Oihana Aldai: “Futbolak lagun pila bat, taldekide asko eta momentu on asko eman dizkit”

Ekaineko alean Oihana Aldairi egin nion elkarrizketaren zatitxo bat irakurtzeko aukera izan duzue eta hemen elkarrizketaren gainerako galdera-erantzunak irakurtzeko aukera duzue. Beraz, badakizue: lehenego Gaztezuloren ekaineko alean dagoen elkarrizketa irakurri eta segituan hauxe (edo alderantziz nahiago baduzue!).

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot Oihanari tartetxo bat egin eta nirekin luze eta zabal hitz egiten ibiltzeagatik.

Hemen topatuko duzuen elkarrizketa maiatzaren 5ean egin zen eta beraz hainbat gauza aldatu dira: liga amaitutzat eman dute eta Oihanak dagoeneko ez du Pozoblanco taldean jarraituko datorren denboraldian.

Hau guztia kontatu ondoren, hementxe duzue Oihana Aldai futbol jokalaria gertuagotik ezagutzeko aukera. Gozatu!

Hasteko, uste dut garrantzitsua dela elkarrizketatua ezagutzea. Baliteke zu ezagutzen ez zaituen norbaitek elkarrizketa irakurtzea edo ikustea. Beraz, azalduiguzu pixka bat nor den Oihana Aldai?

Oihana Aldai 28 urteko neska bat da eta futbolaria da. Atezaina naiz, beti goi-mailan aritu naiz eta aurten 2. Mailan nabil. Horretaz gain, erizaina ere banaiz eta batzuetan, posible dudanean, bi lanbide hauek uztartzen ditut.

Goi mailako kirolariek 24 orduz lan egiten duzuela esan ohi da: zuen gorputza zaindu, jaten duzuena kontrolatu, entrenatu eta atsedenari garrantzia eman behar diozue. Nolakoa da goi mailako kirolari baten egun bat?

Esan duzun moduan gu 24 orduz gara kirolariak eta atsedena oso garrantzitsua da gero gure entrenamenduetan zein partiduetan errendimendua onena izateko. Gure elikadura ere asko zaindu behar dugu, ze gure elikadurak gure egunerokotasunean, entrenamendu saioetan gure onena ematea ekarriko duelako eta baita, partiduan gure maila altuenean egoteko.

Nik aurten lau aldiz entrenatu izan dut. Adibidez, azken hilabetean Pozoblancon egon naizenean bizitzen, bestelako lanik enuenez, bakarrik kirolera dedikatzeko aukera izan dut. Goizean esnatu eta gosaltzen nuen eta arratsaldeetan entrenatzen nuenez, goizetan paseoan joateko probesten nuen. Gertatzen dena da gure zelai orduetan ez duela ematen dena lantzeko denborarik eta hori dela eta lantzen ez genuena nik goizean nire kabuz landu izan ditut.

Eguraldi ona egiten badu paseoan joaten naiz, asko gustatzen zaidan gauza da ibiltzea, eta denbora nuenez ba aprobetxatu egiten nuen. Gero bazkaldu eta entrenatzeko ordua heldu bitarte lasai egoten nintzen. Entrenatzera joan eta horren ostean afaldu eta telebista aurrean denbora gutxi ematen nuen deskantsatzera joateko.

Eta orain koronabirusaren kontu guzti honekin?

Ba lo egiten saiatzen, ze egia da askok ere eduki izanen dutela lo arazoak edo, ez gaudelako etxean egotera ohituta eta azken finean, gure bizitza osoa aldatu da eta hori dela eta askori loa aldatu zaiela ni tartean.

Behin lanean hasi nintzela eta errutinan murgilduta, goizez lan egiten nuenean seiak inguruan esnatzen nintzen eta lanera zortzietan sartu arren, lehenago egon behar ginen eguneko partea jasotzeko. Zortzietatik hiruretara lan egiten nuen, etxera bueltatu, bazkaldu eta apur bat deskantsatzen saiatzen nintzen entrenatzen jarri aurretik. Entrenatu eta berriz lasaitasunera bueltatu, afaldu eta lotara ze hhurrengo egunean goiz altxatu behar nintzen.

Arratsaldez lan egiten nuenean, goizean apur bat beranduago jeikitzen nintzen eta entrenamendua lasai bazkaldu eta lanera lasai joateko moduan antolatzen nuen. Gaueko hamarretan irteten nintzen handik, etxera etorri eta afaltzen duzula, hor bai luzatzen zela pixka bat eguna.

Lanera joan behar ez nintzenean, goizez entrenatzen nuen hala egitea gustatzen zaidalako eta gero, baserri batean bizi naizenez, zortea dut kanpora irteteko, eta bestela etxean lagundu edo etxekoekin egoteko aprobetxatzen nuen.

Instagramen jarraitzen dizugunok janariarekin gozatzen duzula ikusi dezakegu. Nolakoa da zure elikadura edo dieta?

Nik ez dut sekula gaizki jan, baina goi mailan zaudenean konturatzen zara dena lotuta dagoela, ligak gero eta maila altuagoa duela eta badakizu hainbat gauza daudela zaindu behar direnak goian egon nahi baldin baduzu.

Orain dela bi urte edo hasi nintzen elikadura guztiz aldatzen, ohitura berriak hartzen. Egia da, azken urtean nire elikadura hobetu dela: barazki pila bat jaten dut asko gustatzen zaidalako, tostadak gosaldu urdaiazpiko apur batekin, denetik.. Elikadura orekatua azken finean.

Nolakoa da Oihana Aldai enamoratuta uzteko bazkari edo afari ideala?

Hori oso erreza izango zen, jatea asko gustatzen zaidalako. Orduan, berdin zait zer, dena gustatzen zaidalako. Alde horretatik janariarekin ni enamoratzea nahi duenak oso erraza dauka.

Baina beno, egia da ni oso goxozalea naiz betidanik. Noizbehinka jateko aukera badut ere, goxoa den hori modu edo bertsio fitago batean egin. Horretaz gain, entsaladak asko gustatzen zaizkit, entsalada lover hutsa naiz.

Beraz, edozer gauzekin ni konforme.

Eta zer ez da egon behar afari horretan gorroto handia diozulako?

Ba.. beitu, gorroto gorroto ez, baina da gauza bat ez zaidana gustatzen eta askok gustoko dutena eta esaten didate: “baina zelan ezin zaizu gustatu!”. SUSHIA.

Sushia da gauza bat ez diodala harrapatu bere puntua. Gustatzea nahi dudan gauza bat da, baina ez dut lortu. Aspaldi ez dudala jan eta nago zain, ea baten batek eramaten nauen. Hemendik erronka proposatzen dut ea norbaitek sushia jatera eramaten nauen!

Futbolera bueltatuz, orain Pozoalbense taldean zabiltza urte hasieratik. Nola daramazu ipar-hego aldaketa?

Ni Eibarren nengoen jolasten, ez nengoen gustora. Ez nengoen ondo eta aldaketa baten beharra nuen. Momentu horretan heldu zitzaidan aukera hori eta esan nuen “zergatik ez?”.

Hasieran beldur apur bat eman zidan ze punta batetik bestera nindoan. Hasieratik taldekideekin oso gustora egon nintzen, jendearekin ere gustora egon naiz eta egia da oso ongi etorri zaidala aldaketa hori. Bertan ongi banago ere, askotan faltan botatzen dut Euskal Herrian egotea, baina egia esan espero baino hobetu ohitu naizela.

Ez da lehenengo aldia etxetik kanpo nagoela, baina bai da lehenengo aldia hain urrun nagoela, baina oso ongi nago egia esan.

Esan dugun bezala orain Pozoalbense taldeko jokalaria zara eta aurretik beste hainbat talde eta lekutan ibilia zara. Egia da erraten dutena, etxean bezala ez garela inon egongo?

Beno, ez dakit zer esan. Egia esan etxean oso gustora nago, azkenean, baserrian bizitzean askatasun handiagoa dudala eta han egonda asko botatzen dudala faltan ingurua eta Euskal Herria.

Egia da ere etxetik kanpo denbora luzez bizitzean zure ohiturak hartzen dituzu eta etxera bueltatzen zarenean berriro euren ohituretara, ordutegietara moldatu behar zara.

Etxean ondo egoten da noizean behin etortzeko eta oso gustora egoten da.

Hainbeste taldeetatik pasa ondoren, zein da gogoratzen duzun momentu honena?

Dudarik gabe, aurreko urtean erreginaren kopa irabazi genuena. Momentu bat hartu behar badut, logikoki momentu hori aukeratuko nuke: hartuko nuke egun hori eta ondorengo ospakizunekin.

Erreginaren kopa: nola bizitzen da horrelako txapelketa bat barrutik?

Kasualidadea aurreko urtean erreginaren koparen formatua aldatu zela, lehenago liga dena jokatzen zen eta hau amaitzean kopa jokatzen zen.

Formatu berri honek bere xarma zuen ze partidu eta entrenamendu guztietara badakizu zertara zoazen. Baina, egia da, kopako partiduko aste horiek beste modu batean bizitzen zela: partidu hori dago eta ez dago gehiago. Ligan, aldiz, edozein tokatu ahal zaizu eta ongi edo gaizki atera daiteke, beti irabazi nahi duzun arren, hurrengo jardunaldian hobetu dezakezu. Kopan ez eta horregatik desberdin bizitzen zen.

Entrenamenduetan bai igartzen zela beste txispa bat, batez ere semifinalera heldu ginenean. Semifinalaren zozketa taldeko guztiek batera zuzenean ikusi genuen eta azkenean etxean eta talde a priori errazagoa tokatu zitzaigun. Guretzako izugarrizko albistea izan zen, oso pozik hartu genuena. Horregatik partidua super ongi prestatu genuen, gainera Realak Anoetan berriz jolasteko aukera eman zigun eta Anoeta bete egin zen.

Azkenean, finalerako pase hori jendez gainezka eta animatzen dagoen Anoeta batean lortzea izugarria izan zen. Inoiz ez genuen pentsatu horrela lortuko genuela finalerako pasea lortzea. Partida horretatik finalera bitarte hilabeteak pasatu ziren. Badakizu hor finala dagoela, baina bneo, partidu guztiak, ligakoak baziren ere, finalera begira prestatzen genituen.

Aste hori oso oso berezia izan zen, lehenengo aldia zen final bat jokatzen genuela eta igartzen zen berezia zela denentzat. Gainera dokumental bat grabatzen ibili ziren.

Prestaketa astea eta finalaren ondorengo astea, ospakizunena, izan ziren inoiz ahaztuko ez ditudan bi aste.

Nolakoa gogoratzen duzu partidu horretako azken joko-minutuak?

Gola sartu genuenean eta orain gola ikusten dudanean oilo ipurdia jartzen zait, gogoratzearekin bakarrik oilo ipurdia jartzen zait. Egia da azken minutuetan sufritu behar izan genuela, asko, baina jakin genuen sufritzen. Bankiloan denak animatzen egon ginen, zelaian zeudenak bultzatzen; ez geunden bakarrik zelaiko hamaika jokalariak jokatzen, bankiloan geunden guztiak ere jolasten geundela. Tentsio piloa izan zen ze hor geneukan eta finala pitatu zutenean eromena izan zen. Izugarria izan zen, ezin da hitzekin azaldu zer sentitzen zen momentu horretan.

Nola baloratzen duzu Realean eman zenuen denboraldia?

Gogorra izan zen, azkenean ez nuen ia jokatu. Atezainak izanda denboraldi hasieratik badakigu aukera handiago edo gutxiago izango ditugula. Ni banekien zertara nindoan Realera, banekien gogorra izango zela Realak maila handia daukalako eta exijentzia maila ere altuagoa delako. Niri hori gustatzen zait eta horregatik aukeratu nuen Realera joatea. Bestela, beste jarrera bat izango zen “ni hemen eroso nago eta lasai nago”.

Hasieran, pretenporadan egia da kostatu zitzaidala exijentzia mailara iristea aurreko urtean izan nuen entrenatzeko modua desberdina zelako. Azkenean, pilak apur bat ipini eta segituan sartu nintzen dinamikan.

Asko disfrutatu nuen ze profesionaltasunaren bidea zein den ikusi nuen eta entrenamendu aldetik ere oso gustora ibiltzen nintzen. Batez ere entrenamendu espezifikoetan, atezainen entrenamenduetan oso gustora egoten nintzen. Ander, atezainen entrenatzailea, aurretik ezagutzen nuen eta egia esan oso gustora egon nintzen. Urte desberdina izan zen, baina urte guztiak dira desberdinak.

Bukatzen denean baloratu behar duzu urtea eta gauza onekin geratzen zara, horrek ere aurrera egitea laguntzen dizu. Urte oso polita izan zen eta urtea bukatu genuen bezala bukatzean, ezin duzu ezer gehiago eskatu.

Beraz, Realekoa izanda, ametsa izan zen?

Bai, txikitatik Realekoa izan naiz eta bertara iristea, beste modu batean sentitzen da guztia. Horrek ez du esan nahi orain beste taldeetan zaudenean, logikamente, talde hori defenditzen ez duzunik; baina klaro, berezia eta gustiz desberdina izan zen.

Noiz jakin zenuen futboleko jokalaria izan nahi zenuela? Zergatik aukeratu zenuen kirol hau?

Txikitan, ez dakit zenbat urte izango nituen. Gogoratzen naiz orduan Athletic-ek taldea zuela eta noizean behin ETB1ek partiduak ematen zituela. Nik partiduak ikusten nituen eta esaten nuen: “nik horiek bezalakoa izan nahi dut, hor jolastu nahi dut, euran moduan”.

Beste kiroletan aritua banintzen ere, DBHra pasatu nintzenean Amari esan nion futbolera apuntatu behar nintzela.

Zer suposatzen du futbolak zuretzako? Zer eman dizu? Eta zer kendu?

Futbola niretzat dena da. Futbola asko gustatzen zait, pila bat disfrutatzen dudalako. Talde kirol bat da eta jendea ezagutzeko aukera ematen dizu. Futbolak eman dizkit lagun pila bat eta hori da niretzat beste familia, beste koadrila bat: nik daukat nire betiko koadrila eta gero ditut nire futboleko lagunak, futboleko koadrila.

Exijitzea gustatzen zait eta hemen exijentzia maila altua dago: izugarri disfrutatzen dut futbolarekin. Azkenean, horrek pila bat betetzen nau eta orain goi mailan egoteko aukera dudala, disfrutatzeko exijentzia puntu horrekin asko gustatzen zait.

Futbolak lagun pila bat, taldekide asko eta momentu on asko eman dizkit. Hamasei urterekin Realak deitu ninduen eta han egon nintzen entrenamenduak egiten, garai horretan oso zaila zena. Asko bidaiatu dut futbolari esker, gero lekuak ezagutzeko denbora asko ez badugu ere… Futbolak bizitzeko beste modu bat eskaini dit nik aukeratu dudalako ere.

Kontrara, zer kendu didan? Ba azken finean, egun asko kendu dizkit, asteburu asko. Azken finean asteburuan duzu partidua eta skotan asteburu guztia kanpoan ematen duzu. Nire betiko lagunekin denbora kendu dit edo oporren garaian nire lagunen oporrekin kointziditzeko arazoak.. Igual eurak doaz denak batera norabaitera eta nik ez dut aukera hori azken momenturarte ez dakidalako noiz izango ditudan oporrak, adibidez gabonetan.

Azkenean nik aukeratutako gauza bat da eta momentu honetan nahiago dut futbolaz disfrutatu eta lagunak beti hor daudenez, momentu batean edo bestean beti elkartzen gara.

Noizbait uztekotan egon zara?

Bai, azken urtetan apur bat pentsatzen momentua dela futbola uzteko, ze oso sakrifikatua da eta ekonomikoki ez duenez asko ematen, ez duzu babes ekonomikorik.

Pentsatu izan dut orain 18 urte izango banitu oso gustora egongo nintzela, baina dagoenoko ez ditut 18, ditut 28 eta noski, iristen da puntu bat zure etorkizunarekin zer gertatuko den pentsatzen hasi behar zara; azken finean, ezin gara honetatik bizi. Beti dago hor duda hori, adinak aurrera egiten duelako eta ekonomikoki ez duelako ematen.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna futbolari bezala? Eta erizaintza non geratzen da?

Ez dakit, koronabirusaren kontuarekin liga eten egin denez, ez dakigu zer gertatuko den datorren urtean, zer ekarriko duen kontu guzti honek. Nik uste dut orain dela momentua goi mailako kirolaz disfrutatzeko, lehenengo edo bigarren mailan. Niri jarraitzea gustatuko litzaidake urte bat edo bi behintzat, niretzako orain delako momentua disfrutatzeko. Orain uzten badut, hemendik bi urtetara arte ezingo naizela bueltatu, ze egongo zara herriko taldean edo, baina ez duzu goi mailan aritzeko aukera hori berriz izango. Orduan, hori baloratzen hasten naiz eta aukera on bat irteten bada, agian beste urte batez edo bitaz disfrutatu dezaket.

Euskal Herrira bueltatuta, azken urteotan euskal taldeek indarra hartzen ari dira lehenengo mailan zein bigarrenean. Nola ikusten dituzu? Etorkizuna dauka euskal futbolak?

Emakumezkoen kirola goraka doa eta egia da Euskal Herrian maila nahiko altua dagoela. Euskal Herrian gauzak ongi egiten ari da futbolaren inguruan, bereziki Bizkaian eta Gizpuzkoan maila nahiko altua izan da beti talde gehiago goi mailan egon direlako, baina egia da oraintxe Euskal Herrian oso talde potenteak daudela. Oraintxe Euskal Herriko gizonezko goi mailako futbol txapelketetan taldeak dituzten klubek ere nesken taldeak dituzte eta maila oso altuan. Horretaz gain, badaude goian egon diren taldeak, agian ez daudenak goiko mailetan baina mantentzen direnak. Horrek azkenean aukera ematen die jokalariei bertan geratzeko.

Bai, euskal futbolak etorkizuna dauka. Hainbat taldetan egon naizenez, Euskal Herrian dugun maila konparatzeko aukera izan dut eta argi dago maila oso altua dela eta etorkizuna duela. Pozten nau ikustea nola, atzera begira gauzak egon diren moduan, orain horrela egotea. Azken finean talde asko egon dira adibidez Añorga eta Oiartzun, beti izan direla maila handiko taldeak eta ikusten duzu nola hor jarraitzen duten beste talde askorekin batera.

PD: galdera sorpresa (Galdera honen erantzuna ikusi nahi baduzue, elkarrizketaren grabazioa ikusi beharko duzue! Jejeje)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude