American Head disko berrian jasotako abestia. Honetaz gain, diska aurkezteko Estatu Batuetatik zehar bira bat egiteko asmoa iragarri dute taldeko kideek.

Orain arte ezer berezirik ez salbu kaleratutako bideoan haien biran aurreikusitako ‘burbuila kontzertuak’ nolakoak izango diren erakutsi digutela!

Bideoa duela aste pare bat grabatu zuten Oklahoma Cityko The Criterion gelan, entsegu gisa eskaini zuten ikuskizunean. Bertan ikus dezakegu nola oholtza gaineko musikariak eta publikoa plastikozko burbuila baten barruan sartuta dauden edozein kutsadura ekiditeko.

“Gure lehentasun nagusia denak seguru egotea eta beharrezko osasun neurriak hartzea da”, esan du Wayne Coyne abeslariak. “Ahaztu egin zait zeinen zirraragarria, dibertigarria eta barregarria den The Flaming Lips-en kontzertu bat ematea! Bideoak erakusten duela uste dut! ”.

“Burbuila kontzertu” batera joateko gogorik? Jarraian gosea baretzeko ‘Assassins Of Youth’ bideoa ikus dezakezue.

ALERTA GORRIA

Irailaren 17a zuzeneko musikaren sektorea kalera irten eta haien ahotsa entzuteko eguna izan zen. Alerta Gorriaren aterkipean, hogeita hamazazpi elkarte bildu ziren sektorearen garrantzia azpimarratzeko.

Gurean Bilbo, Iruñea eta Gasteiz izan ziren mobilizazioak egin zituzten hiriak, Lan Ministerioari presioa egin eta egoera arintzearren , Ekonomia, Kultura eta Industria sailek datozen asteetan premiazko neurriak har ditzaten bultzatzeko.

Alerta Gorria nazioarteko #redalert #wemakeevents mugimenduaren parte da, zeinetan zazpi herrialdek parte hartzen duten eta irailaren 30ean (gaur) Global Day egunean batuko dira, sektorearen erreskate plana eskatzeko.

Erakundeak kaleratutako agiriak sektorearen, langileen eta enpresen aldarrikapenak barneratzen ditu. Agiria puntuz puntu irakurri beharrean, hoberena Ur handitan saioko Eñaut Gaztañaga soinu teknikariaren bizipenak entzutea, ezin baita egungo egoera sinplekiago eta argikiago azaldu.

Salbatu ditzagun zuzeneko emanaldiak!

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/7354619/bideoa-en aut-gaztanaga-soinu-teknikaria-normaltasun-berriko-erronkez/

JAIALDIRIK GABEKO UDA

Uda amaitzear da bainan musika jaildirik izan ez ditugunez izugarrizko hutsunea geratu zaigu zuzeneko musika maite dugunoi: EHZ, Azkena Rock, BBK live… Aurtengo egoera bereziagatik Euskal Herriko jaialdi guztiak ezeztatuak izan dira hurrengo urtean bueltatzeko itxaropenez.

Aurten beraz, uda oro jaialdietan bizitzen ditudan emoziak ezin izan ditut sentitu: Gaztetatik jarraitu eta zuzenean sekula ikusi ez dudan nere talde begikoaren kontzertua aurretik sentitzen dudan tripako mina. Ezagutzen ez nuen eta zuzeneko izugarri batekin aho zabalik uzten didan talde berri baten ezagutza…

Bestalde, nahiz eta jaialdien atzerapenengatik aurtengo udan momentu ez eroso aunitz bizitu ez ditudan… faltan boatzen ditut!!!! Komunetara joateko ilara amaigabeak, kontzertuetako ukondokadak, kanpinean 40 gradu eta izugarrizko burukominarekin esnatzea, ur zaporea daukan garagardo beroa…

Zentratu gaitezen hurrengo udan jaialdiak bueltatuko bai dira!!!!

GEORGE FLOYD, DONALD TRUMP eta SYSTEM OF A DOWN

Mineapoliseko poliziaren indarkeriak eragindako George Floyden erailketak izugarrizko iraultza eragin du Estatu Batuetako gizartean “Black Lives Matter” mugimenduaren sorrera bultzaraziz.

Gertatutakoaren aurrean ezinbestekoa izan da eragile ezberdinek mugimendu honekiko sustengua adieraztea eta horien artean, nola ez, musika taldeak izan dira.

Betidanik Estatu Batuetako sistema judiziala, gizarte mailakatzea, materialismoa eta kapitalismoa kritikatu duen taldeetako bat System Of a Down izan da. Erailketa aitzin, 15 urteko ixilunearen ondotik, diska berri bat grabatzear zeuden zurrumurruak baziren. Bazirudien diska ez grabatzearen arrazoiak soilik artistikoak zirela, bainan Gorge Floyden erailketak beste arrazoi batzuk azaleratu ditu…

Mineapolisen gertatutako indarkeri polizialaren harira, taldeko ahotsa den Serj Tankian izan zen lehena bere iritzia helarazten. Twiter-en bidez, Donald Trump-en aroa bukatutzat ematen zuen eta Estatu Batuetako gizarteari modu baketsuan altxatzea aldarrikatzen zuen.

Inor ez zuen harritu adierazpen hauek, izan ere Serj Tankian ezaguna bai da injustizi sozialak salatzeagatik eta zapalduei ahotsa emateagatik (Adibidez, Kataluniako galdeketaren alde agertu zen 1-Oeko Espainiako poliziaren indarkeria salatuz)

Beraz, zerk harritu gaitu istorio honetan? Ba taldeko bateria den John Dolmayanen adierazpenek. Taldeko baterijoleak ere Twiter-en bidez bere iritzia helarazi zuen, bainan kasu honetan justu taldeko ahotsaren aurkako pentsamoldeak izan ziren. Trumpek minorien alde gehien egin duen lehendakaria izan dela aipatu eta azaroako hauteskundeetan munduko zorterik onena opa zion egungo Etxe Zuriko lehendakariari.

Taldearen zaletu guztiak zur eta lur gelditu ziren azken adierazpen hauen aurrean eta Serj Tankianek ez zuen luzaz itxoin erantzuteko.

Abeslariak, betidanik letrei kasurik egin gabe edota letrekin ados egon gabe haien musika entzuten duen jendea badagoela esanez hasi zuen bere mezua, berak beti ere pentsakera ezberdinak errespetatzen dituela azpimarratuz. Hala ere zaila egiten zitzaiola haien musika entzun eta mezuarekin ados ez zeuden zaletuen bizi ikuspegia ulertzea, bidez batez “B.Y.O.B” eta “Temper” bezalako abestien hitzen esanahia oroitaraziz.

Abeslariaren azken mezu honek taldearen zaletuak bitan banatu zituen, batzuek Serj Tankian abeslariaren babesa hartuz eta beste batzuek ordea, John Dolmayan baterijolearen alde eginez.

Taldeko bi partaideek jasaten ari ziren online bidezko gorroto mezuak ikusita, Serj Tankian bera izan zen bere Twiter kontutik azken mezu bat igo zuena. Bertan, nahiz eta bi taldekideek muturreko pentsakerak zituztela onartu, taldeko baterijolea anaitzat zeukala adierazi eta ideologi politiko ezberdina izatea arazo bat izan beharrean taldearentzat zerbait aberasgarria zela aipatu zuen, gisa hortara bien arteko ika-mika moztuz.

Ez dakit zuek bainan nik System of a Down-en hurrengo diska inoiz baino urrunago ikusten dut…

COVID-19a MUSIKAN (III)

Agerikoa da Covid-19ak musika munduan izugarrizko eragina izan duela bainan musikari guztiei berdin eragin al die birusak? Egindako musika motaren arabera ondorioak larriagoak ala arinagoak izan al dira?

Talde askok haien disken kaleratze datak atzeratu dituzte. Aunitzek laster estudioan sartzeko asmoa zeukaten bainan egoerak bultzaturik orain itxaron beharko dute. Bainan egindako musika estiloak garrantzia al dauka?

Pop, hip hop, rap eta talde elektronikoek abantaila daukate rocka, punka, metala eta hardcore musika jorratzen duten taldeen gain. Zergatik? Lehen multzoan aipaturiko talde askok soilik ordenagailu eta mikrofono bat behar izaten dituzten haien konposizioak aurrera eramateko, aldiz beste musika estiloek ekipamendu osoa behar izaten dute.

Birus honek diskak grabatzeko prozesua zaildu duenez kaleratutako disken kopuruak nabarmenki beherantz egin du zuzenean musikan espezializatutako aldizkariak kolpatuz.

Aldizkari hauek formatu fisikoan banatzeko zailtasunak izateaz gain bapatean disken kaleratze kopuruak nabarmenki beherantz egitearekin topatu dira haien lana zailduz. Beraz, egoera berri honetara nola moldatu?

Adibidez, Mondo Sonoro aldizkariak banaketa arazoengatik ezin izan du kioskoekin eta bere banaketa puntuekin zeukan hitzordua mantendu, ondorioz apirileko alea kaleratu gabe geratu da. Kerrang! aldizkariak ere datozen hiru hilabeteetan, arrazoi berdinengatik, ez du ediziorik argitaratuko. Aldiz, Rockzone aldizkariak  bere aleak soilik digitalki kaleratzen dituenez banaketa arazoak sahiestu eta artista ezberdinei konfinamenduaren inguruko elkarrizketekin bete du bere hileroko alea. RockDeluxe aldizkariak bestalde ez du zorte berdina izan… 35 urteren ostean ateak betirako itxi behar izan ditu kataluniako aldizkariak.

Aldizkariak egoera berri honen aurrean “moldatu edo hil” lemapean mugitzen hasi dira haien paperezko aleak edizio digitalera pasatuz, bestenaz desagertzeko zorian bai daude. Eta musikariekin? Musikariekin berdina gertatuko da. “Moldatu edo hil” lema barneratu eta egoera honi aurre egin beharko diote, bestela talde asko bidean geldituko bai dira…