Etiketaren artxiboa: Mamen Hidalgo

Antsietatea ere kirolarien egunerokotasunean presente

Kirolari baten egunerokotasuna bere gorputza zaintzean datza: entrenamenduak, dieta, atseden denbora… Baina, non geratzen da eremu psikologikoaren lanketa? Izan konpetizioaren presioarengatik, izan arazo pertsonalengatik, gero eta gehiago dira arazo psikologikoak dituztela adierazi dituzten kirolariak.

Antsietatea askoren egunerokotasunean [ni barne] gero eta presente dagoen gaitza da. Askok Koronabirusaren ondorioz ezagutu badute ere, pentsatu baino orokotuago dago. Antsietatea estres egoera baten aurrean pertsona batek duen erreakzio multzoa da: urduritasuna, egonezina edota erreakzio fisikoak (goragalea, buruko-mina edota palpitazioak, besteak beste).

Pasa den maiatzaren 27an saskibaloi zaleek harriturik irakurri genuen eguneko albistea: “Marta Xargayk saskibaloia utziko du tarte batez, gai pertsonalak tarteko”. Ezer ez da jakin orduko, baina Instagramen kirolaria jarraitzen dugunok bere bikotearekin batera ikusiteko aukera izan dugu,  WNBAko MVPa izendatu berri duten Breanna Stewart handia, alegia.

Urriaren bukaeran Mamen Hidalgo kazetariak Xargayri egindako elkarrizketa argitaratu zuen Newtralen. Bertan ordura arte kirolariak ixildutakoa argi eta garbi azaldu zuen Gironakoak.

Ez dakit noizbait kontatu dizuedan, gaztetatik gaur egun bitarte, momentuan maila gorenean jokatzen dabiltzan askorekin eta askoren aurka lehiatzeko aukera izan dut eta horregatik, Marta Xargayren (Girona, 1990) kasua gertutik eragin dit. Izan daiteke ere antsietatearekin lehiatzen ibiltzen naizelako maiz.

Denen ahotan egon zen Xargayren kantxen urruntzea, baita nire taldeko whatsappean ere. “Lasaitua hartu nuen erretiratzean eta nire azken etapan gertatutakoa kontatzean”, adierazi zuen kirolari katalanak.

Kirolari askok bezala, nerabe zela saskibaloiaren aldeko apustua egin zuen: “Nire lehentasuna egunero bikoitza entrenatzea zen, astebururo lau partida jokatzea bi partida jokatu beharrean. Ez nintzen lagunekin ateratzen, ez nintzen festetara joaten. Dena ematen nuen saskibaloian aritzeko. Ez duzu [profesional izateko] aukera ikusten, baina nik beste inork baino ilusio handiagoa nuen“.

 

“Jokalari lehiakorra izan behar nuen Europako erreferentziazko klub batean, eta esperientzia oso gogorra izan zen“, azaldu zuen Xargayk Pragako taldean emandako urteen inguruan hitz egiterakoan. Presioak bete-betean eragin zion Gironakoari, izan ere, ez zuen saskibaloiaz gozatzen eta zenbat eta estuago egon orduan eta okerrago jokatzen zuen, atera ezin zitekeen gurpil ero batean sartu zelarik.

Denbora batez kantxetatik urrunduko zela adierazi zuenean, jendeak bera epaitzen hasi zen: “Dena neukala eta nire erabakia ulertzen ez zutela esanez idazten zidaten. Instagramen ikusten dutena baino ez dakite, lan bat eta bizitza ideal bat. Baina ez zen horrela. Nik beste gauza batzuk nahi nituen. Non dago idatzita 29 urterekin ezin zarela erretiratu?”.

Marta Xargay gertutik ezagutu nahi baduzue, Mamen Hidalgok egindako elkarrizketa osoa irakurtzea gomendatzen dizuet.

Agian, irakurle, hemen kontatutako guztia harrigarria iruditiko zaizu, baina nik 14 urte nituenetik astero hiru egunetan nire taldearekin entrenamendua nuen ordubete eta erdiz eta asteburuan bi partidu, bate nire taldearekin eta, bestea, zaharragokoekin. Horretaz gain asteburuero Nafarroako selekzioarekin entrenamenduak izan ohi genituen. 16-17 urterekin 1. Nazional mailan lehiatzen zen taldearekin entrenatu eta jokatzen nuen eta baita nire taldearekin ere. 19 urterekin saskibaloia utzi nuen, erreta bukatu nuelako taldearen giroarekin eta hainbat entrenatzaile zein taldekiderekin. 2017an kantxetara bueltatu nintzen eta hainbeste maite dudan kirolaz gozatzeko aukera izan dut berriz ere.

Beraz, norbait epaitu aurretik saiatu bere tokian jartzen, enpatia ariketa bat egiten ze ez dakigu zer nolako motxila duen gainean.

Zaindu zuen gorputza baina baita zuen burua ere eta laguntza behar baduzu eskatu, arazorik gabe, fisiora joaten garen bezala joan behar dugulako askotan psikologora.