Etiketaren artxiboa: Kontxako Bandera

Kontxako banderan ere arrosak nagusi?

Euskotren Liga irabazi berri dute Pasai Donibaneko arraunlariek. Batelerak bezala ezagunak dira, bere garaian Pasai San Pedrotik, Pasai Donibanerako ur bitarteko ontzi bidea egiten zutenen omenez. Arrosa koloreak damola, ez da gauza berria [nire taldearen ekipazioa arrosa eta beltza da!].

Txiki-txikitatik familiarekin Orion udak ematearen emaitza izan da arraunaren inguruko miresmena. Noski, futbolean Athletikzalea banaiz [honi, nahi baduzue, beste batean helduko diogu], arraunean oriotarra naiz [nola erraten da Orioko taldearen zalea? utzi iruzkinetan mesedez!]. Hondartza ostean, espigoian zehar edo herriko kaian jezarri eta trainerua pasatzen ikusteak biziki gustatzen zaidan gauza da. Eta ez niri bakarrik, hor ibiltzen zen [orain ez nago seguru] Benito Lertxundi oriotarren entrenamendua ikusten. Beno, ba Orioko taldeak nesken taldea osatu zuenean [2010 urtean oker ez banago] ez dakizue zelako ilusioa egin zidan!

Iraileko lehenego bi igandetan lehiatzen dira [gizonezkoetan zihur nago honetaz, baina emakumeetan ez nago guztiz ziur]  bandera preziatuena lortzeko bidean. Egundoko giroa izaten da egon horietan Donostian, kaia eta alde zaharra kolore ezberdinek janzten dutela: horia, gorria, berdea, arrosa, urdina…

Urteak igaro ahala gero eta maila altuagoa sumatzen da bai ligan (Euskotren Liga zein Gipuzkoana/ ETE ligan), nola Kontxako Banderaren lehian. Dagoeneko Donibaneko Batelerak liga irabazi badute ere, bandera preziatuena oraindik nork irabaziko duen erabakitzeke dago.

Orain arte Euskotren Liga zen emakume arraunlarien liga ofizial bakarra, Liga Gipuzcoana delakoa baldin bazegoen ere. Hori dela eta, aurtengo denboraldia hasi aurretik elkartu eta Euskotren Ligarekin batera beste txapleketa ofizial bat sortzea erabaki zuten: Emakumeen Traineru Elkartea liga (ETE). Hori horrela, ekainean, denboraldia hasi aurretik, Euskotren Ligan lehiatuko zirenak kanporaketa baten bidez erabaki zen. Kanporaketa honetara Euskotren Ligan lehiatu nahi duen talde orok izena eman dezake, beti ere txapelketaren oinarriak betetzen dituenean.

Hemen dituzue Euskotren Ligan zein ETEn parte hartu duten taldeak sailkapenaren arabera:

  • Batelerak (Pasai Donibane). Arrosa koloreagatik identifikatu ditzakezue. Kontxako Bandera lau aldiz irabazi dute (azkenekoa aurreko urtean) eta 2014 urtetik Emakumezkoen Traineru Ligako garaileak dira.
  • Orio (Orio). Kolore horiarengatik identifikatu ditzakezue oriotarrak. Aurten Batelerak oso gertutik jarraitu dituzte eta Kontxako Bandera irabazteko aukera handiak izan ditzaketela errango nuke. Aupa Orio!
  • Donostia Arraun Lagunak (Donostia). Aurretik saiakeraren bat egon bazen ere, 2015a arte ez zuten emakumezko talderik osatzea lortu. Zuria eta urdina dira haien koloreak.
  • Hondarribia (Hondarribia). Ama Guadalupekoa da euren traineruaren izena eta kolore berdearengatik desberdindu ditzakezue. 2005ean sortu zen emakumezkoen taldea.
  • Donostiarra (Donostia). Hauen kolorea ere zuria eta urdina dira eta 2017an ureratu zuten Torrekua (traineruaren izena) lehengo aldiz.
  • Deustu (Deustu). 2016an Bizkaiko hainbat arraunlari batu eta talde gipuzkoarrekin lehiatu ziren lehengo aldiz. Kolore gorriarengatik desberdindu ditzakezue.
  • Kaiku (Sestao). Sestaoko emakumeek aurten izan dute Bizkaitarra ureratzeko lehengo aukera. Berdea da euren kolorea.
  • Hibaika (Errenteria). Beltza, gorria eta txuria dituzte talde kolore bezala. 2012a izan zen emakumezkoen trainerua osatu zuten lehengo urtea.
  • Cabo da Cruz (Boiro). 2015ean Hondarribin jokatu zen lehenengo emakumezkoen traineru estropadako garaile izan ziren arren, 2014 urtera arte ez zuten emakume taldea osatzea lortu.
  • Tolosaldea (Tolosa). 2008an sortu zuten emakumezko taldea eta 2009tik 2017ra bitarte Getariako taldearekin batera ibili dira. 2018an berriz taldea osatu dute Tolosaldea izenpean, Zarautzekoekin ituna sinatu ostean. Euren kolorea urdina da.
  • Hernani (Hernani). 2015ean ureratu zuten lehengo aldiz trainerua Hernaniko emakumeek. Berdea, txuria eta gorria dituzte kolore.
  • Lea-Artibai (Ondarru, Lekeitio eta Elantxobe). 2017an sortu zuten taldea eta euren koloreak txuria, beltza eta urdin argia dira. Talde gaztea bada ere, denboraldian zehar markak hobetzen joan dira.

Kontxako bandera denboralditik kanpo dagoen txapelketa bada ere, bandera preziatuenetarikoa da bai arraunlari zein zaleentzat. Kontxako banderaren lehia abuztuaren 30ean hasiko da kanporaketarekin. Sailkatutakoak irailaren lehenengo eta bigarren igandean itsasoratuko dira Kontxako Bandera irabazteko helburuarekin.

Beraz, badakizue, iraileko lehengo bi igandeak [bereziki bigarrena jejejje] ongi gorde eta hurbildu zaitezte Donostira, neskak animatu eta primeran pasatzera!