Etiketaren artxiboa: SuperCopaEndesa

Euskal zazpi talde Espainiar Estatuko goi mailako saskibaloiko txapelketetan

Gero eta gehiago dira goi mailako saskibaloian aritzen diren euskal taldeak, eta ez nola nahi ere! Azken denboraldietan sailkapenaren erdialdetik gorako postuetan mantentzen ari dira talde hauek, aurrekontu eta baliabide handiagoak dituzten taldeei duin aurre eginez.

Emakumezkoen saskibaloi profesionalean bi txapelketa (LF Endesa eta LF2) daude Espainiar Estatuan eta bertan, Hego Euskal Herriko 7 talde ibiliko dira lehiatzen.

LF Endesako lehen postuak euskal taldeen erronka
Lointek Gernika Bizkaia (Gernika) da azken denboraldietan emaitza onenak lortu dituenak eta egin dituzten fitxaketekin, taldea indartu eta maila altuagoan lehiatzeko moduan egongo dira aurten. Naiara Diez eta Itziar Ariztimuñoren taldeari, Rosó Buch Rossel, Paula Ginzo eta Nadia Colhado batu dira, besteak beste.

Gernikako taldeari jarraiki eta maila berdinean lehiatuko dira aurten ere Kutxabank Araski (Gasteiz) eta IDK Euskotren (Donostia).

Anna Cruz Lebrato katalana eta Tamara Abalde Diaz galegoak Maria Asurmendi, Laura Quevedo eta Cristina Molinuevo Garciarekin batera ibiliko dira aurtengo denboraldian Gasteizko taldean. Nazioartean azken urteak ibili ondoren, Liga Femeninara bueltan da Anna Cruz.

Azu Muguruzak (IDK Euskotreneko entrenatzailea) aurreko denboraldiaren taldea ia bere osotasunean mantenduko du, azken urteetan emaitza onak eman dituena eta tartean Ane Esnal Aguirre eta Maria Erauncetamurgil Ayestaran dituena.

LF1ra igotzeko txartelaren bila
Osés Contrución Ardoi (Zizur Nagusia), Azkoitia Azpeitia ISB (Azkoitia), DFKO Ibaizabal (Galdakao) eta HGB Ausarta Barakaldo EST (Barakaldo) dira LF Endesara igotzeko txartela lortzeko helburuarekin LF2 txapelketan lehiatuko direnak.

Egoera dela eta, denboraldia amaitu zen bezala, talde nafarrak ezin izan zuen saskibaloiaren maila gorenera igotzeko aukerarik izan, urte osoan zehar joko eta emaitza paregabeak lortu arren.

Lointek Gernika Euskal Kopako garaile
Normalitate berriak norgehiagokak bertan behera uztea ekarriko ditu, tartean koronabirus kasuak egonagatik. Gasteizko taldeak ezin izan zuen Euskal Kopa lehiatu koronabirusa dela eta. Horrek IDK Euskotren zuzenean finalera eraman zuen. Hala ere, ezin izan zuen Gernikako taldearen aurka. 43-50ko markagailuarekin iritsi ziren Euskal Koparen amaierara eta Naiara Diez gidatzen duen taldeak jaso zuen txapeldunen kopa.

Gernikarrak Super Copako ezustekoa
Erran ohi da final bat etxean jokatzea bezalakorik ez dagoela, eta horren adibide da Espainiako Super Copan ikusi zena. Oker ez banago, lehenengo aldia izan da emakumezkoen saskibaloiko txapelketa eta, oro har norgehiagoka bat, Miribillan jokatu dela.

Lointek Gernika Bizkaia (Gernika), Perfumerías Avenida (Salamanca), Spar Uni Girona (Girona) eta Valencia B.C. (Valentzia), aurreko denboraldian lehengo lau postuetan geratu ziren taldeak, goi mailako maila erakutsi zuten Bilbon.

Oso gutxik espero zuten Gernikak Valentzia garaitu izana (talde honen aurrekontua, ligako altuenetakoa da eta aurten esperientzia handiko jokalariz indartu dute taldea) eta Mario Lopezen taldea Perfumerias Avenidaren aurka lehiatu zen finalean. Oso oso final lehiatua izan bazen ere, asko nabarmendu zen Salamankakoek final eta tankerako partidu berezietan duten esperientzia, gernikarrak 50-66 garaituz.