TAYLOR SWIFT-EN MASTERRAK

Musikan dirua lortzeko bi iturri duade: Egilearen eskubideak eta masterraren eskubideak (grabazioa). Abesti bat konposatu eta letrak idatzita egilearen eskubideak dituzu, hau da, zu zara lanaren egilea. Bainan grabazio estudiora musikari profesionalekin , ekoizleekin eta soinu teknikariekin joaten zarenean, ekoizleak grabaketa nahasi ondoren, azkenean wav fitxategi bat lortuko duzu. Fitxategi hau hala nola CD-an, irratian eta Youtube-n joanen den fitxategia da. Masterra sortu da prozesu honetan.

Abestia behin bakarrik konposatu dezakezu, bainan infinitu aldiz grabatu dezakezu. Konposizio batetik milaka grabazio egin daitezke. Grabazio bakoitza master bat da, beraz, konposizioak egileari dagozkion eskubideak ditu, bainan norena da grabazioa? Abestia estudioan grabatu duen musikari profesionalarena? Ahotsa grabatu duen abeslariarena? Zein mikrofono non joango den aukeratu duen soinu teknikariarena?

Masterra, abestia grabatu bitartean pertsona horiek lan egin ahal izateko dirua jartzen duenarena da, hau da, produktua ekoizten duen ekoiztetxearena da. Zergatik? Arriskua berak hartu duelako. Diskoan gitarra grabatu duen gitarjoleak bere grabazio orduengatik kobratuko du, bere grabazio estudioa alokatu duen pertsonak bertan pasatako orduengatik kobratuko du. Grabazioko partaide guztiek produktuak arrakasta izan edo ez kobratuko dute. Modu bermatuan dirua irabaziko ez duen bakarra diskaren ekoizlea da. Produktuak arrakasta izan ezkero kobratuko du, hala ez bada, galerak izanen ditu.

Abesti bat Spotify-en entzuten duzunean zure harpidetzatik edo iragarkietatik ateratzen den dirua, abestia idatzi duenaren eta master hori ekoizteko ordaindu duenaren artean banatzen da.

Artista askok ez dakite hori. Zergatik? Kontratua irakurri ez dutelako edota musika munduak nola funtzionatzen duen ez dakitelako, izan ere, haiek izenpetutako kontratuan dena argiki idatzita bai dago. Taylor Swift orain jabetzen ari da egile eskubideak bereak izan arren, masterrak bereak ez direla…

Zer esan nahi du honek? Masterraren jabeak kanta edozein iragarki, trailer, edo seriean ezarri dezake Taylor Swift-ek nahi izan ala ez. Artistak kobratuko du? Bai, kobratuko du, bainan ezingo du erabaki abestia non ezarri edo ez, izan ere, masterra ez bai da berea. Eta hor dago koxka…

Taylor Swift ez da bere lehen diskoen grabazioen masterren jabe, azken hiruenak baizik, eta borrokan ari da grabazio zahar horien kontrola lortzeko bere garaian Scooter Braun-ek erosi bai zituen. Hala ere Taylorrek bere kontratutan ezarritako baldintza baten ondorioz bere kantak non jarri eta non ez aukeratzeko eskubidea dauka.

Beraz Taylor Swift-ek, bere diska zaharren masterra lortzearren, Scooter Braun-en proposamen guztiak ezeztatzen egon da gisa honetara masterraren jabeak dirua irabaztea galaraziz. Gauzak honela, Scooter Braun-ek kanta zaharren katalogoak hirugarren bateri saldu zizkion bainan klausula txiki batekin. Nahiz eta masterrak saldu, oraindik berak irabazien ehuneko txiki bat irabazten jarraitzen bai du.

Egoera hau izanik Taylor Swift-ek erabaki bat hartu behar izan du. Bere abesti zaharrak iragarkietan, trailerretan eta pelikuletan agertzea baimendu, ondorioz Scooter Braun-ek ere dirua irabaziz, edota proposamen guztiak ezeztatu bainan abeslariak xentimo bakar bat ere ez ikusiz.

Aipatzen ari garen diru kopurua ez da txikia. Ideia bat egiteko, Taylor-ek Billboard-en egindako elkarrizketa batean astean dozena bat eskaera baino gehiago heltzen zitzaizkiola aitortu zuen. Lizentzia bakoitzak 10.000 euro inguru balio ditu, beraz astean 120.000 izango lirateke, hau da, urtean 6.000.000 euro…

Liskar honi aterabide bat aurkitzearren Taylor Swift-eri gauza bitxi bat bururatu zaio. Gainera, ongi atera ezkero, egoera berdinean diren beste artista askori bidea zabalduko diena. Izan ere kantaria aurreko hilabetean bere kanta zahar guztiak berriro hutsetik grabatzen hasi bai da. Banan-bana berriz ere bateria, pianoa, ahotsak, baxua… grabatu ditu. Notaz nota eta nahasketa berdin batekin. Hau da, bere diska zaharren fotokopia bat egiten ari da.

Horrelaxe konponduko du arazoa eta egia esan, bere ideia oso logikoa da, batzutan ahazten bai zaigu masterra abesti batek izan ditzakeen mila grabazioetatik bat dela. Taylor Swift-ek gisa honetara bere kantuen botere osoa lortzeaz gain bere kantu zaharrengatik 300.000.000 euro ordaindu zuten eta artistikoki oztopatzen ari zieten ekoizleei xake-mate bat egin die.

Urrezko arraultzak jartzen zituen oiloak ihes egin die…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude