REGGAETOIA, FEMINISMOA eta ADIERAZPEN ASKATASUNA

Aurreko astean gure inguruan eman den gertakari batek euskal gizartean hain argia den eta hain gutxi solasten den gai bat ekarri du jendartearen ahotara: Reggaetoia, feminisimoa eta adierazpen askatasuna.

Bilboko Udalak, sare sozialetan zabaldutako ekimen baten ondorioz, C. Tangana rap kantariak jaietan eman beharreko kontzertua bertan behera uztea erabaki zuen, arrazoia haren kantuek matxismoa sustatzen zutela iritzita.

 Jende askok txalotutako erabakia izan zen hau, beste batzuk ordea zalantzan jarri zuten Bilboko Udalak hartutako erabakia, gure gizartean adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida eta iritzi kontrajarriak sortuz.

Esaterako, Fermin Muguruza abeslariak “adierazpen askatasunarengatik, Bilboko jaietan C. Tanganak jo dezan musikarien elkartasunari deia” egin zion. Igor Elortza bertsolariak berriz “Adierazpen askatasunaren alde bagaude, ezin dugu adierazpen askatasunaren kontra egon” aldarrikatu zuen.

Bada jendea Reggaetoia estiloa entzutean erritmo dantzagarrian bakarrik arreta jartzen dutenak, baino noski, kantu bat erritmoa eta hitzekin osatzen da eta hor hasten dira estilo honen arazoak…

Ez naiz Reggaetoi talde ezberdinen kantuetako esaldiak idazten hasiko, musika estilo honen hitzak entzuteak ez bai dit onik egiten, bainan entzun gabe laburpen txiki bat egin dezaket: Emakumeak onura sexualeko dira, salerosteko erabilgarriak, jipoituak izatea eta zigor bat jasotzea gustatzen zaie eta mutikoak haien jabe dira. Horra laburpena.

«Abestiak baino ez dira» dioten jendea bada bainan emakumeek bizitzan pairatzen dituzten egoera errealak gogora ekarrita… Badaukate abesti hauek loturarik? Ohartzen hasi ezkero ez bai dira abesti hutsak, onartu eta zabaltzen diren mezuak baizik.

Adierazpen askatasunean sinesten dut, bainan genero gaiekin harremanduta egotean zalantzak uzten dizkit. Artista bakoitzak askatasun guztiz bere lana egin dezala eta ondotik jendeak ikusiko du ea sustengatu edo ez. Areto pribatu batean kontzertu bat eskeini eta jendea ordaintzeko prest badago, neregatik aurrera! Bainan Bilboko kontzertuaren harira… Hauek al dira diru publikoarekin zabaldu nahi ditugun mezuak? Hau al da bultzatu nahi dugun gizarte eredua? Nik ez behintzat…

POLEMIKAK SALDU EGITEN DU

Aurreko hilabetean Alemaniako Rammstein taldeak, bederatzi urteko ixilune baten ostean, bere ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratu zuen.

Gaur egungo talde haundiek egin ohi duten moduan, diska kaleratu baino hilabete batzuk lehenago beraien lehen aurrerapen kanta zabaldu egin zuten. Kasu honetan, “Deutschland” izan zen taldeak aukeratutako kanta.

Rammstein taldea beti polemikaz inguratuta bizi izan den talde bat da. Beraien bideoek, kantuen letrek  eta disken azalek beti ere erreakzio kontrajarriak eragin izan ditu musikazaleen artean eta azken bideoarekin gertatutakoa ez da gutxiagorako izan.

9 minutu irauten duen bideo baten laguntzaz argitaratu zuen taldeak beraien “Deutschland” aurrerapen kanta. Kantua Alemaniaren historiaz mintzo da eta nola ez, judutarrek pairatutako bortizkeria eta naziek burututako sarraskia ageri dira irudi hauetan. Taldekideak konzentrazio esparru batean marradun arroparekin eta soka lepoan dutela daude, hauetako batek Dabiden izarra soinean duela.

Azken irudi hauek izugarrizko sumnidura eragin zuten Alemaniako gobernuko ordezkari eta judutar komunitatearen artean. Hauen kexen artean taldeak etikoki onargarria ez den marra gorria pasatzea eta artearen adierazpen askatasunaren erabilera oker bat egitea leporatzen zioten taldeari.

Gertatutakoa gertatuta, berri hau Alemaniako telebista kate guztietan agertu zen eta sortutako polemikaren eraginez egun gutxitan taldearen aurrerapen kanta mundu guztira zabaldu zen. Batzuek marketing estrategi bat izan zela leporatzen diote taldeari, besteek berriz taldearen izaerarekin bat datorren kantu bat gehiago besterik ez.

Taldearen asmoa zein zen ez dugu sekula jakinen baina gauza segurra den bakarra polemikak kantua zabaltzen lagundu zuela da…

GAUZAK EGITEKO BESTE MODU BAT

Uda gainera heldu zaigu eta udarekin batera, lehen musika jaialdiak.  Festibal batzuk, enpresa pribatuak balitz bezela, urtetik urtera haundituz joan dira, bidean beste emankizun txikiagoko batzuk irentsiz. Hala ere bada gurean, bere nortasun eta printzipioak mantenduz, festibal erraldoi hauei aurre egin eta aitzinat egin duen jaialdi bat.

Aipatzen dizuedan jaialdi hau erakunde pribatuekiko independientea eta aberaste perspektibarik gabea da. Adibide gisa, hemen ez duzue sistemaren aurkako kanturik eta mezurik entzungo, eszenatokiaren bi aldetara banketxe baten irudi erraldoi bat ageri den bitartean.

3 egun irauten duen emanaldi honetan ere ez dituzue zifra erraldoietan mugitzen diren kanpoko musikaririk aurkituko, eta izan ezean, festibalaren nortasunarekin eta printzipioekin bat egiten duten taldeak  dira. Hemen, euskarazko  taldeek daukate pisua (aurtengo edizioan inoiz baino gehiago gainera) jaialdiak euskararen normalizazioa eta hedapena bai du helburu.

Antolatutako ekitaldiei begira, musikaz baino haratago doa. Dantza, antzerki, tindu, bideo, argazki, bertsolaritza, kirola zein literatura bezalako ekintza ezberdinak aurkituko dituzue, beti ere herri-kultur eta kontra-kultur ikuspegia landuz.

Jaialdi hau ere ez da kontsumora mugatzen. Konzientziazioa eta gogoeta propioak garatzea du helburu, horretarako hainbat hitzaldi eta tailer aurkitu ditzakezue zeinetan feminismoa, antikapitalismoa, ekologia,  sexu askatasuna, justizia soziala, internazionalismoa, aniztasun kulturala eta bazterkerien aurkako gaiak lantzen diren

 Hemen ere ez dituzue kanpoko marka eta produktu komertzialik aurkituko, inguruko ekoizpenek bai daukate pisua. Bertako laborarien eta nekazarien produktuak aurkituko dituzu nonnahi, beti ere ekologikoak.

Beste festibaletan ez bezela, hemen ere ez dituzue kontraturik gabeko eta gaizki ordaindutako langilerik aurkituko. Jaialdi hau herrikoia da, auzolanean oinarritua, herritik herriarentzat egina. Harreman sozialak garatzea du helburu, gurutzatzeko ohiturarik ez duten jende elkartuz, elkarrekin besta eta lana eginez.

Jaialdi hau EHZ da eta aurten ekainaren 28,29 eta 30an ospatuko da Irisarrin (Behe Nafarroa). Oraindik garaiz zaudete planak aldatu eta bertara gerturatzeko, ikusle zein laguntzaile gisa. Esperientzi ahaztezina zinez.!

AURRERA EHZ!!!!

https://www.ehz.eus/eu

PUNKAREN KONTRAESANAK

La Polla Records. Aurkezpenik behar al du? Hain goraipatuta daukagun 80. hamarkadan hasi zuen ibilbidea taldeak. Beraien soinu, jarrera eta mezuekin  RRVeko aitzindarietako bat izan ziren haien gizarte kritika eta mezu antikapitalistekin. Euskal punkaren ikurra ez bada, ikurretako bat. 40 urte egin berri ditu Aguraingo punk taldeak eta hain borobila den zenbaki hau ospatzeko Espainian eta Hego Amerikan 12 kontzertu eskeiniko ditu datozen hilabeteetan, kantu zaharrak biltzen dituen diska berri batekin batera.

Biraren promozioa egin asmoz Evaristo Páramos abeslaria aurreko astean La Resistencia programara joan zen. Hasierako galderei berarengan ohikoa den naturaltsaunez erantzun ostean, beti ere sahiestezina den galdera luzatu zion aurkezleak gonbidatuari, “zenbat diru daukazu?” Galdera deserosoa punk izar batentzat. Udaletxeko zergak eta asegurua berriki ordaindu zituela erranez hasi zuen erantzuna Evaristok, ondotik, mundu guztiak espero genuen baino kopuru txikiagoko bat emateko. Aurkezlea, emandako kopuruarekin harrituta, taldearen disken salmentak eta emandako kontzertu guztiak gogorarazi zizkion, baina abeslariak bere horretan jarraitu zuen.

Momentu deseroso hark hainbat galdera planteatzera behartu ninduen, izan ere punk mundua eta segurtasun ekonomikoa kontzeptu antagonikoak baitira. Punk abeslari batek ezin al du segurtasun ekonomikorik eduki? Derrigortuta al dago hilabete bukaerara justu iristera? Diruz larri ez ibiltzeak, sinesgarritasuna galduarazten al dio punk munduan? Betiko kontraesanak…

Programa honetako aurkezlea ixiltzen ez den horietako bat denez, berriz ere abeslariari 12 kontzertuetako bira eta diska berriaren kaleratzea gogorarazi zion, biraren ostean handik edo hemendik nahi ta nahiez zerbait ukanen zuela aipatuz. Evaristok azkenean, gaia bukatutzat ematearren “bira amaituta, galdetu berriro” batekin erantzun zion.

Neri egia esateko berdin zait Evaristok daukan diru kopurua, eta aunitz baldin badauka ba burua altxa dezala, bere hitzetan aipatzen dituen bankariek eta politikariek ez bezala, berak izerdiarekin eta duintasun guztiarekin lortu baitu irabazitako guztia. Punkaren betiko kontraesanetan erori arren, nere aldetik errespetu guztiak musika mundu zail honetan 40 urte bete dituen euskal punk taldeari. Zorionak La Polla!!!!