Blokeo mentala bidailagun min izan dugu askok aste hauetan zehar
Liburu bat hartu berri, eta berrogei orrietara laga. Hautsez betetako aldizkari bat berrirakurtzen saiatu, eta titularretik ezin pasa. Metraje erdian utzitako film bat berreskuratu, eta klimaxera ailegatu baino lehen lo geratu.
Ongi etorri konfinamenduaren seigarren astera (seigarren, zifra altu bat idaztearren, zehazki ez dakidalako zenbatgarrenean gauden). Bi hilabete gazteagoa nintzeko prokrastinatzeko gaitasuna erabat galdu dut, okerrerako. Ez dut honekin esan nahi egoera latza bizitzen ari naizenik. Ezta gutxiagorik ere. Egia esan, inoiz baino lasaiago bizi naiz egun hauetan. Ez dut lan egin beharrik eta etxeko eginkizunetaz gain zeregin zehatzik ez dut.
Burua, burbuina edo neuronak erabat desesperatu zaizkit ordea. Errutina guztiz lautu da. Laua bilakatu da egunerokotasuna. Denboraren linealtasuna inoiz baino bisualagoa da orain, eta horrek ez dit onik egiten. Orduak agertu eta desagertu egiten dira, minutuak istante bilakatu daitezke eta hamabostaldiak besterik gabe luzatu eta iragazten ari dira.
Aholku asko entzun ditut alarma egoera ezarri zutenetik: egutegi txukun bat osatu, ordutegia ondo sailkatu, kirola egin, pantailetatik noizean behin aldendu… Aholkuen porrusalda bat osatu eta etxe barruko bizimodua nire erara antolatzeari ekin nion lehenenego astean. Baina puntu batera ailegatu naiz non nahasmena egonkortzen hasi den. Ez dut ozenki inoiz esaten, baina fondoan, badakit atzerakontu batean ari den erloju elektroniko memorial bat daukadala, ea noiz askatuko. Atzerakontu faltsua.
Badakigu gero etorriko dena ez dela bizimodu normala izango eta traba eta muga askorekin aurkituko garela kalean. Etorkizuneko begirada desegonkor honek nahasmen eta ezinegon handia sortzen du nire buruan. Ez dakit biharko egunean norantza ahalko ditudan pausuak eman. Ziurgabetasun honekin indoor errutina jarraitzea geroz eta irrealagoa egiten ari zait. Ea kirola edo mendira joateko aukera izaten dugun datozen egunetan, gure gorputzek eta buruek ziur eskertuko dutela biharko errutina berria administratzeko.
@estomba_m
Eguneko tema –> Fleetwood Mac, The Chain