04. Musika aditzen ez duten gazteak

Rafa Ruedaren Hiri kristalezkoa diskoaren azala, Malen Amenabarrek egina. Entzuteko.


Aurreko postari jarraiki gaur egungo egoera musikalari buruz idazten jarraituko dut. Aurrekoan musikak gurean duen prekaritateari buruz aritu nintzen eta kanta berriak ezagutzeko bideak zein diren azaltzen saiatu nintzen ondoren.

Denbora pixka bat pasa den arren gaiari buruzko gogoetak irakurtzen jarraitu dut handik eta hemendik.

Azkenekoa Berria.eus egunkariak argitaratu duen Mikel Lizarraldek Rafa Ruedari egindako elkarrizketa izan da. Irakurtzea gomendatzen dizuet bihotzez.

Bertan agertzen diren gogoeta batzuk jarri eta nere iritziarekin zabaltzen saiatuko naiz.


“Diskoetxe baten zigiluarekin kaleratzen diren disko asko ere autoekoizpenak izaten dira.”

Musikaren industria urteetan enpresa diskografikoek kontrolatu zuten, garai haietan album bat argitaratu nahi bazen beraien eskuetatik pasa behar zen nahitaez. Haiek zituzten diska bat grabatzeko bitarteko guztiak, garestiak zirenak eta negozioa ondo ezagutzen zuten. Ondorioz argitaratzen zena eta ez zena kontrolpean zegoen.

Gainera diskoetxe batek zure musika argitaratu izanak estatus berezia ematen zion artistari, garrantzitsu sentiarazten zuen.

Gaur egun musika grabatzeko teknologia asko merketu denez edozeinek graba ditzake nahi dituen kantak.  Hau da autoekoizpena. Honek ez du esan nahi ezagutza teknikoak behar ez direnik grabazioa txukuna atera dadin.

Horretaz gain Internetari esker “erraz” zabaldu daiteke musika, eta doan jarri daiteke entzungai gainera.

Guzti honek eskaintzen den musika kantitatea asko igo du, eta musikatik atera zitezkeen irabaziak (musika entzuleen dirua) artista gehiagoren artean banatzen da.

Beraz, diskoetxeek iada ezagunak diren artistei argitaratzen diete musika gaur; enpresak baitira, ez dira aberatsak, ezta mezenasak ezta filantropoak ere.

Enpresak dira, labore sozial-kulturala egiten dutenak baina enpresak finean.

Enpresentzat inbertsioa ahalik eta txikiena bada hobe. Ondorioz autoekoizpenak diren diskoei beren zigilua jarriz argitalpena besteen alboan nabarmentzea lortzen dute. Komunikabide klasikoek garrantzi handia ematen baitie zigiluari oraindik.

Aurreko urteko euskal musikaren uzta badok.eus atarian bildu dute duela gutxi. Bertan 2017ko 166 disketatik 90 dira egilea editore edo autoekoizpenak. Baina 90 horri artistak ekoitzitako eta argitaletxeak argitaratutako diskak gehitu beharko genizkioke, baita taldeek sortutako argitaletxeen bidez egindakoak euren diskoak argitaratzeko zigilu bat izateko.

Beraz, gaur egun argitaratzen den musika ia osoa autoekoizpena dela esatera ausartuko nintzake.


“35-40 urtetik gorako jendeak kontsumitzen du musika. Pentsa, nik gitarra eskolak ematen dizkiet gazteei, eta ikusten dut ez dutela musikarik entzuten. Eta, gustuko kantu bat ekartzeko eskatuz gero, ez dakite esaten nola aurkitu duten, nola iritsi zaien hori belarrietara. Amnesia kasu itzela da, eta oso orokortua dago. Gaur egun, rock kontzertuak orain dela 30 urte musika klasikoa zenaren parekoak dira.”

Nik ere klaseak ematen ditut eta gazteek ez dakite zer entzuten duten ere. Hala ere hau ez dut uste gazteek bakarrik egiten dutenik. Ohitu gara musika berria deskubritzera irrati  edo telebista bidez, sudurpuntan (hobe esanda belarrizuloan) jartzen zaiguna ezagutzen dugu bakarrik, esfortzurik egin gabe. “Singelak” soilik, diskografia osoak entzutea oso gauza arraroa da gaur egun.

Ezagutarazte honetan irratietan aritzen direnek botere handia dute.

Zer interesekin? Zein jendek aukeratzen du guztiok ikasiko duguna?

Hainbeste autoekoizpen egotearen arrazoietako bat musikak duen zuzeneko publiko falta litzateke ere. Eta publikoa falta bada pentsa kontsumitzaileak, musika erosten dutenak.

Durangoko azokara joan eta edozein gaztek duen pagarekin erosi bertan dauden 4 disko baina gehiago. Ez da posible.


“Glaukoma bezalako talde batek kontzertu batera bere tribua eraman dezake. Baina zer tribu izan dezaket nik? 45 urterekin? Ez daukat triburik! Eta, horrela, kontzertuen kontua oso endogamikoa bihurtzen da. Beti berberak gara kontzertuetan. Klub batekoak ematen dugu.

Ez dut masa handirik mugitzen, baina esango nuke beste batzuek ere nabaritzen dutela hori. Gaur egungo gazteekin sekulako arrakala ikusten dut. Musikariok ez dugu asmatu eskaintzen dugun hori haientzat erakargarri egiten.

Bai, Glaukoma, Gatibu… eramaten dituzte gazteak, baina ez pentsa asko direnik! Orain gazteak reggaetoiarekin daude. Eta pentsa zer den ondorioztatzea orain arte gazteei lotutako kultura bat zaharren kultura bat dela gaur egun! Sekulako kolpea da.”

Oso pesimista iruditu zait Rafa hemen, adinagatik triburik ez duela esanez.

Masa handiak mugitzea zaila da mugitzeko prest ez dagoen masa bat soilik dagoenean.

Nola sortu daiteke musikari buruzko zaletasuna eta interesa? Musikari konplikazioa kenduz, sinpleago bihurtzeare poderioz erakargarri eginez?

Telebistan arte guztiei buruzko programak behar ditugu, sakon aztertzen dituztenak egiten diren obra guztiak, gu guztiok hezitzeko eta ondoren etorriko da kontzertuetara joateko gogoa. Hezkuntza ofiziala ez da inoiz erakargarria izan, derrigortua izan da. Telebista eta irrati ofizialetan gutxienez kultura ikastea zergatik ez? Hori bai dela zerbitzu publikoa.

Gainera kontzertuetara publikoa joango balitz diskoak asko merketuko edo oparitu ahalko zirela pentsatzen dut.

Kalitatea Youtubeko bisitetan neurtzen duen gizarteak merezi duen fast food musika du. Azken urteetako joera musikal famatuak Reggaetoia, Trapa, Popa… etab. apreziatzeko, ikasteko ez dute inongo esfortzurik behar, sinpletasuna eta kopia goraipatzen dira bertan, erraz ikusi eta entzuten dira, esfortzurik gabe. Baina berriro diot: hau heziketa artistikoaren falta dugulako dela horrela. Obra landuago eta konplexuagoak apreziatzeko ezagutzak falta zaizkigu, horregatik dago gaur egun lau katu aditudun elitea bakarrik kontzertuetaz gozatzen.


“Eta zergatik gertatu da hori?

Gauza asko izan daitezke, baina, adibidez, musika ez da sartu hezkuntza sisteman, literatura sartu den moduan. Eskolan bertan, 13-14 urteko edozein gaztek jakin dezake zein den Harkaitz Cano. Baina askok ez dakite zein den Ruper Ordorika! Literaturak ez du musikak bezainbeste jende mugitu, baina, hala ere, musikan arrakala handi bat dago. Are gehiago, gazteei ez zaizikie interesatzen popa eta rocka. Zilegitasun osoa dute, e! Baina kezkatzen nau gazteek kultura nola bizi duten. Edo zer garrantzi ematen dioten. Uste dut hor arazo handia dugula.”

Guztiz ados, gaur egun (berriro diot ez dudala uste gazteak bakarrik garenik) jendarte osoak “ez du denborarik” dirua irabazteaz haratago. Ez da musika entzuten, ezta libururik irakurtzen (euskarazko literaturan zer esanik ez, ikusi bideoan Ander Iturriotz), antzerkia ikustera nor doa? Eskultura eta pintura esposizioetara?

Azken urteko zenbat obra artistiko ezagutzen dira (jakitea beste kontu bat litzateke) telebista edo irratian agertu direnetaz aparte?


“Ni komunikabideetan asko agertzen naiz, baina gero hori ez da orekatzen kontzertuetara doan jende kopuruarekin. Bitxia da hori, eta izugarrizko eskizofrenia sorrarazten dizu. Ikasi behar duzu laudorioak oso ondo neurtzen.

Horrekin bizitzen jakin behar da. Nik musika dut ogibide, eta badakit errealitatea zein den. Eta badakit hogei zerrendatan agertzeak ez duela esan nahi bestelako oihartzuna izango duzunik. Diskoak egitea, beste lantxo batzuk ere bai, eta erdi bizitzea… hori niretzat sekulakoa da. Hori hogei urte barru ez da posible izango. Eta pribilegiatua naiz, nahi dudanaz bizi naizelako.”

Ikusiko dugu.


 

Kategoria Sailkatu gabea egilea .
Beñat Antxustegi

Honi buruz: Beñat Antxustegi

Beñat Antxustegi Goikoetxeta naiz, Donostiarra, 1989an jaioa, musika egiten dut txemak, physis versus nomos eta bi zaldi taldeetan batez ere, musika grabatzea gustoko dut, musika entzutea maite dut, orain arte gaztezuloko kritikaria izan naiz eta oraingoan kritika ezkutuak gomendioetan sartzera dedikatuko naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude