Hileko artxiboak: uztaila 2017

EA: POESIAREN HERRIA.

Uztaileko bigarrena izan ohi da Ean poesiaren asteburua. Ziur naiz asko garela noizpait handik bueltan zerbait bereziaren parte izanaren sentsazioarekin bueltatu garenak, kultura modu kolektiboan gozatzearen plazera esperimentatu dugunak (literaturarekin gutxitan gertatzen den bezala). Derrigorrezko zita behar luke izan esperientzia berriak dastatu nahi dituen kultur-jalearentzat. Asun Landa eta Ane Muniozguren, antolakuntzako lan-taldeko bi kideen kolaborazioari esker, Eako Poesia Egunen backstagean sartuko dugu muturra gaur, ekitaldi herrikoi honen muinean dagoena gertuagotik ezagutzeko, Uztailearen 14etik 16ra ospatuko den aurtengo edizioaren atari-atarian.

Nola hasi zen dena…

EAko poesia egunak 2004an egin ziren lehen aldiz, Gabriel Aresti Herriko Seme Kutun izendatzeko ekitaldiaren baitan. Gabriel Aresti poetak (Bilbo 1933-1975) azken garaia Ean pasatu zuen eta poema ederrak idatzi zituen Eako herrian eta herriarentzat: Enaden begiak, Eako koplak… Hortik aurrera earrek Arestiren etxEA egiten jarraitu dute, urtez urteko zitan poesiari presentziaz herriko kaleak pintatuz.

Poesia Egunen izana.

Literaturaz, kulturaz, sormenaz, berbaren bitartez gozatzeko aukera piztea du xede poesia asteburuak Asun Landa Eako alaba eta Poesia Egunen talde antolatzaileko beteranoaren hitzetan. “Nire aitaren etxea defendituko dut: Ea da aitaren etxearen sinboloa, Euskal Herri erasotua, abandonatua… bere hizkuntza galtzeko zorian dagoen Euskal Herria. Abertzaletasuna eta herritarren eskubideak defenditu zituen Arestik eta hori hartu dugu sinbolotzat egun horietarako”.

Poesia egunak bidea eginez sortu direla dirudi, modu natural eta dinamikoan. Landaren hitzetan badira bide horretan finkatu diren zenbait ezaugarri gaur egun Poesia egunen zutabe direnak:

“Poesiaeren erakusleiho izatea: Poesia gutxietsia dagoen generoa dela uste dugu, hala ere, gure bizitzaren momentu inportanteenetan poesia dago… Sentimenduak… Errealitatearen deskribapenak… Adierazteko orduan. Bakoitzak bere poesia aukeratu behar du. Urte osoan argitaratu duten poetak gonbidatzen ditugu Eara, euren poema batzuk irakurtzera, musikaz zein irudiz lagunduta.

Espazio naturalen erabilera: Itsas ertzeko herria da Ea eta udaz baliatuz, bertan jartzen ditugu eszenatoki naturaletan giro berezia sortzen da: intimoa izaten da, kanpoan izan arren…

 

Emakumeen presentzia eta partehartzea: Urtez urte kanpoko poetak gonbidatu ditugu eta ahalegindu gara emakumeak gonbidatzen. Horrez gain, egia da emakume asko eta aportazio ikaragarriak egin dituztenak, izaten ditugula gure artean.

Esperimentaziorako joera: Beti saiatzen gara berritzaileen diren proiektuak ekartzen. Sortzaile berriei lekua ematen, poesia beste generoekin eta beste arte mota batzuekin nahasten dutenen aldeko apustua egiten dugu urtero.

Euskal Herri osoko sortzaileen partehartzea: Guretzat inportantea da, euskara guztiak eta Euskal Herriak bertan izatea: Iparraldetik urtero izaten dira gonbidatuak, nafarrak bertako lagunak egin dira dagoeneko.

Interbentzio artistikoak egun horrietan Ean: Literatura izan arren arte nagusia, hainbat artista plastikoren interbentzioa izaten dugu. Iaz Jose Angel Lasa eskultoreak bere obra Horizonte urdina izenekoa erakutsi zigun Ean.“

Poesia Asteburua Eako herriarentzat.

Ane Muniozguren antolakuntzako kide gaztearen hitzetan, “Eako herria Euskal Herri osora zabaltzen eta ezagutarazten dute Poesia Egunek. Bestalde, bertakoentzat, batez ere antolatzaileentzat, aberastasun handia ematen dute. (…) Herritar asko egoten da inplikatuta antolakuntzan, batez ere egun horietan. Auzo-lanaren, edo herri-lanaren beste adibide bat da.”

“Gure kultura ezagutarazi eta ezagutza horrekin gozatzea da gure helburua” dio Landak. “Uste dugu kolonizazio handia sufritzen dugula eta zentzu guztietan diot, hau da: pentsamendu kritikoaren kolonizazioa, euskararen galera izugarria, kultura elitearentzat bakarrik nahi dutenen kontra gaude gu. Guk ere eskubidea dugu gure kulturaz gozatzeko eta gainera euskaraz egiten den kultura, gaur egunekoa, kosmopolita, bizi bizia eta mundu osokoaren parekoa. Askotan lotzen da euskaraz egiten den kultura, kirol tradizionalekin edota folklorearekin bakarrik eta ez da hori bakarrik. Euskaraz hainbat sortzen da, modu oso desberdinetan eta hori erakusten dugu urtero Poesia Egunetan. “

Eara aurrenekoz hurbiltzen denak…

Literaturaz, arteaz, naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko aukera aurkituko duela dio Muniozgurenek, “eta batez ere, gauza asko komunean dituen jendearekin egoteko parada, esperientziak konpartitzeko, ideiak garatzeko eta ondo pasatzeko aukera izango du.”

  

Landaren hitzetan “ekitaldi batetik bestera giro magikoa sortzen da jendearen artean, modu horizontalean sortzen direlako harremanak sortzaile eta herritarren artean… Ideia berriak eta zaharrak, denak partekatzen dira bi kale eta bi auzoko herritxo honetan. Errezitaldi musikatuak, antzerkia, dantza… denetarik aparteko giroan eta dohain, denontzat eskuragarri. 

Aurtengo edizioari dagokionez…

Muniozgurenek aurreratu digunaren arabera, “arteak inoiz baino presentzia handiagoa izango du. Irudiak eta ilustrazioak. Beraz, zentzumen guztien gozamenerako edizioa izango dugu aurten. Musika eta antzerkiak ere urteroko presentzia izango dute, noski. Norberak egiten du berezi egun hauetan pasatzen dena, beraz denoi etortzeko gonbita luzatzen dizuegu.”

  

Landak eransten du: “Bat-bateko marrazkiak zein aurretik egindakoak erakutsiko dizkigute. Antzerkia eta dantza garaikideko ikuskuzunak ere izango ditugu.” Aurten “protagonismoa partehartzaileak dauka, gure kulturaren kontsumitzaile eta partehartzailea izatera datorrenak. Gure sorkuntzaz gozatzea posiblea da! Frogatu ezazu zuk zeuk!”

Aurtengo Egitaraua.

Poesia egunetako aldizkaria. HARRIKADIE 2017.

Informazio guztia: http://www.eakopoesiaegunak.eus