Aspaldiko partez berritu nuen lehengoan aurrez irakurritako liburu batetan oinarritutako pelikula bat zineman ikusitakoan sentitzen den kilima hori. Zentro komertzial batetako zinema sala batean izan zen, Zaindari ikusezina filmaren estreinaldiak baztango bailarara garraiatu ninduenean. Bizipen berezia da. Ikusle soil bat baino zerbait gehiago zarela dirudi, guztiz partehartzaile bihurtzen zaitu. Saga handietako irakurleei entzun izan diet idatzizkoaren aldean filmak erdizka uzten dituela. Ez da nire kasua. Irudimenari gehiago nahiz gutxiago hurreratu, izugarri maite ditut gustuko eleberrietako pertsonaiak begibistan datzan ipintzen dizkidaten filmak. Hona hemen euskal literaturan azken urteetan argitaratu eta pantaila handian ikusi ahal izan ditugun ale batzuk:
BAZTANGO TRILOGIA. Zaindari ikusezina (Erein, 2013). Hezurren ondarea (Erein, 2013). Ekaitzari eskaintza (Erein, 2014). Idazlea: Dolores Redondo.
Filma: El guardián invisible (2017). Zuzendaria: Fernando González Molina. Generoa: Thrillerra.
Amaia Salazar inspektoreari esleitu diote Baztango bailaran azkenaldian gertatu diren erailketak ikertzea. Elizondoko alaba izaki, umetako mamuak berpiztuko zaizkio lan kontuengatik familiaren etxera itzulitakoan. Hori horrela, edozerekin aurrera egiteko gai den poliziaren oskolaren atzean, ama izan nahi duen emakumea, bikotekideari eskaini nahi liokeen guztia emateko gai ez den maitalea, baztertua izan zen haurra, pertsonaren hauskortasuna… ezagutuko ditugu. Filmean nahiz hiru liburu marduletan oilo ipurdia jartzeko moduko tentsioa lortzen da, Baztango parajeetako euri, lokatz eta goroldio artean.
AMAREN ESKUAK (Elkar, 2006). Idazlea: Karmele jaio.
Filma: Amaren eskuak (2013). Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Generoa: Drama.
Nerea ingeles batekin ezkondua da, eta alaba txiki baten ama. Bere bizi erritmo frenetikoaren barruan, talka handia izan da ama ospitaleratu dutela jakitea. Pixkanaka zahartzen ari zen amaren osasunean orain arte esku hartu ez izanak kulparen zama ipintzen dio bizkarrean. Ospitaleko ohe aldamenean pasatako denboran bere amari aurrez aurre begiratuko dio eta berau emakume gisa ikustea ahalbidetuko dioten zenbait gauza ulertuko ditu. Alboan izango du amaren ahizpa, gaixotasunaren berri izanda Alemaniatik etorri berria. Emakumeon intimitatearen argazkia lortzen du Karmele Jaiok, familia bereko zenbait belaunaldi bilduta.
SP-RAKO TRANBIA (Elkar, 2001). Idazlea: Unai Elorriaga.
Filma: Un poco de chocolate (2008). Zuzendaria: Aitzol Aramaio. Generoa: Drama.
Unai Elorriagaren lehen eleberria izan zen. Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen 2002. urtean. Egitura berezia du SPrako tranbiak, narrazio lineal bat izan ordez, Maria, Lucas, Roma eta Marcosi buruzko testu solteak (sarri eurek idatziak) txirikordatuz osatzen da. Hala, lau pertsonaia bitxiak eta euren arteko harreman are bitxiagoak ezagutzera iritsiko da irakurlea.
Filmean sinpleagoa da hariari jarraitzea. Adinean aurrera, Lucasi burua arintzen ari zaio eta Maria arrebaren etxean bizi da. Marcos, kalean musika joz bizi den gaztea, etxean sartuko zaie okupa, baina hori ez da arazo izango bi zaharrentzat. Hitz gutxitan asko esanez, xamurtasun handiko harremana sortuko da euren artean. Artez eta kolorez gainezka dagoen filma da, zahartzaroaren ukitu grisa beti presente egon arren.
KUTSIDAZU BIDEA IXABEL (Alberdania, 1994). KUTSIDAZU BERRIZ, IXABEL (Alberdania, 2006). Idazlea: Joxean Sagastizabal
Antzezlana: Kutsidazu bidea Ixabel (2003). Telesaila: Kutsidazu bidea ixabel (ETB1, 2006).
Filma: Kutsidazu bidea Ixabel (2006). Zuzendariak: Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo. Generoa: Komedia.
Juan Martin hiriko euskaldunberria Tolosako baserri batera euskara ikastera doaneko pasadizoak kontatzen dira umorezkoa kontakizun honetan. Hasiera batean lekuz kanpo sentituko da gaztea. Laster hasiko da ordea, euskara ikasten eta hizkuntzaz haraindi, euskaldunon bizimodua konprenitzen. Filma bera ere garaiko euskal gizarteak bizi zituen zenbait egoeraren ispilu da: erromeriak, euskaltegiak iheslariak, baserri giroa… Erreza da edozein euskaldunentzat bere burua bertan islatuta ikustea.
OBABAKOAK (Erein, 1988). Idazlea: Bernardo Atxaga.
Filma: Obaba (2005). Zuzendaria: Montxo Armendariz. Generoa: Drama.
Euskal literaturako libururik ezagunenetariko bat izan liteke. 1989an Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen eta argitaratuz geroztik 25 hizkuntza ezberdinetara itzulia izan da. Euskal Herriko edozein herriska izan liteke Obaba. Liburuan landa munduan girotutako zenbait ipuin biltzen dira, errealismo magikoaren ukituarekin.
Filmean Obabara bere bideo kamera hartuta iristen den erreportari gazte batek argazki zahar batetan ageri diren biztanleen istorioak berreskuratzeko lana hartuko du. Obabaren magiaz eta sorginkeriaz mozkortuko da ia konturatu gabe, bere hezetasunean eta argilunetan galtzeko arriskuarekin jolastuz.