Bukatu berri den denboraldia biziki garrantzitsua izan da kirolarentzat. Emakume kirolariak gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari dira, kemenarekin eta ilusioarekin beren jarduna lehenengo lerroetara eramanez.
Aurtengoan lortutako lorpenen zerrenda luzea da eta horietako asko blog honetan bildu ditugu: zelai eta kantxa garrantzitsuak goraino betetzea, Realaren Kopa, Super Amara Bera Berak irabazitako kopa, saskibaloiko euskal taldeen emaitza ezin hobeak bai lehengo maila zein bigarren mailan…
Izugarria iruditu zait Real – Athletic derbia zuzenean bizitzea. Ezin dut azaldu, athletikzalea izanda, zelako zirrararekin bizi izan nuen Osasunaren azken partida, ohorezko mailara igotzeko txartela galdu zuen horretan. Ezin dut azaldu talde gorritxoaren zelaiko harmailetan ikusi eta sumatu nuena!
Aurtengo denboraldi garrantzitsu honen ostean borrokatzen eta lanean jarraitu beharko dute kirolariek, taldeek, klubek.. eta baita zaletuok ere. Orain artean egindakoari eutsi eta berdin jarraitu, lanean, elkartasuna oinarri berdintasunaren alde borrokatuz.
Hala ere, dena ez da hain polita. Hasieran erran dugun bezala, emakume kirolariak gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari dira beren urteetako lana eta borrokari esker. Baina, dagoeneko, badago emakumezkoen futbolak sortutako interesaz ohartu eta horri errentagarritasuna atera nahi dionik.
Ainhoa U. Larrabasterrek GARA egunkarian primeran azaldu zuen moduan, Espainiako Futbol Federazioak txapelketa berri bat sortzea proposatu zuen eta Federazio horretako Asanblada Orokorrak berretsi liga berria hasteko lau hilabete falta zirenean. Athletic eta F.C. Barcelona izan ezik gainerak klubek osatzen duten Emakumezko Futbolaren Kluben Elkartea kontra agertu da hasieratik. Erabakia hartzeko orduan taldeak kontuan hartu ez izana edota Federazioak datorren hiru denboraldietarako retransmisio baimenak salgai jarri izanak, besteak beste, hautsak harrotu ditu. Zein txapelketa izango da orain nagusia: Federazioak proposatutako hau edo Iberdrola Liga? Zeinetan lehiatuko dira euskal taldeak?
Hori gutxi ez balitz, futbolariei bete betean eragiten dien beste gai bat dago mahai gainean: hitzarmen kolektiboa. Asko dira oraindik goi mailetan lehiatu eta kontraturik ez duten jokalariak.
Maiatzaren 4an Lehenego Mailako taldeetako jokalariek komunikatu bat plazaratu zuten hitzarmen kolektiboare negoziazioaren egoera salatzeko eta egoera berdin jarraituz gero denboraldi berriari begira neurriak hartuko direla publiko egiteko.
Maiatzaren 22an hitzarmen kolektiboaren negoaziazio mahaiaren bilera burutu zen eta horren ostean, Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE gazteleraz) negoziazioa blokeatuta daudela adierazi zuen. Jokalarien elkarteak blokeo egoerarekin apurtzeko proposamenak egin baditu ere, ez du egoera hobetzerik lortu. Honen aurrean, futbolariak euren erabakian tinko jarraituko dutela jakinarazi dute, beren eskubide eta interesen alde egiteko neurriak hartuko dituztela.
IZUGARRIA izan da aurtengo denboraldia bai, baina, ikusten duzuenez, izugarri dago oraindik egiteke. Futbolariak ez dira hitzarmen kolektiboaren alde lanean eta borrokan ari diren kirolari bakarrak: saskibaloi, eskubaloi eta beste hainbeste kiroletako jokalariak ere horretan dabiltza.
Aurreko batean idazten nuenez: hau ez dago gelditzerik! Ez zelaian, ezta zelaitik kanpo ere!
Pingback: Emakume futbolariak grebara joan izana ulertzeko bost gako | Kontra-Kantxa